Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Saio baten hezurduran, Gipuzkoako finalaurrekoetarako bi apunte

Finalaurrekoen fasera iritsi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 18 bertsolari kantuan eta Illunben zortzirentzat aulkiak besterik ez daude. Fase aldaketak dakartzan aldaketez, kantukideez eta ariketez, mamiaz hitz egiteko oraindik goizegi delakoan. Oiartzungo saioa NAIZ irratian zuzenean.

Oreretako final-laurdenetako saioko irudi bat.
Oreretako final-laurdenetako saioko irudi bat. (Jon Urbe | FOKU)

Txapelketako saio bat ez da lehendabiziko aulkia egokitzen zaion bertsolariaren lehen puntuarekin hasten, ez eta amaitzen ere azkenaren agurraren osteko txaloekin. Bertsozaleak goza dezake saioa nork kantatzen duen jakin gabe ere, baina zenbait informaziok lagundu diezaioke.

Saioan zehar jasoko duen informazioaren egituran sakonduko ditugu fase honek dakartzanak, atzean utzitakoak, eta datozenak. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurreko fasea hasiko da igande honetan. Hiru geltoki eta finala.

Sarritan, bertsozalearentzat bidaia ere saioaren parte izaten da, joanekoa eta itzulerakoa; itzulerakoan lantzeko utziko ditugu oholtzatik kanpokoak. Gai jartzailearen atzetik igo ohi dira bertsolariak oholtzara eta bertan jakin ohi da zeintzuk igaro diren hurrengo fasera –eskuineko zutabean dugu izen zerrenda–.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurrez jarraitu duenak belaunaldi berri bat suma dezake oholtzan, 30 urtez azpiko zazpi kantukide baitaude, eta ate joka geratu direnen artean 25 urteren bueltako hainbat badaude. Aner Peritz ‘Euzkitze’ da taldeko gazteena, 22 urterekin. Jarraian datoz 30-40 urte bitarteko tropelean kokatuko genituzkeenak, guztiak aurrez txapelketan parte hartuak, eta batzuk, baita azken finalean ere. Eta azkenik 40tik gorako biak, Nerea Elustondo eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’, esperientzia eta eskarmentua soinean.

Eskarmentua plazako zein txapelketen oholtzako ibilerak ere eman ohi du; Peritzek eta Andoni Rekondok lehen aldia dute Gipuzkoako lehian. 2019ko Gipuzkoako Txapelketan parte hartu arren lehen aldiz finalerdietan kantatuko dutenak Maider Arregi, Eneritz Artetxe, Eli Pagola, Eneko Araiztegi eta Oier Etxeberria dira. Beste guztiek aurreko txapelketan finalerdietan edota finalean bertan kantatu zuten; hala ere, hankaren dardarak saio bakoitzean gogorarazten die bertsogintza bat-bateko diziplina dela, eta edonork egin dezakeela irrist.

Ariketa aldaketa

Edan dute ur tragoa bertsolariek, eta bertsozaleak begiratu du ondokoaren poltsa, ea gozokirik baduen. Ariketak azaltzeko unea heldu da, gai jartzaileak ohi bezala esan du: «Kantuan hasi aurretik gogora ditzagun gaurko saioan sei bertsolariek egin beharreko lan puntuagarriak».

Abisua: fase aldaketarekin batera ariketak aldatzen dira. Ohi bezala hasiko dute bertsolariek saioa, binaka, zortziko handian hiruna bertso kantatuz. Baina zortziko txikira jauzi egitearekin batera dator lehen aldaketa, ofiziotan, bakoitzak hiruna bertso kantatu beharrean launa kantatu beharko dituzte.

Bigarren aldaketa jarraian etorriko da. Gehienetan saioaren amaieran izaten da ganbarakoa, eta bakarkako ariketa izaten da; hala izan zen aurreko fasean, baita 2019ko finalaurrekoetan ere. Oraingoan, aldiz, saioaren erdian egingo da ganbarakoa, zortziko txikiari jarraiki: binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso kantatu beharko dituzte bertsolariek. Ariketa polit bezain zorrotza; batzuen gozagarri, besteen buruhauste.

Binaka jarraituko dute bertsolariek, gaia emanda eta zortziko txikian, baina kasu honetan puntutan arituko dira bertsolariak guztira zortzi bertso osatu arte. Saio puntuagarria amaitzeko bakarka aritu beharko dute; gaia emanda nahi duten neurri eta doinuan hiruna bertso kantatuta bukatuko dute saio puntuagarria.

Epaileak lanean, Tolosako final-laurdeneko saioan.

Puntuazioak ere jomugan

Bertsolarien izenen ostean entzun ohi ditugu epaileenak ere, nahiz eta puntuazioen unera arte inor gutxik egiten dien kasu. Epaile taldea ere aldatuko da, fase honetan Bakarne Urreaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki eta Mikel Lersundi jardungo  dira balorazio lanetan.

Aurreko puntuazioei begiratzeak ez du zentzu handirik, baina zenbakizaleentzat hemen pare bat datu. Nahiz eta beste edizio bat zen, beste ariketa batzuk, beste bertsolari eta beste epaile batzuk, 2019ko finalaurrekoetan, finalerako txartel zuzena lortu zuten beren saioan irabazita Agin Laburuk (501 puntu), Beñat Gaztelumendik (506 puntu), eta Jon Maiak (494,5 puntu). Finalerako azken aulkia Nerea Elustondok eskuratu zuen 467 punturekin.

Bost urte igaro dira, ordea, eta begia gertuago jarrita, aurreko faseko bertsoaldi puntuatuenak errepasa ditzagun. Alaia Martinen bakarkakoa izan zen bertsoaldi puntuatuena, 115 punturekin; Ane Labakaren bakarkakoa eta Oihana Iguaranek zortziko handian egindako lana izan ziren bigarren puntuatuenak 109,5 punturekin.

Puntuazioak, txaloak eta bertsozaleen zurrumurruak. Horiek izaten dira ez-ofizialki saioari amaiera ematen diotenak. Gipuzkoako Txapelketan kantatzen duten bertsolariek ordea, badute ezkutukoa dirudien baina ia guztiek onartuko duten beste helmuga bat ere: Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko txartela eskuratzea.

Finalaurrekoetara iritsita, fase honetan kantatzen duten guztiek dute ziurtatuta Txapelketa Nagusirako txartela. Arnasa eman diezaieke batzuei horrek

Lau urtean behin ospatzen den Euskal Herriko Txapelketan kantatzeko aukera herrialdeko txapelketetan eskuratzen da. Gipuzkoak 16 txartel ditu banatzeko, baina Txapelketa Nagusiko finalean abestutakoek parte hartzeko aulkia jada gordeta dute, eta ondorioz, Martinek eta Gaztelumendik txartel propioa dutenez, finalerdietan kantatuko duten bertsolari guztiek izango dute aukera Nagusian kantatzeko. Ondorioz, Gipuzkoako Txapelketan ez da Illunberako bidea soilik jokatzen, Euskal Herrikoan parte hartzekoa ere bertan jokatzen da; helburu bikoitza izaten dute, beraz, askok.  

Txapelketa ez da prentsaurreko batean hasten eta ez da txapel beltzaren oihartzunekin amaitzen, ordea. Ikustear dago zer ematen duen fase honek, bere azal eta bere mami. NAIZ irratian jarraitu ahalko dira gainontzeko saio guztiak. Baina, kasu, bizitza ere ez da ez txapelketarekin hasten, ez eta txapelketarekin amaitzen ere.

AZAROAK 17, IGANDEA
Oiartzun - 17.00
Ane Labaka Mayoz
Asier Azpiroz Iztueta
Beñat Gaztelumendi Arandia
Eli Pagola Apezetxea
Nerea Elustondo Plazaola
Oier Etxeberria Zubimendi

Gai-jartzailea: Ane Ezenarro Beristain

AZAROAK 24, IGANDEA
Zarautz - 17.00
Alaia Martin Etxebeste
Amaia Iturriotz Etxaniz
Aner Peritz Manterola "Euzkitze"
Eneko Araiztegi Agirre
Eneritz Artetxe Eizagirre
Unai Mendizabal Jauregi

Gai-jartzailea: Ion Zaldua Brit

ABENDUAK 1, IGANDEA
Arrasate - 17.00
Agin Laburu Rezola
Andoni Rekondo Izagirre
Eñaut Martikorena Lizaso
Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi"
Maider Arregi Markuleta
Oihana Iguaran Barandiaran

Gai-jartzailea: Imanol Artola Arretxe