Euskaltzaindiak eta espainiar Diputatuen Kongresuak bi urterako sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker, euskarari buruzko prestakuntza, jakintza eta zabalkundea sustatzeko ekimenak egingo dira, bereziki hizkera juridikoaren arloan. Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, «lehen urrats honek euskararen normalizazioan eta araugintzan mugarri garrantzitsuak ezartzen jarraitzeko aukera ematen du».
Akademiaren egoitzan izan da ekitaldia, Bilbon, Euskararen Egunean, eta bertan izan dira Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidentea eta Urrutia, Akademiaren zuzendaritzako kideekin batera.
Bi erakundeek sinatu duen lehen lankidetza hitzarmena da izenpetutakoa, eta estreinakoa izan da, era berean, Kongresuko presidenteak Euskaltzaindiaren etxera egin duen bisita. 2019an Pedro Sanchez presidente espainiarrak bisitatu zuen Plaza Barriko eraikina, Akademiaren 100. urtemugan. 2022an, Ander Gil Senatuko presidentea etorri zen.
Helburu bikoitza
Akordioak helburu bikoitza duela adierazi du euskaltzainburuak: «Lehenengoko helburua sinbolikoa da, non Espainiako Estatuaren botere legegilearen ordezkariak eta Euskaltzaindiak, euskararen arloko erakunde aholku-emaile ofiziala denak, indarrak aitortu eta batzen dituzten Espainiako Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzeko ofizializazioa edukiz hornitzeko. Beste alde batetik, benetako eragina dago, egunerokotasunean nabarmena izango dena: testu juridikoen ikuspegitik aurrera egitea, Espainiako Estatuak bere lurralde osoan egikaritzen dituen eskumen zabalei eragiten dieten lege-proiektuek korrelazioa izan dezaten Estatuko hizkuntza koofizialetan».
Gaineratu duenez, tresna horien bidez, hizkuntzok aurrera egiteko aukera dute, bai erabilera juridikoari dagokionez, bai legeen eremuan duten erabilerari dagokionez, horiek baitira gure bizikidetza arautzen dutenak. Ez bakarrik maila idatzian, itzulpengintzan, baita erabileran ere, euskal eragile juridikoek testu horiek erabili ahal izan ditzaten eta, aldi berean, Euskaltzaindia bere ikerketa lanetan testu horietaz balia dadin.
Francina Armengol egoitzako liburutegian izan da, eta eskuetan hartu du Leizarragaren Testamentu Berriaren ale bat. Ondoren, Euskaltzaindiaren zuzendaritzarekin batzartu eta erakundearen Ohorezko Liburuan idatzi du: «Hizkuntzak ez dira herrien ondare immaterialak soilik; izan ere, badira gizarte kohesiorako elementuak ere. Horregatik, aniztasuna eta pluraltasuna errespetatu eta aintzat hartzen baditugu, horrek geure burua gizarte gisa hobeto ulertzen lagunduko digu. Eskerrik asko zuen lan goresgarriagatik».