Eva Ferreira errektoregaiaren taldeak Ana Rodriguez Larrad izendatu du Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren alorreko errektoreordea izateko hautagai, ohar batean jakinarazi duenez.
Rodriguezek Guillermo Quindosen tokia hartuko du Ferreiraren taldean, azken honen dimisioa eta gero. Izan ere, Quindos errektoreordea hautagaitzatik baztertu zuten, Joxerramon Bengoetxearen taldeari eraso egiteko X sare sozialean profil faltsu bat zabaldu zuela eta handik irain egiten ziela deskubritu ostean.
Ana Rodriguez Gasteizen jaio zen 1974an, Fisioterapian diplomaduna eta graduatua da, eta Osasun Publikoan eta Medikuntza Prebentiboan Doktorea EHUn. Egun Fisiologia Saileko irakasle-agregatua da Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.
Bere ibilbide profesionalean bai arlo publikoan zein pribatuan egin du lan, besteak beste Arrasateko Aita Menni zentroko Kalte Zerebraleko Unitatean, edota Nafarroako Ospitale Guneko Ubarmin klinikan, azken honetan fisioterapeuta plaza finkoa lortuta.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle gisa aritu ostean, 2012tik aurrera EHUn hasi zen lanean, jardun osoan. Bertan Fisioterapiako Gradua eta zenbait masterretan ematen ditu eskolak.
Ageing On ikerketa taldeko kidea da Rodriguez eta populazio zaurgarrien osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko tresnen garapenean aritzen da.
Bere ibilbide zientifikoari dagokionez, hainbat proiektutan parte hartu du erakunde publiko zein pribatuekin, eta nazioarteko aldizkarietan 50 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, bi liburuz gain.