Lau eta Erdikoa oraindik amaitu gabe dagoen honetan, pilotazaleak hasi dira dagoeneko Binakakorako euren kinielak egiten eta azken urteetan egin izan ohi duen bezala, Baikok lehen pistak eman ditu, kantxaratuko dituen lau atzelarien berri emanda. Eta laukote horretan Martxel Iztueta tolosar gaztea da berrikuntza nagusia, bere lehen Binakakoa jokatuko baitu titular gisa. Iazko laukotearekin alderatuta, Lasorekin aritu zen Aitor Aranguren litzateke kanpoan geratuko litzatekeena, Albisu, Imaz eta Mariezkurrenak osatuko baitute Bilboko enpresaren atzelarien zerrenda.
20 urteko atzelariak iaz B-Serieko Binakakoa irabazi zuen Asier Agirrerekin bikotea osatuz eta udan lehen mailako pilotarien artean lehiatzeko aukera izan du, Jokin Altunarekin Mastersean arituta. Maila bikaina eman zuen tolosarrak txapelketako finalera helduta eta orain azterketa are zailago bati egin beharko dio aurre, urteko txapelketarik luzeenean. Pentsatzekoa da, enpresak aurrelaririk onenetako batekin kantxaratuko duela, baina Baikok, momentuz, ez du aurrelarien inguruan ezer esan. Iaz Laso, Artola, Peña eta Jaka izan ziren titular aritu zirenak eta ikusi beharko azken hilabeteetan aurrera-pauso nabarmena eman duen Iker Larrazabal bezalako beste gazte baten aldeko apustua egiten duten.
Pistarik ez Aspen
Aspek, bere aldetik, erabateko isiltasuna mantentzen du bere zortzikoaren inguruan. Eibarkoen kasuan, zalantzarik handienak laugarren atzelariaren inguruan leudeke, Zabaletak, Rezustak eta Martijak jokatuko dutela inor gutxik jartzen baitu dudan. Azken urteetan Xabi Tolosa izan da postu hori bete duena, baina anoetarra sanmateotatik partidarik jokatu gabea da eta astebukaera honetarako ere ez da karteldegian ageri.
Tolosak jokatzerik ez badu, Aspek zailtasunak izan ditzake bere hutsunea betetzeko eta pilotazaleen ahotan aukera desberdinak entzuten dira. Esaterako, udan partida batean egin bezala, Ezkurdia atzelari jartzearena edo Baikon lekurik izan ez duen Arangurenek Aspeko kamisetarekin jokatzea. Ez litzateke, txapelketa orekatzeko, enpresek halakorik egingo luketen lehen aldia, 2021ekoan, esaterako, Rezustak Baikorekin jokatu zuen Aimar Olaizolarekin bikotea osatuz eta 2015 urtean Aitor Zubietak Baikorekin jokatu zuen, Pablo Berasaluzerekin finaleraino helduta.
Aurrelarien artean ere egon daitezke ezustekoak, baina kasu honetan postuak baino hautagai gehiago daudelako. Iaz ordezko bezala emandako mailaren ostean, Javi Zabalak bere lehen aukera izan dezake titular gisa eta Elordiren parte hartzea egon daiteke zalantzan.