NAIZ

A25ean indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du Bilgunek, gizontasunetik hasita

Datorren astelehenean, A25arekin, indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du Bilgune Feministak, gogoratuz indarkeria matxista eraso fisikoak baino askoz gehiago dela. Zentzu horretan, gizontasuna zalantzan jartzera deitu du, eta dekolonialitatera zuzendu du begirada.

Euskal Herriko Bilgune Feministak A25 honetarako zabaldu duen kartela.
Euskal Herriko Bilgune Feministak A25 honetarako zabaldu duen kartela. (EH BILGUNE FEMINISTA)

Datorren asteleheneko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du Euskal Herriko Bilgune Feministatik, gizontasunetik hasita.

Azaroaren 25ean, astelehenarekin, gizontasuna jomugan jartzera deitu du Bilgune Feministak. Mobilizazio egunerako aukeratu duen leloarekin zabaldu du mezua: ‘Ez da jarrera bat, pribilegioak dira. Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde errebelatu!’. Ostiral honetan prentsara igorri duen oharraren bidez, azaldu du gizontasuna ez dela jaiotzetik egokitzen den jarrera bat, «baizik jendartean onartutako kategoria bat, eta horrek, pribilegioekin dauka lotura zuzena». Hortaz, gizon izatea «ez da aukeratutako identitate bat», ondorioztatu du.

Kontrara, gizontasuna pribilegio bat dela baieztatu du Bilgunek, jendartean «baliabide eta aukera zehatz batzuk» martxan jartzen dituenez gero. Hala, pribilegio horrek eragiten du, zehaztu dutenez, goi-karguetan egoteko aukera gehiago izatea, zaintza lanetan ardura gutxiago izatea, espazio publikoa gehiegi okupatzea edo arrazoiaren ahotsa izatea, besteak beste.

«Gizontasunak sexu-genero disidenteon zapalkuntza materialak ahalbidetzen ditu, eta horrek, hain zuzen, egiten gaitu emakume, bollera, trans, ez bitar... Beraz, gizona izatea, gizontasuna naturaltzat hartzea eta hortik atera nahi ez izatea, pribilegio horiei uko ez egitea da», agertu du.

Dekolonialitatea helburu

Bilgunek gogoratu du mugimendu feministak urteak daramatzala indarkeria desberdinak izendatzen –beste behin aipatu ditu oharrean: soldata arrakala, maitasun erromantikoa, lan banaketa sexuala...– eta hauei aurre egiteko bideak sortzen, indarkeriarik gabeko jendarte bat iristeko ardua hartuta. «Konponbide izateko, dena aldatzeko» ardura, zehaztu du.

A25ean indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du, beraz, gorputzetan jasaten den biolentziaz gain, lurraldeetan jazotzen den horri aurre egiteko beharra nabarmendu du, borroka antiarrazista eta antikolonialistaren bidetik.

«Zentzu horretan, zapaldu garen bezala, zapaltzaileak garela ulertu eta onartu behar dugu eta horrekiko ardurak hartu. Boterearen berrikuspen kritikoa egin behar dugu, desiratzen dugun Euskal Herri Feminista eta Dekoloniala eraiki nahi badugu», aldarrikatu du.

Horretarako, jabetze eta desjabetze prozesuak martxan jartzeko aldarria egin du, indarkeria transistemikoak mahairatuz. «Zapalkuntza sistema ezberdinak gure gorputzetan adierazten direla onartuz, indarkeria jasaten ditugun subjektu guztiak erdigunera ekarri behar ditugu, eta hauek horrela aitortu», azaldu du.