Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

ACB Ligarik gabeko asteburua pekatuak garbitzeko beharko dute Baskoniak eta Bilbao Basketek

Bilbao Basketek jokoa baino emaitza txarragoak pilatu ditu aurreneko zortzi jardunaldietan eta «FIBA Leihoek» ze atarramendu utziko zain dago Jaume Ponsarnau. Saski Baskoniak, berriz, inoizko azarorik malapartatuena nola konpondu badauka nahikoa lan.

Markus Howardek ere ez du orain arte aurreko urteetako mailarik eman.
Markus Howardek ere ez du orain arte aurreko urteetako mailarik eman. (@EUROLEAGUE)

Ez dago ACB Ligako jardunaldirik asteburu honetan, eta eskerrak horri! Saski Baskonia eta Surne Bilbao Basket liga hasi zenetik unerik petralenean daudenez gero, atsedena eta entrenamendua ongi etorriko zaielako... Baina desira hori ezingo dute nahi bezala osatu, ez gasteiztarrek ezta bilbotarrek ere.

Bilbao Basketek ia jokalaririk ere ez dauka datorren asteari begira: Marvin Jones eta Abdur-Rahkmanekin bakarrik –Xavi Rabaseda gizajoa min hartuta dago, eskafoideak hautsi eta gero– zer-nolako lana egin behar du Jaume Ponsarnauk? Hilaren 25ean, astelehenean itzuliko zaizkio aurreneko jokalariak eta 28rako, osteguna, artalde guztia eskortan pilatuta nahiko luke ikusi Tarregako entrenatzaileak. Sano, ahal bada! Ez da debaldekoa jokalariak «FIBA Leiho» hauetatik sano etorri daitezen eskatzea, Bilbao Basketek covid-19aren sasoian oso esperientzia txarrak izan zituelako selekzioen partidak egokitu zitzaizkionetan: min hartutakoak, kutsatutakoak, taldeak ezin osorik entrenatu...

ACB Ligako sailkapen nagusiari so eginez gero, Bilbao Basketek merezi baino garaipen gutxiago pilatu ditu. Saski Baskoniak bezala 3-5eko balantzea dauka, baina gutxienez bi garaipen gehiago izateko adina meritu pilatu ditu talde bilbotarrak; Murtzian eta Gironan eskuetan zituen partidak luzapenean galdu izan ez balitu!

«Kazetariek sarriegitan azken laurden horietan egindako akatsak azpimarratzen dituzue eta halako mezu ezkorrak zaleei ere iristen zaizkie. Pentsa, urrunago joan gabe, duela gutxi zale batek etxetik kanpora azken laurdenetan behera egiten dugula leporatu zidan, eta hori zuei, kazetarioi dagokizue; hau da, gaizki egiten dugun horri arreta jartzen diezue ongi egiten ditugunak aintzat hartu gabe». Ez du zaratarik ateratzen Jaume Ponsarnauk, baina kazetarioi kargu hartu zigun entrenatzaile katalanak... Ay, azken laurdenetan pilaturiko porrot horiek –Kanaria handiaren aurka azken hamar minutuetan jasotako partziala aintzat hartu beharrik gabe– gertatu izan ez balira! Granadan ere, azkenean 72-84 nagusitu arren, 18 puntuz irabazten joatetik Granadaren hatsa kokotean sentitzera iritsi ziren bilbotarrak 6 puntura hurbildu zenean Andaluziako taldea.

Abendua hasterako Zaragozara bisita zaila egingo dute bilbotarrek eta abenduaren 8an, berriz, Saski Baskoniaren aurkako euskal derbia egokituko zaio Miribillan. Kanpoan irabazten ez dena, etxean irabazi behar. gogoan izan behar da beltzezko gizonek iaz 17 puntuko aldea alferrik galdu zutela Basket Zaragozaren aurka eta Baskoniari azken segundoan Kullamaek sarturiko hiruko bati esker irabazi ziola.

«Sailkapenean maila bat gorago egotea xehetasunek eragotzi ziguten», adierazi zuen iaz Jaume Ponsarnauk. Baina hori iaz zen. Aurten bilbotarrek talde sendoagoa eratu dute eta horri eskerrak ia partida guztietan –Joventuten aurkako azkena izan ezik– irabazteko aukerak izan dituzte. Baina itxura on hori emaitzetara eraman ezik, urduritasunak lekua hartuko du eta hala gertatuko balitz, nahiz eta Ponsarnauk arrazoi osoa izan, kazetariok beste behin gaizki egindakoari begiratu beharko diogu.

Pazientzia erre aurretik

Baskoniaren aldartea ez da hobea. Georgiarekin jokatu ostean Kamar Baldwinek komunitario izaera irabazi du eta, beraz, Pablo Lasok ACB Ligako neurketetan Forrest edo Baldwinen artean ez du bata edo bestea kanpoan zein laga erabaki beharko. Gasteiztarrei dagokienez, horixe azken bi asteetako albisterik onena; atera kontuak!

ACB Ligan 3-5 balantzearekin Bilbao Basketekin berdinduta daude gasteiztarrak; baita Andorra eta Lleidarekin ere, hamabigarren postuan. Euroligan, berriz, azken bost jardunaldiak galdu eta gero, hamahirugarren lekuraino erori dira Pablo Lasorenak. Bestela ere Gasteizen sekulako sarraskiak eragin izan dituen azaroko malapartatua egokitu zaio entrenatzaile gasteiztarrari: ACB Liga eta Euroliga biak zenbatuta, azken bederatzi neurketetatik bakarra irabazi du Baskoniak, eta egutegiari so jarrita, martxa petral honi buelta ematea kosta behar zaio: Valentzia Basket etxean eta Bilbao Basket kanpoan ACB Ligan eta Euroligan, berriz, Zalgirisen etxean jokatu behar azaroari agur esateko eta jardunaldi bikoitza abendua hasteko: Fenerbahçe etxean eta Bayern Munich kanpoan.

«Onena espero, baina okerrenerako prest egon», omen da Dalai Lamaren ohiko leloa. Pablo Lasok Dalai Lamarenak egin beharko ditu, eta Zaragozan bezala Olympiacosen aurka ere hain itxura pobrea eman zuen bere taldeak nolabait erreakzionatu beharko du, berdin ACB Ligan zein Euroligan. Jakina da Josean Kerejetaren pazientzia benetan mugatua dela, baina Pablo Lasorekikoak oraindik egin ez baditu, entrenatzailearengan konfiantzarik baduelako izango da. Baina pazientzia eta konfiantza erretzen bazaizkio, kito! Beraz, ekaitzaren ostean barealdia ere badatorrelako, hobe Lasorentzat eta Baskoniarentzat Kerejetaren pazientzia erre aurretik egoera petral honi buelta ematen badio.

Emakumeen Liga

Emakumeen Endesa Ligak, berriz, ez du etenik, bere garaian nozitu zuelako. Hala, eliteko lau euskal taldeek gaur arratsaldean –larunbatean– jokatzen dute. Pasa den asteburuarekin alderatuta, arnasa hartzeko moduan dira lau taldeak, guztiak jaitsierako postuetatik kanpo baitaude behintzat.

Alabaina, zortzi onenen artean Lointek Gernika Bizkaia bakarrik dago eta beronek du agian aurkarien artean gogorrena: Basket Zaragoza. Egia da Aragoiko taldea gernikarren atzetik dagoela uneotan, biek ala biek 4-3ko balantzea izan arren. Baina bizkaitarrek Taylor Mikesell eta Annika soltau jokalariak galdu dituzte azken bi asteetan eta Itziar Ariztimuño kili-kolo dabil. Galera kopuru handia da hori Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldearentzat, bolada onean egonagatik.

Gernika ez da kantxara ateratzen den aurreneko euskal taldea izango; 18.30etan bizkaitarrak lanean hasterako ia amaituta izango ditu bere lanak Kutxabank Araskik, Vigon Celta azken sailkatuaren etxean jokatuko baitu 17.00etan hasita. «Celta ez da Estudiantes baino otzanagoa izango. Azken doalako errazkerian eroriko bagina, akabo gure aukerak! Biak maila mantentzeko borrokan murgilduta egongo gara denboraldi osoan eta, beraz, aurkari zuzenen arteko dema da hau», ohartarazi du partida bezperan Laura Aliaga hegalekoak.

Kanaria Handiaren etxean 20.00etan hasiko da Ardoiren partida. Kanaria Handia Emakumeen Ligako zortzigarren sailkatua da eta lan txarrak jarriko dizkio talde nafarrari, are gehiago Imani Tate gabe arituko beharko dutelako Juantxo Ferreirarenek; gutxienez Tunstull jokatzeko moduan izango dute.

IDK Euskotren izango da jokatzen azkena, 20.45etan Cadi La Seu talde katalana etorriko da Josean Gascara bisitari. Donostiarrek baino garaipen bat gehiago dute katalanek eta Azu Muguruzarenek, gainera, Eurocupeko partidan Delicia Washington galdu zuten, orkatilan min hartu baitzuen.