Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio sailak bere lehen zaharberritze-proiektua bukatu du: Montxo Armendarizek 1981ean zuzendutako ‘Nafarrako ikazkinak’ (‘Carboneros de Navarra)’ dokumentala. Lan horren azken bertsioa abenduaren 15ean aurkeztuko da lehen aldiz jendaurrean, Donostiako Tabakaleran 19.00etan. Proiekzioa berezia izango da, ‘Tasio’-ren (1984) kopia zaharberrituaren emanaldia ere hartuko baitu eta gainera errealizadore nafarra izango da bertan. Emanaldi bikoitzz hau Gasteizko Artium museoan errepikatuko da, abenduaren 22an 19.00etan.
Filmategitik azaldu dutenez, ‘Nafarrako ikazkinak’ zaharberritzeko lanak Spinner S eskanerrarekin egin dira. Filmategiak 2023ko amaieran eskuratu zuen MWA enpresa alemaniarraren ekipo aurreratu hori, lehiaketa publiko baten bidez eta Jaurlaritzaren finantzaketarekin. Aparatu horrek formatu guztietan digitaliza dezake, eta 13,5 K arteko kalitatea lortzen du.
«Ezaugarri horiei esker, zehaztasun handienarekin digitalizatu eta zaharberritu ahal izan dira obra honen fotogramak, irudien eta soinuaren kalitateak Armendarizen jatorrizko asmoa fideltasunez islatzen duela ziurtatuz», ziurtatu dute.
Tradizioak eta giza paisaia
‘Nafarrako ikazkinak’ dokumentalak Nafarroako mendietako azken ikazkinen bizitza erakusten du, eta Lokiz mendilerroko tradizioen eta giza paisaiaren testigantza bat da. Lan hau egiten ari zela, zuzendari nafarrak Anastasio Ochoa ezagutu zuen, eta hark ‘Tasio’ (1984) filmeko pertsonaia nagusia inspiratu zuen gerora.
Euskal zinematografian funtsezko zinemagilea da Montxo Armendariz. ‘Tasio’ filmaren berrogeigarren urteurrena ospatzeko, Filmategiak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu duen bertsioa proiektatu du aurten zenbait jaialditan –Cannes, Bolonia, Donostia, Lyon— eta hainbat hiritan— Paris, New York, Madril, Sevilla eta Valentzia, besteak beste—.
«Lan horrek inflexio-puntu bat markatzen du euskal ikus-entzunezkoen ondarea kontserbatzeko zereginean, eta Euskadiko Filmategiak gure memoria filmikoa zaintzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa berresten du», nabarmendu dute.