«Unai Laso txapeldun, abiadurari oreka eta buru hotza gehituta» titulatu zuen egunkari honetako Asier Aiestaran kazetariak Unai Lasok Peio Etxeberriaren aurrean lorturiko Lau eta Erdiko txapelaren kronika. “Berria”k, berriz, «kastatik arrakastara» nabarmendu zuen. Igandeko final handia jarraitu zuten beste hedabideen artean, txapeldunaren fedea nabarmendu zuen “Diario Vasco”k edo Bizkarreta-Gerendiainekoak ez ziola sinisteari utzi azpimarratu zuen “Diario de Navarra” egunkariak.
Ondo definitu zuten finala jarraitu zuten kazetariek Unai Lasoren garaipena. Sei hilabetez frontoietatik kanpo eduki zuen lesioa gainditu eta urtea betetzera doanean, pilotaren Olinpoan da berriz ere Unai Laso. Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi eta biharamunean nafarrak ez du eskuetatik alde egitea nahi.
Parranda koxkorra
Honelako garaipen batek merezi duen ospakizunetatik nekatuta, baina pozik, agertu da aurrelaria hedabideen aurrean. «Parranda koxkorra egin genuen, okasioak hala merezi zuen», aitortu die Lasok Iruñeko Iturrama auzoko Lopez pilotalekuan bildu dituen kazetariei.
«Iturramako pilotaleku honetan apropos bildu zaituztet kazetariok, bertan lagunekin ordu asko pasatua bainaiz pilotan. Haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit, eta zirkulua biribiltzeko toki ezin hobea da».
Hala, «emozionatuta esnatu naiz. Sentipena dut kantxan ez nuela batere gozatu, eta sufrimenduari eta kastari esker irabazi nuela. Pentsamendu negatiboak izan nituen partida osoan zehar, mamuak agertu zitzaizkidan; horregatik, balio handia ematen diot txapelari», azaldu du. Izan ere, gogoratu behar da, 2020an profesionaletatik kanpo utzi zuela Baikok. Itzuli zenean Buruz Burukoa irabazi zuen. «Infernutik zerura igaro nintzen orduan». Orain, aldakako ebakuntza gogor baten ostean jantzi du Lau eta Erdiko txapela. «Oinez ibiltzeko ere arazoak nituela gogoan dut, baina ongi errekuperatu naiz lesiotik, eta lana eta sakrifizioa izan dira sekretua».
Fedea eta esfortzua izan ditu bidelagun nafarrak berriro ere gailurrera igotzeko: «Familiatik datorkit hori. Kolpeen poderioz pilotari hobea bihurtzen joan naiz, eta izugarri harro nago egiten ari naizen bideaz».
Harrotasun horrek ez du esan nahi emoziorik adierazten ez duenik. Horren erakusle izan zen behin finala amaitzean: «Ez naiz emozioak asko azaleratzen dituen pertsona horietakoa, baina gain hartu zidan egoerak. Une zailetan ondoan eduki ditudan familiarteko eta lagunak etorri zitzaizkidan burura, eta lehertu egin nintzen. Besarkada asko eman ditut azken orduetan».
Txapela irabazteko berebizikoa izan zen ere Jon Mariezkurrenaren laguntza: «Presio eta tentsio handia nuen, eta guzti horri aurre egitea ez da erraza, baina Jon Mariezkurrenak mantendu ninduen partidan sartuta, eta maldan gora jarritako partidari buelta eman nion pixkanaka». Eta, noski, aurkaria txalotu du: «Peio Etxeberriak izugarrizko erritmoa jarri zuen hasieratik, eta berak ere nik adina merezi zuen txapela. Halaxe onartu nion berari». Horra hor txapeldunaren hitzak.