Inspirazioak lanean harrapa zaitzala esan izan ohi da; inspirazio faltarik ez, baina aparretan dauden unean lanean tinko harrapatu ditugu Moriartitarrak. ‘Marco’ zinema aretoetan ibilbide arrakastatsua izaten ari den une berean eman dute albistea: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariak, Goenagaren jatorrizko gidoiarekin, ‘Maspalomas’ fikziozko seigarren film luzea grabatzen hasi dira.
Filmari izena ematen dion Maspalomas, Kanaria Handiko hegoaldeko muturrean dagoen hiria da. Pelikularen protagonista Vicente izango da; 75 urteko gizonezko homosexuala da eta hiri horretan bizi da bere bikotearekin batera. Tramaren ekintza nagusiak, bikoteak uzten duenean hasiko dira; zahar-egoitza batean sartuko dute eta bertan bere identitatea ezkutatzea erabakiko du. ‘Armairutik atera’ ordez, Vicentek ‘armairuan sartzea’ erabakiko du. «‘Maspalomas’ filmak konfinamendu psikologikoen (eta fisikoen) eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa egin nahi duen filma da», azaldu du Goenagak.
Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti aktoreak ditu protagonista.
Duela bi aste hasi ziren filmatzen Euskal Herrian eta Kanariar Uharteetan eta zortzi aste inguruko filmaketa lana izango dute aurretik. Pelikulak dituen ezaugarrien artean bada bereziki deigarria den bat: 35mm-tan filmatzen ari dira. Zenbait zinemagilek erabiltzen jarraitzen duten formatua da, kalitate bisual bereizgarria eskaintzen duelako eta irudiek atmosfera berezia jariatzen dutelako. Zinema tradizionalaren testura eta kalitatea mantendu nahi dutenentzat aproposa den arren, arlo ekonomikoan eta logistikoan zenbait erronka dakartza: kostu handiagoak, grabazio denbora mugatuagoa, lan tekniko eta edizio prozesu konplexuagoa eta abar. Erronka zinez ausarta eta txalogarria.
Adinekoen egoitza grabatzeko aukeratu duten kokalekuari dagokionez «ikastetxe bat izandakoa da, baina guk zahar-etxe bilakatu dugu. Nortasun handia duen lekua da eta bisualki oso boteretsua da, gure istorioari ezin hobeto dihoakion lekua da. Istorioaren zati handi bat bertan gertatzen da» azaldu du Aitor Arregik.
Zinemagileen azken hiru film luzeak -‘Handia’, ‘La Trinchera Infinita’ eta ‘Marco’-, beraien artean guztiz desberdinak izanik ere, partekatzen duten ezaugarri nagusi bat dute: beren aurreko lanek baino izaera zabalagoa dute, istorio ‘handiagoak’ jorratzen dituzte, eta azken biak gainera, gaztelerazkoak dira. ‘Maspalomas’ aldiz, ‘Loreak’ edota ‘80 egunean’ izenburuek zuten begirada intimistara itzulera izango da, euskaraz, eta istorio ‘txikiagoa’ izango du oinarri.
Queer Zinema Euskal Herrian
Urteak igaro ahala izugarri aldatu da homosexualitatea zineman irudikatzeko modua; 80ko hamarkadako pertsonaia estereotipatuek, pertsonaia mota eta istorio askoz ere errealistagoei bidea eman diete, adibidez. Estatu Batuetan eta zinema independentearen baitan jaiotako New Queer Cinema delako mugimendu zinematografikoak, 90eko hamarkadaren hasierara arte ez zuen bere hazkundea izan.
Urteetan zapaldua egon den LGTBI+ kolektiboak, 1977an antolatu zuen lehenengo manifestazioa Euskal Herri mailan, eta 4000 lagun inguru bildu ziren. Geroztik apurka-apurka eskubideak berreskuratzen joan dira eta, errealitatean ez ezik, zazpigarren artean horien istorioak islatzen hasi dira; ‘Ander’ (2009, Roberto Castón) edota ‘80 egunean’ (2010, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño) esaterako bi adibide esanguratsu dira. ‘Maspalomas’ multzo berezi horren barruan kokatuko den filma izango dela dirudi.