Gol festa izan dugu gaur Sadarren Osasunaren eta Alavesen arteko euskal derbian. Partida bizia, erritmo handikoa, eta joan-etorri askokoa jokatu dute bi taldeek. Lehenengo zatian Alaves izan da nagusi; bigarrenean, berriz, Osasuna, nahiz eta Alavesek ere izan dituen momentu onak. Azkenerako, puntu bana eraman du Sadarretik talde bakoitzak, eta biek ere, laugarren partida dute jarraian hiru puntuak bildu ezinik.
Badago idatzita ez dagoen lege bat futbolean: zure taldean jokatu duen jokalari batek zure aurka jokatzen duenean, gola egiten duela. Bada, gaur, Kike Garciak bat ez, bi gol egin dizkio Osasunari. Partida hasi eta berehala, 40 segundorako Alaveseko aurrelariak lehen gola egin du. Osasunako jokalariek ez dute aukerarik izan baloia ukitzeko. Martinek erdiraketa bikaina ipini dio Kike Garciari, eta azken horrek bere gorputza lurrera botaz, buruz errematatu du markagailuan aurretik jartzeko.
Vicente Morenoren jokalariak kokatu ezinik ibili dira lehen zatian, hein haundi batean, Alaves ondo kokatuta zegoelako zelaian. 33. minutuan Kike Garciak beste gol ikusgarri bat sartu du, baina jokoz kanpo zegoen.
Osasuna esnatu egin da
Bigarren zatian Osasuna esnatu egin da, eta taldearekin batera, Budimir goleatzailea. 52. minutuan, Catenak aukera paregabea izan du partida berdintzeko, Aresoren erdiraketa baten bitartez, baina Siberak geldiketa bikaina egin du, baloia kornerrera bidaliz. Korner horretan, baina, iritsi da gorritxoen gola. Ruben Garciak erdiratu du baloia, Catenak errematatu du, eta hortxe zegoen prest Budimir baloia sareetara bidaltzeko. Hamargarrena du denboraldi honetan. Ia bigarrena ere egin du Osasunako jokalariak 56. minutuan, baina jokoz kanpo zegoen.
60. minutuan iritsi da Osasunaren bigarren gola. Ruben Garciak area ertzean jaurtitutako faltak giza-harresian jo du, eta zorte pixka batekin, sareetara joan da baloia. 2-1 nafarren alde.
Segituan erreakzionatu dute Eduardo Coudeten jokalariek, ordea. Berriro ere Kike Garcia izan da. Carlos Vicentek erdiraketa bikaina egin du, eta bigarren zutoinean lurrera botata, sareetara bidali du baloia Alaveseko aurrelariak. Bost gol daramatza Garciak.
Berdinketarekin konformeago zegoen Alaves Osasuna baino. Gorritxoek izan dituzte aukerarik garbienak partida irabazteko, baina Sibera haundi batekin egin dute topo behin baino gehiagotan.