Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Unax Uterga nafarrak irabazi du Abiadurako Espainiako Eskalada Txapelketa

Asteburuan Herrialde Katalanetako Gava herrian jokatutako hitzordu nagusian nafarrek sailkapen bikainak erdietsi dituzte. Senior emakumeen kategorian Leire Ruiz de Argandoña hirugarren sailkatu da eta 16 urtez azpikoen mailan, berriz, Haizea Pintok ere hirugarren postua eskuratu du.

Unax Utergak, Leire Ruiz de Argandoñak eta Haizea Pintok bina domina eskuratu dituzte.
Unax Utergak, Leire Ruiz de Argandoñak eta Haizea Pintok bina domina eskuratu dituzte. (NAFARROAKO MENDIZALE FEDERAZIOA)

Eskalada eta Mendi Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) amaiera eman dio asteburuan eskaladako lehien denboraldiari. Azken jardunaldia joan den asteburuan Gava herrian (Herrialde Katalanak) jokatu da. Hitzordu bikoitza izan zen; batetik, Abiadurako Espainiako Txapelketa antolatu da eta proba hori Kopa edo erregulartasunaren zirkuituko hirugarren lehiarako puntuagarri izan da. Hortaz, modalitate horrek amaiera intentsoa izan du, alajaina.

Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak abiadurako modalitatean hainbat espezialista ditu eta horrela nabarmendu dira Espainiako Kopan zein asteburuan jokatutako Txapelketan. Lortutako emaitzak, gainera, bikainak izan dira. Seniorretan, adibidez, Unax Utergak eta Leire Ruiz de Argandoñak urrea eta brontzea eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Brontzea, halaber, 16 urtez azpikoen mailan, Haizea Pinto hirugarrena izan baita.

Unax Uterga oso eraginkorra izan da hitzordu nagusi horretan. Finalean, Alejandro Rivasekin nor baino nor aritu da eta iruindarrak aise irabazi du 5,58 segundoko denborarekin. Denbora bikain horri esker, Espainiako Txapelketa ere bereganatu du; Rivasen denbora, aldiz, 7,29 segundokoa izan da.

Emakumeei dagokienez, Leire Ruiz de Argandoña, berriz, ez da finalera sailkatu, baina brontzezko domina kolkoratu du 8,67 segundoko denbora egin ostean. Abiadura finalean Carla Martinez eta Leslie Romero sailkatu dira eta Martinez nagusitu da 7,25 segundoko denbora egin ondoren.

Azkenik, 16 urtez azpikoen kategorian, Haizea Pintok ez du zorterik izan. Zehazki esanda, akats bat egin du irteeran eta horrek finaletik kanpo laga du. Azkenean, hirugarren postuan sailkatu da, nolanahi.

Hiru podium

Haiseran esan bezala, hitzordu nagusi hau Espainiako Koparentzat puntuagarri izan da. Izan ere, erregulartasunaren zirkuituan, denera, hiru proba jokatu dira: Cuenca, Mostoles eta Gava.
Gizonezkoen senior kategorian Unax Utergak bikain lehiatu du zirkuitu osoan, baina ezin izan du azken garaioena erdietsi, nahiz eta hirugarren proba hori irabazi. Baina ordurako behin-behineko sailkapenean buru zegoen Rivasek alde handia ateratzen zion. Puntu guztiak batu ondoren, madrildarrak Espainiako Kopa eraman du, eta Utergak bigarren postua etxeratu du.

Leire Ruiz de Argandoñak, berriz, aukera gehiago zituen Cuencan irabazi eta Mostolesen hirugarrena izan eta gero. Behin-behineko sailkapenean aurreneko postuan iritsi zen Gavako hitzordura, eta titulua Carla Martinezekin jokoan zuen. Azken proba hori irabazten zuenak etxeratuko zuen azken garaipena ere. Ondorioz, eskalatzaile katalana Gavako lehian gailendu delarik, Kopa ere bere egin du. Iruindarra, aldiz, zilarrezko domina kolkoratuta itzuli da etxera.

Amaitzeko, 16 urtez azpikoen mailan, Haizea Pinto bigarren zegoen behin-behineko sailkapenean azken proba jokatu aurretik. Hala, Gavako hitzorduan hirugarren amaitu ondotik, postu bat atzerago amaitu du sailkapen nagusia eta brontzezko domina eraman du etxera azkenean.