ELA sindikatuak salatu duenez, Nafarroan enpresek 2007an baino ia 100 milioi gutxiago ordaintzen dute zergetan, eta soldatapeko errentek, aldiz, 810 milioi gehiago. Hala agertzen da fiskalitateari buruzko ‘Langile klaseak eusten du zerga sistema’ izeneko txostenean, astelehen honetan Imanol Pascual Nafarroako koordinatzaileak, Aitor Murgia gizarte politiken arduradunak eta Saioa Urriza ekintza sozialeko arduradunak aurkeztutakoa.
Sindikatuaren esanetan, «txostenak ondorioztatzen du Nafarroako zerga bilketaren bolumena Europakoaren oso azpitik dagoela oraindik, presio fiskala Europako batez bestekoa baino %6,5 txikiagoa baita. Gainera, diru bilketa langile klasearen ahaleginaren kontura egiten da: Bilketaren ia erdia zeharkako zergetatik dator, eta laneko errentek enpresek baino 3,5 aldiz ekarpen handiagoa egiten dute. Eta 2007tik, BEZaren eta zerga berezien bilketa %40 igo da, laneko PFEZaren bilketa %85 igo da eta sozietateen gaineko zergaren bilketa % 15 jaitsi da».
«Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak egindako 2025erako Neurri Fiskalen Foru Legearen proiektuak Nafarroan dagoen fiskalitate eskasa eta bidegabea mantentzearen alde egiten du berriro. Lege Proiektuaren atariko tituloak berak argi uzten du hori, hitzez hitz esaten baitu ‘neurriak enpresa jardueraren fiskalitatea hobetzera bideratuta daudela’», nabarmedu du, eta kritikatu du Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioa.
Dioenez, 2025erako neurri fiskalei buruzko Foru Legearen proiektua, «funtsean, enpresei eta errentan hartutako etxebizitzen jabeei zergak jaistea bilatzen duten salbuespen, kenkari eta pizgarri fiskaletan datza, eta horrek progresibitatearen aurka jo eta Nafarroaren diru bilketa ahalmena okertzen du». Etxebizitzaren egoerari dagokionez, «jabeei zergak jaisteak ez du etxebizitza arazoa konpontzeko balioko, eta hori ez da gertatuko Gobernuak BPGaren % 0,3 soilik etxebizitza politika publikoetara bideratzen jarraitzen duen bitartean».
Gutxieneko pentsioen osagarriari dagokionez, ELAk «positibotzat» jo du neurri hau, «nahiz eta oraindik zenbateko nahikoa ez izan, baldin eta modu eraginkorrean egiten bada». Zentzu honetan, ELAk kritikatu du «pentsioen osagarria PFEZren kenkari baten bidez gauzatzea, eta ez prestazio ekonomiko baten bidez. Modu honetan egiteak ez du bermatzen pentsioen osagarria behar duten pertsona guztiengana iritsiko denik, besteak beste, pentsioak jasotzen dituzten pertsona askok ez dutelako PFEZ aitorpena egiteko beharrik gutxienekora ez direlako iristen».
ELAren esanetan, «UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, zerga politikak ia berdina izaten jarraitzen du», eta «zerga politikaren erabateko aldaketa» planteatu du: «Horretarako, PFEZa aldatu behar da errenta altuen zerga tasak handitzeko, Ondarearen gaineko Zerga aldatu behar da, enpresek euren irabazi kontableen % 25 gutxienez ordainduko dutela bermatu behar da, eta soldatapekoak ez diren errenta guztiak ikuskatu behar dira, ikuskapenik ezak iruzurra sustatzen duelako».
Azkenik, ELAk iragarri du abenduaren 13an ekitaldi bat antolatuko duela Iruñean, eta manifestazioa egingo du 12.00etan, Nafarroako Parlamentuan amaituz.