Kazetaria / Periodista

Behe Ganberan ere errepublikanoak nagusi direnez, Donald Trumpek eskuak libre ditu

Errepublikanoek Ordezkarien Ganberan duten gehiengoa ziurtatu dute. Presidentetza irabazita eta Senatua ere demokratei «kendu» eta gero, Beheko Ganberaren kontrolak botere itzela emango dio Trumpi, bere programa oztopo handirik gabe gauzatzeko.

Matt Gaetz, Washingtongo Hyatt Regency Capitol Hill-era heltzen, asteazkenean.
Matt Gaetz, Washingtongo Hyatt Regency Capitol Hill-era heltzen, asteazkenean. (Ken NISHIMURA | AFP)

Mendebaldeko estatuak izan ohi dira zenbaketetan hainbat egun eman ohi dutenak, eta oraindik ere ez da amaitu zenbaketa dozena erdi inguruan. Baina dagoeneko errepublikanoek lortu dituzte 218 eserleku (435 ditu Ordezkarien Ganberak). Honenbestez, Mike Johnson Ganberako buruak beste bi urtez gutxienez speaker lanetan jarraitzea ia bermatuta dauka. Bozketa ofiziala urtarrilaren 3an izango da, baina astearteko bileran errepublikanoek aho batez babestu zutela diote bertan egondakoek.

Azken eserlekuak banatzea falta da, baina errepublikanoek 2022an eskuratu zuten Ordezkarien Ganbera izan da, orain arte, aldaketa gutxien ikusi duena. 218ra iritsitakoan, aulki bakar bat irabazi zieten errepublikanoek demokratei. Baliteke besteren bat ere eskuratzea, baina gehiengoak orain artekoa bezain estua izateko itxura guztia dauka. Uneotan 221-214 da banaketa, errepublikanoen alde.

Testuingurua erabat aldatu da, hori bai. Joe Bidenen agintaldiko azken bi urteetan izandako gehiengo txikiak demokratei egindako kaltea baino handiagoa izan da errepublikanoek barrura begira egindakoa. Etengabeko zatiketa eta barne borrokak izan dira. Orain berriz irabazteak Johnsonen lanarentzat bultzada dakar (ez da ahaztu behar herrialdeko hirugarren kargu garrantzitsuena dela speaker-a, presidentearen eta presidenteordearen atzetik).

Kopuruak antzekoak izan arren, ez da gauza bera Gobernuaren aurkakoa izatea gehiengo hori, edo aldekoa, eta horrez gain Senatuaren kontrola ere izatea.

Berehala ekin

Botere kuota honekin, Donald Trumpek ez du ezkutatu agintea hartu eta berehala ekin nahi diola bere egitasmoak gauzatzeari. Ez da ahaztu behar Ordezkarien Ganbera bi urtetik behin aldatzen dela. Hauteskundeak amaitu berri diren arren, uste baino arinago, 2026 agintaldi erdiko bozketak ate joka egongo dira, eta gehienetan boterean dagoen alderdiaren kalterako izaten dira horiek. Beraz, ulertzekoa da neurri garrantzitsuenak ahalik bizkorren hartzen saiatzea. Denak ezingo ditu, ordea. Aldaketa sakonek Senatuan gehiengo handia behar dute (ehuneko 60), eta gutxiengo demokratak ez du onartuko.

Horrez gain, Ordezkarien Ganberako aldea are txikiagoa izango da tarte batez, Trumpek bere Gobernurako izendatu dituen kongresistek eserlekua utzi behar baitute. Senatuaren kasuan gobernadoreek izendatzen dituzte ordezkoak. Hala, Marco Rubio Floridako senataria Estatu-idazkari hautatu izana mesedegarri izan liteke Ron DeSantis gobernadorearentzat. 2026an amaituko du bigarren eta azken agintaldia, eta tentagarria izan dakioke Senatuko aulkia libre egotea.

Edonola ere, Ordezkari Ganberako hutsuneak betetzeko berriz ere hauteskundeak egin behar dira barruti zehatz horietan. Uneotan, Behe Ganberako lau kongresista izendatu ditu Trumpek bere Administraziorako, baina izendapen gehiago falta dira. Gehienak eremu errepublikanoak izanik ere, bozketa ez da berehala egingo. Horregatik, hilabete batzuetan 220 eserleku inguruko gehiengo hori txikiagoa izango da, eta demokratek 213-215 eserleku izatea espero da.

Zenbaketa amaitu gabeko lekuen artean Alaska dago. AEBetako estatu handiena izan arren, milioi bat biztanle baino gutxiago ditu, eta ordezkari bakarra dauka Behe Ganberan. 2022an Mary Peltola bihurtu zen Alaska ordezkatzen duen lehen kongresista indigena, eta arrastoa utzi du Washingtonen bi urteotan. Kamala Harrisek baino sei puntu gehiago lortu ditu Alaskan demokratentzat, baina ziurrenik ez da aski izango, Nick Begich errepublikanoak baino 9.000 boto gutxiago baititu oraingoz. Eskuratuko ez balu, zenbaitek 2026an senatari izateko aurkeztea proposatu dute.

Matt Gaetz, Justiziak ikertzetik Justizia Saila zuzentzera

Donald Trumpek egindako izendapen gehienak berarekin guztiz leialak izatea eta politikoki eskuin muturrean egotea dute ezaugarri. Horien artean, Matt Gaetz Fiskal Nagusi izateko hautatzea (Justizia ministro, alegia) hautsak harrotzen ari da. Kongresua gehien aztoratu duen kideetako bat izan da, eta Kevin McCarthy -a urtebete kanporatzea lortu zuen (historian lehen aldiz), Joe Bidenen Gobernuarekin gastu mugarako akordioa egiteagatik.

Ganberako Etika Batzordearen ikerketa pean ere egon da Gaetz. Besteak beste, «sexu jokabide okerrak eta legez kanpoko drogak kontsumitzea, opari desegokiak onartzea, pribilegio eta mesede bereziak ematea harreman pertsonalak zituen pertsonei eta gobernuaren jokabideari buruzko ikerketak oztopatzea» egotzi zioten. Aurretik, Justizia Sailak urteetan ikertu zuen Gaetz sexu delituengatik. Hark beti ukatu izan du adingabeekin sexurik izatea edo sexuagatik ordaindu izana. Orain, Justizia Saileko buru izango da, Trumpen hautua Senatuak berretsiz gero. Eta baliteke ez berrestea.U. U.