NAIZ

Ana Urkizak Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izaten jarraituko du 2028ra arte

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiek Ana Urkizaren lehendakaritza berretsi dute larunbat honetan, hala, 2028ra arte jarraituko du postu horretan. Ezohiko Batzarrean erabaki dute, Kontseilu Errektorerako Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkarien aukeraketarekin batera.

Eusko Ikaskuntzak lehendakaria eta Kontseilu Errektorerako ordezkariak hautatu ditu.
Eusko Ikaskuntzak lehendakaria eta Kontseilu Errektorerako ordezkariak hautatu ditu. (EUSKO IKASKUNTZA)

Ana Urkizak Eusko Ikaskuntzako buru izaten jarraituko du datozen lau urteetan, 2028ra arte. Hala berretsi dute larunbat honetan erakundearen Batzar Nagusiek.

Eusko Ikaskuntzaren Ezohiko Batzarra izan da Donostiako Gipuzkoako Bazkundean eta, lehendakaritzaz gain, erakundearen Kontseilu Errektorerako Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ordezkariak aukeratu dituzte.

Ohar batean nabarmendu dutenez, bazkideen babes zabala jaso du Ana Urkiza Ibaibarriagak bigarren agintaldiari ekiteko. Erakundearen historian kargua hartu duen zortzigarren pertsona da, eta lehen emakumea, 2020an lehendakari hautatu zutenetik.

Era berean, Kontseilu Errektorearen karguari jarraipena eman diote Asier Etxenike Ugartek (Araba), Zelai Nikolas Ezkurdiak (Bizkaia) eta Isabel Elizalde Arretxek (Nafarroa). Oraingo honetan, kide berri bakarra Rikardo Bueno Zabalo izan da, Gipuzkoako ordezkari gisa.

Programa 2028 bitarte

Izendapenekin batera, 2024-2028 programaren nondik norakoak azaldu dituzte. Ontzeko, bazkideen, Kontseilu Errektoreko kideen eta izangaien, langile eta zuzendari zientifikoen ekarpenak jaso dituzte, ezagutzak, iritziak, ideiak eta proposamenak batuz eta partekatuz.

Hala, lau ardatz estrategikoren inguruan egituratu dute programa, zeharkako hiru lan ildoren laguntzarekin. Honakoak dira ardatzak: bazkideak, berriak erakartzeko eta hurbiltasun sentimendua areagotzeko; proiektuak eta agenda, hauen kalitatea, inpaktua eta errotazioa handitzeko; komunikazioa eta erreferentzialtasuna, erakundearen ikusgarritasuna hobetzeko, eta finantzaketa, iturriak dibertsifikatzeko eta diru-sarrerak egonkortzeko.

Ardatz horiek zeharkako lan ildo hauekin batera doaz: lantaldea, koordinazioa hobetzea helburu; aliantzak, hauek indartzeko eta berriak sorteko, eta lurraldetasuna, proeiktuan Euskal Herri osoan nahiz lurralde ezberdinetan garatzeko.