23 urteko gizonezko bat atxilotu dute Errenterian, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta. Lakuako Segurtasun Saileko iturriek Europa Pressi adierazi diotenez, erasoa larunbatean gertatu zen, Lezoko kale batean. Gizonak eraso egin zion bere bikotekideari eta emakumea osasun zentro batean artatu behar izan zuten. Handik gutxira atxilotu zuten, Errenterian, eta epailearen aurrera eraman polizia-etxean izapideak egin ondoren.
Errenteriako Udaleko alderdi politiko guztiek adierazpen instituzionala adostu dute aho batez, eraso matxista honen aurrean gaitzespena adierazi eta astearte honetarako mugimendu feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egiteko.
Adierazpenean diotenez, ez dituzte «horrelako gertaerak gure jendartean onartzen» eta horregatik erakunde gisara lanean jarraituko du Udalak «indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen».
Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatu ditu, eta «bereziki gizonezkoak», «beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera».
Udalak erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna eta babesa helarazi dizkio, eta horrekin batera «Udalaren esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak» jarri ditu haren eskura.
Elkarretaratzea 19.00etan
Bukatzeko, Udalak bat egin du eraso hori gaitzesteko Errenteriako eta Lezoko Mugimendu Feministak abenduaren 10erako deitu duen mobilizazioarekin. 19.00etan izango da, Renfeko geltokian. Herritarrei bertan parte hartzeko gonbita egin die.