Lee Zeldin: Aldaketa klimatikoaren ukatzailea, Ingurumena Babesteko Agentziako zuzendari
Donald Trumpek EPA Ingurumena Babesteko Agentzia zuzentzeko hautatu duen pertsona arrotz samarra da jende gehienarentzat, baina aski ezaguna zaie Estatu Batuetako erakunde ekologistei. Ez motibo positiboengatik, bestela baizik: ingurumena zaintzeko legeetan ia beti aurka bozkatu du, eta enpresei eta administrazioei arau, betebehar eta ardura ekologikoak ezartzearen kontra dago. Horrexegatik hautatu du Donald Trumpek Lee Zeldin, hain zuzen, EPA zuzentzeko. Horregatik, eta berarekiko guztiz otzana izan delako Kongresuan egin dituen legealdietan.
New Yorkeko Suffolk konderrikoa da Zeldin, Long Islanden ekialdean. New Yorkeko familia judu batean jaioa -aitona-osaba Isaiah Zeldin errabinoa izan zuen, Kalifornian Stephen Wise tenpluaren sortzailea-, erlijio horretako bi ordezkari errepublikanoetako bat izan zen Ordezkarien Ganberan.
Unibertsitate ikasketak amaitu eta lau urte eman zituen Armadan, eta bere abokatu bufetea ere sortu zuen gero, Alderdi Errepublikanoan New York estatuko senatari eta gero Washingtongo kongresista bihurtu aurretik. Washingtonen Trumpek izan duen aliatu leialenetakoa izan da (2021ean hauteskundeak zertifikatzearen aurka bozkatu zuen, baita Kapitolioaren aurkako erasoa gaitzestearen aurka ere).
Estatu Batuetan ohikoa da lobbyek ordezkari politikoei nota bat jartzea, dagokien gaian izandako jarreraren arabera. Armen lobbyak edo AIPAC Israelen intereseko lobbyak egiten duten bezala, kontrara ere egiten da, lobby horiek zenbat diru eman dieten salatzeko edo egitasmo ekologikoen aurka bozkatu izana agerian uzteko boto emaileen aurrean. LCV Natura Babesteko boto emaileen ligak New Yorkeko ordezkarien arteko emaitza txarrena eman zion Zeldini 2020an, neurri horien %14 baino ez baitzituen babestu.
«Marea beltz saria»
Karrera politikoan Zeldinek ingurumenaren aurkako jarrera izan du etengabe. Estatuko senatura aukeratu berri zutela, garraio publikoaren aurkako lege bat bultzatu zuen, New Yorkeko MTA enpresa publikoaren finantzaketa murrizteko; aurrera atera balitz, zerbitzua murriztu eta prezioen igoera ekarriko zuen. Areago, energia garbia sustatzeko programetatik 100 milioi dolar kentzea bultzatu zuen, MTAren zuloa estaltzeko.
Hala, 2011n Ingurumenaren aldeko elkarteek «marea beltz» izeneko «saria» eman zioten. Hasi berria zuen karrera politikoa, baina argi zuen noren mesedetan ziharduen. Duela hamar urte ‘Newsday’-n egindako elkarrizketa batean esan zuen ez zuela sinesten arazo handia zela berotegi efektuko gasak atmosferan pilatzea.
Gas eta petrolio industriek ia milioi erdi dolar eman dizkiote, bai Kongresurako hautagaia izan dadin, bai 2022ko New Yorkeko gobernadore-kanpainarako. Ez zuen irabazi, baina errepublikanoek estatu horretan izan ohi duten emaitza baino hobea lortu zuen. Besteak beste, New Yorken dagoen fracking-aren debekua kentzearen alde kanpaina egin zuen, eta erregai fosilen aldeko apustua argia egin zuen.
Lee Zeldinek badaki ondo borroka batzuk bere egin behar dituela, ordea. Esaterako, Long Islandeko itsasartean Connecticuteko -parean daukaten estatua- zaborra botatzearen aurka egin zuen, bere boto emaileak itsasartearen beste aldean bizi baitira. Era berean, inguru berean zegoen uharte baten babesaren alde ere bozkatu zuen. Baina petrolioaren eta gasen lobbyen aldeko karrera luzean salbuespenak dira horiek.
Ingurumen arauen murrizketa
Donald Trumpen izendapena ezagututa (Senatuak berretsi beharko du, kargua hartu aurretik), esker oneko agertu zen, eta presidente hautatuaren agenda betetzeko gogoa adierazi du. «Ohorea da Trumpen Kabinetean sartzea, EPAko administratzaile bezala. Estatu Batuetako energia nagusigoa berrezarriko dugu, gure auto industria biziberrituko dugu eta lanpostuak bueltan ekarriko ditugu. AEBak Adimen Artifizialaren buruzagi global ere bihurtuko ditugu. Hori egingo dugu, aire eta ur garbia babesten ditugun bitartean», esan du Zeldinek.
Kongresua utzi osteko azken bi urteotan America First think tank trump-zalean aritu da Zeldin, eta Trumpen Floridako Mar-A-Lago-ko etxaldera behin eta berriz joan izan diren pertsonetako bat izan da. Elkartea Tim Dunn Texasko fracking-aren enpresari ultrak sortu zuen. EPAko ardura hartzen duen lehenengo egunetik, enpresei ezarritako ingurumen arauak murriztuko dituela agindu du.