EAJren ekimenez, eta PSEren eta PPren aldeko botoekin, Udalatxeko gurutzearen eraispena gaitzesten duen ebazpena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta Arrasateko Udalari berreraikitzeko eskatu diote. Udalbatzak, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoekin, duela hilabete onartu zuen «elkarrizketa eraikitzailea» sortzea ikur «laikoa, neutroa eta inpartziala» jartzeko.
1971eko urrian jarri zen gurutzea Udalatxen Jan Da Lo mendizale taldearen ekimenez. Urte horretako abuztuaren 27an hil zen Angel Balzategi Erregetxo mendizale arrasatearra, eta haren omenez egin zen ekimena, hura eta hildako mendizale guztiak oroitzeko 12 metroko gurutzea jarrita. Ikur erlijiosoa Arrasatetik ikus zitekeen.
«Izan zitekeen harri, zutargi edo enbor. Baina ez, Gurutze Santua zen. Horrek dakarren guztiarekin»
Baina 2024ko urriaren 12a Udalatx gurutze barik eta olerki batekin iratzarri zen. «Izan zitekeen harri, zutargi, mugarri edo oroigarri. Izan zitekeen egur, enbor, lore edo landare. Izan zitekeen arrano, ahuntz, bele edo sai. Izan zitekeen aizkora, piolet, lai edo igitai. Baina ez, Gurutze Santua da. Zen. Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin. Eta bai. Hau ere omenaldi bat da. Orduan, eta harrezkero, zendutako mendizaleei eginikoa, ere bai. Burdin puska honek daukan zama arinduta gainera. Historia guzti hori kentzen da haien motxiletatik. Hegan egin ditzaten, haien ametsek, Marirekin batera, geure mendi eta bailaretan. Libera ditzagun guztiak; arbasoen ametsak, sorginak, mendia eta Lurra, botere zapaltzaile guztien atzaparretatik at», esaten zuen mezuak.
Honek erreakzio ezberdinak izan zituen. Batzuek gurutzea eraitsi izana gaitzesten zuten, hildako mendizaleei omenenaldia zelako eta mende erdiz egon delako bertan.
Beste batzuek, ordea, 1971n gurutzea jartzea ekintza neutroa ez zela izan nabarmendu zuten, ikurraren izaera kristaua seinalatuz, jarri zen garaia gogoratuz (frankismoan) eta talde jakin batek inori galdetu gabe jarri zela adieraziz.
Arrasateko Udalak gurutzearen desagertzea ikertuko zuela iragarri zuen. «Ikerketa ez da ari ematen emaitza ziurrik, izan ere, gurutzea zegoen ingurua garbi agertu da, eta ez dago gurutzearen zantzurik. Gainera, kokapenak eta gauez egin izanak testigu presentzialen falta ageria ekarri du», ohartarazi zuen.
Horretaz gain, alkateak alderdiekin, Besaide Mendi Elkartearekin, Arrasate Zientzia Elkartearekin eta mendiari lotutako beste elkarte batzuekin hainbat hartu-eman izan zituen.
Udalatx gune babestua denez, gurutzea ezingo zela berriz eraiki ere gogoratu zuen Udalak. «Ezin da eraikin edo instalazio berririk egin, ezta zinegetika jarduerarekin lotutakorik ere. Babestutako lurzoru horretan kokatu behar diren interes publikoko eraikin, instalazio eta azpiegiturak, betiere, Udalatxeko eremu babestua balioesteko jarduerak garatzeko helburu bakarra badute», dio legeak.
Orain zer? Gurutze kristaua edo ikur laikoa
Azaroaren hasieran, EAJ eta PSEren udal taldeek mozio bat aurkeztu zuten Udalbatzan, gurutzearen eraispena gaitzesteko eta beste bat eraikitzeko eskatuz.
Aldiz, Udalbatzak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen botoekin, mozio hori errefusatu zuen. Horren aurrean beste mozio bat onartu zuten, guztien adostasunarekin, hildako mendizaleen omenez ikur laiko bat jartzeari buruzko elkarrizketa eraikitzailea sortze aldera.
Baina EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du orain gaia eta azaroan Udalbatzak eztabaidatutako antzeko mozioa aurkeztu du. Bertan, PSE eta PPren babesa jaso du testuak eta, horrela, «Udalatxen gurutzea egondako lekuan beste gurutze bat, hasierakoan zeuden bertsoak eta guzti, jartzeko beharrezko izapidetze eta gestioen lidergoa har dezan» eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Arrasateko Udalari.
Gurutzearen eraispena «ekintza autoritarioa, aldebakarrekoa eta koldarra» izan zela adierazi du Ander Garay EAJko batzarkideak eta gurutzea «ikur historiko eta kulturala» zela defendatu du. Garayk nabarmendu du gurutzea interes publikokoa deklaratzeak horren berreraikitzea ahalbidetuko duela.