Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Pello Bilbao
Bahrain Victorious taldeko txirrindularia

«Kirolariok askoren eredu izatearen erantzukizuna eta zortea daukagu»

Badira asteak oporrak amaitu eta bizikletarekin kilometroak pilatzen ari dela. Goi mailako kirola goi exijentziakoa da ere, eta horrek egoismoa areagotu dezake. Horren aurrean, Pello Bilbaok (Gernika, 1990), kirolarien inplikazioan sinisten du, beren «inpaktuak gizartearen onerako aprobetxatuz».

Pello Bilbao, Bahrain Victorious-eko txirrindularia.
Pello Bilbao, Bahrain Victorious-eko txirrindularia. (BAHRAIN VICTORIOUS)

Velo d’Or sariak banatu ziren atzo eta, lehen aldiz, «Gino Mader» saria eman da, kausa sozialekiko konpromisoa agertu duten ziklistak aitortzeko, 2023ko Suitzako Itzulian hildako kirolariaren izena harturik. Aitzakia paregabea, Mader taldekidearen oroitzapena bizirik mantentzen saiatu den Pello Bilbaorekin hitz egiteko.

Ekimen polita da. Baina, aldi berean, pena ematen du haren izena neurri handi batean bere heriotzaren ondoren ezagutu izanak.

Pena bat da, bai, dudarik gabe. Pentsatu nahi dut, bizirik jarraituz gero, aski ezaguna izango litzatekeela gaur egun eta, horren bidez, bere ideiak eta konpromisoa zabaldu ahal izango lituzkeela.

Bi urtez bakarrik izan zineten taldekideak, baina lotura sakona sortu zen.

Egia esan, ez genuen egutegi bera eta ez genuen lagun minak bilakatzeko denbora nahikorik izan. Baina, partekatu genuen denboran, ikusi genuen antzera pentsatzen genuela, gauza berberek kezkatzen gintuztela, kirolaz haragoko kezkak genituela... Atentzioa eman zidan. Beharbada tristea da esatea, baina kirolari askok ez dituzte kezka horiek. Pixka bat geurekoiak gara, gure kirolak oso absorbatzaileak dira eta inguratzen gaituen mundutik pixka bat isolatzen gara.

Zuen konexioa modu traumatikoan amaitu zen, gaztea zela hil zelako eta istripuak txirrindularitzak izan dezakeen arriskua begien aurrean jarri zizulako. Nola egiten da aurrera?

Denok galdu ditugu senideak, lagunak, lankideak... Oso gogorra da, baina heriotza bizitzaren parte da. Bestalde, gure kirolak arrisku puntu hori du. Oso presente daukat, eta gauza batzuk planteatzea eragin dit. Esaterako, beste kirol batean agian nire karrera 42 urteraino luzatuko nuke, kirolarekiko pasio handia daukadalako. Baina arriskua hurbil sentitze horrekin eta etxean sentitzen dudan erantzukizunarekin, seguruenik lehenago utziko dut. Arriskatzea gero eta gehiago kostatzen zait. Mentalitatea adinarekin batera aldatzen doa.

Agian horrekin bizitzak, jaiotzak, eragin handiagoa dauka heriotzak baino. Etxeko erantzukizuna aipatu duzu.

Nire kasuan biak lotuta etorri ziren nolabait, Ginorena gertatu zenean alaba ia-ia jaioberria baitzen. Horrek asko handitu zuen karga emozionala, bere familiaren azalean jartzen zarelako. Gainera, haren gurasoekin egon ginen hurrengo egunean eta oso gogorra izan zen. Eta bestetik, berriz, bizitzaren zikloa ulertzen eta hainbat gauza erlatibizatzen ere lagundu dit. Etxera bueltatu eta alabarekin eta emaztearekin batzea... horrek beste edozerk baino gehiago laguntzen dizu aurrera egiten.

Maite ditugun pertsonak gertu ez daudenean presente izaten saiatzen gara. Zuk Gino Maderen kasuan era polita aukeratu zenuen. Nola doa basoaren berritzea?

Ez dut gauza handirik azaldu orain arte eta azalpen bat zor dudala uste dut, batez ere ekimenak zer nolako erantzuna eduki zuen ikusita; itzela izan zen, mundu guztiko jendea inplikatu zen proiektuan. Baina orain arte blokeatuta egon da, aurretik negoziatuta zegoen basoaren jabeen artean desadostasunen bat sortu edo eta bertan behera geratu zelako salerosketa. BaSOS elkartekoek beste lursail bat bilatu behar izan zuten eta egun gutxi dira baieztatu didatela eginda dagoela; lursail bat erosi dute Muxikan eta bertan egingo da landaketa. Espero nuen berria Tourra hasi aurretik ematea, baina orain arte ezin izan dugu lursaila lortu.

Proiektuan iaz inplikatu zinen, baina aurretik zenuen.

Bizi garen lekuan bizitzeak, gurea bezalako ingurune batean kirola egiteak, naturatik gertu sentiarazten zaitu. Inguruko jendeak nola zaintzen duen ikusten duzu, mendian dabilenek zer kontzientzia duten... Eta apurka ardura hori hartzen zoaz. Ginoren kezkak eta ekologiarekin zeukan konpromisoa ikusteak hori areagotu zidan, akziora pasatzeko gogoa emanez. Beti errespetu handia izan diot naturari baina agian ez dut zuzenean parte hartu proiektu batean. Eta proiektu hau uste dut dela Ginoren kontzientzia zabaltzeko eta eredua jarraitzeko saiakera bat, eta eman nahi nuen pausoa ematen laguntzen dit.

Urrats zailena izaten da pentsatzetik egitera pasatzea.

Baina egin behar da, eta gainerakoak inplikatzen saiatu. Kirolariok erantzukizuna eta zortea daukagula uste dut, askorentzat eredua garelako eta horrelako ekintzek oihartzun pixka bat handiagoa dutelako, kirolari bat inplikatzen denean.

Tropelean ba al dira kausa batean inplikatzen direnak?

Gehiengoaren kasuan ezetz esango nuke. Egia da ni ere adina aurrera egin arte ez naizela konturatu egiten dudanak inpaktu bat eduki dezakeela eta ez dudala nahi nire sare sozialetan edo elkarrizketetan esaten dudana hutsean gelditzea edo inolako baliorik ez izatea. Edo bakarrik gauza superfizialak esatea edo balore negatiboak transmititzea. Agian ez naiz saltzailerik onena, baina “saltzen” dudan apurra gizartearen onerako edo kontzientziak apur bat mugitzeko balio izatea nahi nuke.

Ez du harritzen elitezko kirolean, hain konpetitiboa, «zilborrismoa» nagusi izateak.

Gure lanak exijitzen duen dedikazioak egoismora eraman gaitzakeela egia da. Baina kontrakoa izan behar luke, ikusita zelako gaitasuna daukagun gizartera heltzeko, eta batez ere jende gaztearengan dugun inpaktua. Modu positiboan aprobetxatu behar genuke, baina askotan ikusten dut gure irudia marken mende geratzen dela, eta ez idealen zerbitzura. Tamalez markek gidatzen gaituzte, eta beti arrazoi komertzialengatik.

Esan behar da ere, bestalde, kirolari asko ikusten ditudala bide hori hartzen dutenak erretiratu ondoren. Ordura arte oso zentratuta lanean aritu dira, gero agian ikusi dute etorkizuna ekonomikoki nahiko seguru dutela, eta euren denbora proiektu solidarioetara dedikatzen dute. Igor Antonen eredua etortzen zait burura; lan oso polita egiten ari da Galdakaoko Txirrindularitza eskolan, proiektu oso inklusiboa eta balore positiboekin... Niri ere gustatuko litzaidake erretiratu eta gero horrelako zeozertan inplikatzea eta denbora gehiago dedikatzea besteei, eta ez hainbeste nire burua zaintzeari.

Elkarrizketa honetan ez genuen txirrindularitzaz hitz egiteko asmorik baina ezin diot tentazioari eutsi, gutxienez azkenengo galdera honetan. Eta balorazioak egiteko eta asmo berriak planteatzeko datetara hurbiltzen ari garanez, zer diozu amaitu den eta datorren denboraldiari buruz?

Ez da izan denboraldi onena. Fisikoki oso maila onean egon naizela sentitu dut baina emaitzak ez dira izan horren islada. Nahi bai baina momentu klabeetan ezin egon, hori izan da sentsazioa. Arazo asko tarteko eta pixka bat jarraipena falta izan zait, azkenean, aurreko denboraldi asko ia perfektoak izan baitira. Eta tira, estatistikoki, denboraldi apur bat aldrebesa egotea ere tokatzen zen. Aurten egokitu da eta espero dut datorrenerako zortea berriro ere nire alde izatea.

2025era begira, oraindik zabalik dago dena baina nire asmoa printzipioz gehiago doa Girotik Tourretik baino. Eta gero karrera gehienak, orokorrean, urtero errepikatzen direnak, Emiratoetako Tourra, Itzulia, Ardenetako klasikak… Ez dut uste aldaketa handirik egongo denik ohiko egutegian eta gero ikusi beharko da Giroa edo Tourra egiten dudan baina, printzipioz, gehiago ikusten dut Giroa.