Azaroaren azken egunean, larunbat arratsaldean, berriro ere berri latz bat izan genuen Euskal Herrian: bikotekide ohiak 45 urteko emakumea hil zuen Pasai Antxon. 2024ko seigarren hilketa matxista da Euskal Herrian, Mugimendu Feministak salatu duenez.
Leonorren hurbilekoei babes eta elkartasun osoa adierazi ondotik, indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela oroitu dute. Astebete besterik ez da igaro, Azaroaren 25ean kaleak hartu zituztenetik, nahikoa dela aldarrikatzeko. «Baina gu erailtzen jarraitzen dute, emakume izateagatik. Eta inor ez da ari beharrezko ardurarik hartzen», gaitzetsi dute.
Emakundeko zuzendariari galdera
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak protokoloak ondo funtzionatzen duela esan du. «Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor, nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?», galdetu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak hilketak badira ere, indarkeria matxista sistema oso batek babesten du eta gure bizitzako alor guztietan eragiten du, gogorarazi dute.
Horren aurrean, «neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak betikotzen» ari direla adierazi dute.
Autodefentsa
Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatu dute: «Gure bizitzak daude jokoan!».
Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egin dute. «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak».
Feministak erantzuteko prest daude eta antolatzen jarraituko dute eraso guztiak salatuz: «Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!». Dei egin dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan egiten ari diren elkarretaratzeetan parte hartzeko: «Erailketa matxistarik ez, denak libre izan arte!».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena
Pasaiako krimen matxistaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak ere, ezohiko kontseiluan bilduta, gaitzespenik irmoena adierazi du, baita bere minik sakonena eta gertukoekiko elkartasuna eta hurbiltasuna ere.
Pasaiako Udalaren gaitzespen adierazpenarekin bat egin du, baita antolatu diren elkarretaratzeekin ere. Astelehen eguerdian, Aldundiaren jauregiaren aitzinean bildu dira bertako ordezkariak, beren samina eta gaitzespena erakusteko.
«Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaileak eta banakako biktimak ditu, baina emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duen egiturazko arazo baten ondorio da. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza isolatuen edo azalpenik ez duten gertakarien emaitza», azaldu du adierazpen batean.
«Pasaiako hilketak gordintasun osoz erakusten du berdintasun faltaren adierazpenik muturrekoena eta mingarriena, eta, zoritxarrez, oraindik asko falta dela erabateko berdintasuna lortzeko», erantsi du. Agindu duenez, «ahalegin osoz» jarraituko du lanean, gainerako eragileekin batera, «emakumeen aurkako indarkeria behin betiko desagerraraztea lortu arte».