Ospakizun betean murgilduta bizi ditu azken hilabeteak Duguna dantza taldeak. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, aurten 75 urte bete ditu konpainia iruindarrak eta, hori ospatzeko, hainbat ekitaldi egin ditu urte osoan zehar.
Ostiral honetan, Saturnino Deuna egunez, Iruñeko kaleak hartu dituzte dantza taldean dabiltzan edota inoiz ibili izan diren 200 dantzari baino gehiagok, Dugunaren iragana eta etorkizuna eskutik helduta daudela erakustarazteko.
Dantza taldeko kideek, haur, heldu zein adinean sartutakoek, Udaletxe plazatik irten eta Gaztelu plazarainoko ibilbidea egin dute 13.00etan hasita, eta bertan eman diote amaiera urteurren biribilari.
NAIZen argitaratutako erreportaje honetan Duguna dantza taldeko zuzendari Aritz Ibañezek kontatu zigunez, taldearen bereizgarri den soka-dantzak transmisioaren katea irudikatzen du: «75 urteko soka-dantza erraldoi bat da, eta dantzari bakoitzak aurretik eta atzetik duenari eskua ematen dio, transmisioaren ideia irudikatzeko, eman eta hartzearena».
Duguna dantza taldea 1949ko azaroaren 29an sortu zen, Saturnino Deuna egunez, Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Orfeoiaren ekimenez. Ibañezek azaltzen duenez, azken honek bere baitan dantza talde bat sortzeko asmoa zuen eta, Orfeoiko zenbait kide Udalean ere bazebiltzanez, zazpi urte atzera sortutako txistularien edota gaiteroen banden eredua jarraituz, dantza taldea udaletxearen sustapenez sortzea erabaki zuten. Hori dela eta, Dugunaren hastapenetako dantzari asko orfeoiko kideak ziren, eta Saturnino Deuna egun hartan dantzatzera atera ziren «ia-ia dantzatzen jakin gabe».
Urteek aurrera egin ahala, kide zaharrek zein batzen zihoazenek dantza ezberdinak ikasi eta garaietara egokitu eta modernizatzen joan den errepertorioa garatu dute, eta berreskuratutako ondaretik abiatuta dantza berriak sortu ere egin dituzte. «Ondare horretatik abiatuta, funtzionatu dezaketen gauza berriak egiten ahalegindu gara», ziurtatzen du Ibañezek. Jantziterian ere ideia bera izan dute oinarri.
Egun ere badute erronkarik eskuartean: «Taldeko dantzarien %60 neskak dira eta %40a mutilak, baina txikien taldean %75a dira neskak eta %25 mutilak. Beste talde batzuetan ere gauza bera ari da gertatzen», azaldu du Ibañezek eta, beraz, euren erronka mutilak dantzan jartzea ere badela ziurtatu du.
Balio dezatela Dugunaren 75 urte hauek, iragana eta orain lotzeko bezala, genero arrakalan eragiteko ere.