SPONSORED CONTENT

Naturan Hezi: Ekozentrismorako bidean urratsak egin, txikitatik

Naturan heztea espezieei eta haien arteko harremanei buruz ikasi, eta gizakiaren ekomenpekotasunaz jabetzeko baliagarria da. Haur eta gazteengan adimen naturalista piztuz eta haien gaitasunak elikatuz, ekozentrismora bidean jarri nahi ditu Kutxa Fundazioaren Naturan Hezi programak.

Kutxa Fundazioaren Naturan Hezi programak haur eta gazteengan adimen naturalista piztea du helburu.
Kutxa Fundazioaren Naturan Hezi programak haur eta gazteengan adimen naturalista piztea du helburu. (KUTXA FUNDAZIOA)

Natura ikasgaia, tresna eta testuinguru baliotsua da, pertsonen garapen integralean laguntzen duena. Horretarako ez da urrutira joan beharrik, Gipuzkoako ingurumenak prozesuak, fluxuak, ekosistema natural txikien moduan funtzionatzen duten eremuak... baititu, nahiz erabat naturalak ez diren. Horri buruz jakiteak babesteko beharraz jabetzea ere badakar eta helburu bikoitz hori du Naturan Hezi programak, fokua haur eta gazteengan jarrita. Kutxa Fundazioaren Gaitasunak Piztuz lan lerroaren parte da, eta larrialdi klimatikoaren oinarrian dagoen antropozentrismotik ekozentrismora jauzia egiteko eraldaketa sustatzen du txikitatik ingurumen gaitasuna identifikatzen eta bideratzen laguntzen duten bi egitasmoren bidez: Baso-eskola eredu pedagogikoa eta Bihotz Berdeak.

Baso-eskola sarea 2016tik martxan da. Ingurumen hezkuntza proiektuak behin-behinekoak zirela ikusita eta haurrengan eragiteko iraupen luzeko programa bat behar zutela jabetuta, Danimarkako Ella Flautau hartu zuten erreferentzia. Hauetan, espazio fisikoaz gain, natura testuinguru bilakatzen da: ikasteko gaia, babeslekua, beste bizidunekin harremanetan jartzen dituena... Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrek garatzen dute han curriculuma. «Gela baten barruan egin daitekeena, kanpoan egiten da eta askoz hobeto»,  baieztatu du Naturan Heziko arduradun Izaskun Orbegozok, eta adibide batekin irudikatu: EHUk egindako ikerketa batean 5 urteko haurrei lore bat marrazteko eskatu zieten. Baso-eskolan urtebetez ikasitakoek, besteek ez bezala, askotariko loreak egin zituzten. «Gurean biodibertsitatea ageri gelditu zen. 5 urterekin ikusten dute loreen dibertsitatea, eta hortik, espezieen barrukoa,  ekosistemena... Putzu batean dagoen flora, fauna eta horien arteko harremana, lehorrean, hondartzan... Askoz errazagoa da halako kontzeptuak naturan lantzea!».

Sarean 38 eskola daude eta beste batekin ibilbidea hasiko dute; gainera, harremana ere badute eredu propioa garatzen ari diren beste hamar batekin. Orbegozok nabarmendu du «beharra dagoela» eta beraiengan hurbiltzen dira eskola arduradunak. Honen alde egin nahi dutenei laguntzen diete bide osoa egiten: eredua aurkeztu, udalaren parte hartzearekin natur eremu aproposa aurkitzen lagundu –200 itemeko kontrol-zerrenda bat dute–, irakasleentzat heziketa, laguntza saioak... «Hemen gaude edozein eskola laguntzeko prest», berretsi du arduradunak.



«Bokazio berdeak» sustatu

Adinean gora,  Bihotz Berdeak  12-15 urteko nerabe naturazaleei zuzenduta dago. Beraien pasioa eta talentua –adimen naturalista– bideratzea xede du, aisialdian hori garatzeko gune bat emanez. Ikasturtean hamahiru natur irteera egiten dituzte aditu batek lagunduta. Ikuspegi holistikoa eman nahian, natur zientzietako adituez gain –entomologo, ornitologo, herpetologo, geologo...– marrazkilari, historialari edota etnografoak ere badira. Izan ere, Orbegozoren esanetan, «zuhaitz bat begiratuta uler dezakegu bere anatomia, ekosistema batean duen funtzioa, ematen dizkigun ingurumen zerbitzuak, baina, baita ere zer izan den gure kulturan, bere egurrarekin zer egiten dugun eta tresna horrek iraun dezan zergatik zaindu behar dugun...».

Adituak haien adinean naturarekin zuen harremana kontatu eta bere ibilbide profesionala azalduta, erronka bat jartzen die, esaterako, eremu batean zer intsektu espezie dauden identifikatzea, horretarako tranpak jarriz, sailkatuz...

2024-2025 ekimena gauzatzen duten laugarren ikasturtea da eta 33 gaztetxok eman dute izena, orain arte 118k parte hartu dute. Zaletasun berdina duten pertsonak ezagutzeko aukera ere badela nabarmendu du Orbegozok eta intereseko esparruan sakontzen jarraitzeko bibliografia eta erakundeen kontaktuak ematen dizkiete. Etorkizuneko zientzialarien harrobia izatea nahi dute, horregatik akordio bat dute bai partaideekin bai familiekin ondorengo urteetan inpaktuaren neurketa egiteko.

Aranzadi Elkarteak darama aurten ekimenaren eguneroko kudeaketa, Naturan Hezik eragile asko baititu inguruan: unibertsitateak, Geoparkea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Real Sociedad... «Ez gaude bakarrik, aliatu pila ditugu laguntzeko prest, eskolek horrelako proiektu bat aurrera eraman nahi badute», zehaztu du Orbegozok.



Ekoalfabetizazioa, gako

Aldaketarako heziketa nahitaezkoa izanik, asmo hauei lotuta, 2017tik Naturan Hezi Eskola ere aurrera daramate helduak ekoalfabetizatzeko. Horren barruan, ia 90 lagun biltzen dituen topaketa bat egiten dute urtero, baita ikastaroak ere, bereziki Magisteritza fakultatean, etorkizuneko irakasleengan eragiteko, baina irekita daude beste interesdun helduei ere. Era berean, unibertsitateekin lantzen hasi dira DBHko ikasleei bideratutako jarduerak.

Horiez gain, bestelako jarduerak ere burutu dituzte urteotan, baina, egun, alboratuta dituzte Atenea ezagutzaren gaineko proiektu museistikoa garatzeko. Zehazki, Zientziabide atalean, Naturan Hezirekin lotura duten zein ekimen aurrera emango dituzten hausnartzen ari dira. Eta hori gutxi balitz, Gipuzkoa justuago, jasangarriago eta kultuago bat lortzeko bidean doan Ezagutza Biziz lan lerroaren barruan, puri-purian dauden gaien gaineko eztabaidarako gune bat sortzea aztertzen ari dira. Lehen kontraste saioak gauzatu dituzte jada, adin desberdinetako lagunekin, LHtik hasita irakasleetara.