Eguraldi goxoa lagun, Hondarribiako Caser Betharam egoitzan bizi diren pertsonak trizikloan paseatzera atera dira larunbat goiz honetan, BIZI BAE proiektuaren bigarren edizioaren barnean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez (BAE) elkarteak hitzarmen bat sinatu dute lurraldeko 19 egoitza berrietako 160 pertsonak trizikloan ibilaldiak egiteko aukera izan dezaten. Ekimena Gipuzkoako zazpi eskualdeetako 14 udalerritara iritsiko da, eta 130 egoiliarrek baino gehiagok kaleak trizikloetan zeharkatzea posible egingo du, BAE Donostiako 60 boluntariok baino gehiagok gidatuta.
Aurtengo edizioan parte hartuko duten udalerriak Bergara, Irun, Hondarribia, Eibar, Elgoibar, Arrasate, Andoain, Lasarte-Oria, Donostia, Beasain, Segura, Villabona, Azkoitia eta Zumaia dira.
Hondarribiarrena izan da ekimenari hasiera emateko ohorea. 11.00etan atera dira Caser Betharam egoitzatik, eta ordu eta erdiko paseoa egin dute. Hiru boluntariok gidatutako hiru triziklotan ibili dira egoitzan bizi diren sei pertsona, ederki gozatuz.
Abendura arte, 13 udalerritan
Abenduan proiektua amaitu arte trizikloak 13 udalerritara ailegatzea espero dute. Bultzatzaileek adierazi dutenez, jarduera honekin zentroetan bizi diren adinekoak beren komunitatearekin konektatu nahi dituzte berriro, «esparru iraunkor, osasungarri eta berdintasunezko batetik, errespetua sustatuz eta belaunaldien arteko harremanak ehunduz».
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailarekin batera, herri gehiagok mugimendu horrekin bat egin eta beren komunitateetan modu iraunkorrean ezarri dezaten lagundu nahi du, jendartean ondorio positiboak eraginez.