Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Alaia Martin Etxebeste
Bertsolaria

«Gauzak lurrera ekartzeak sortzen laguntzen dit, agian nire egunerokoa ere oso lurrekoa delako»

Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987) 2011n sailkatu zen lehen aldiz finalera eta orduz geroztik beti egon da Illunbeko oholtzan. Inoiz baino bizitza «lurtarragoa» duela dio, eta jolaserako gogoz igoko da fokupera.

Alaia Martin Etxebeste, bertsolaria.
Alaia Martin Etxebeste, bertsolaria. (Jon Urbe | FOKU)

Zer moduzko gorputzaldia duzu finalari begira? (Finala baino aste eta erdi lehenago egin zen elkarrizketa)

Astebete baino gehiago falta da, oso gertu ikusten dut, baina egun batzuk baditut oraindik, ilusioz ikusten dut nire burua, gogoa daukat bidean gozatzeko, gozatzeko aurreko egunak, nahi dudan gorputzaldi hori bilatzeko edo gorputzak eskatzen didanari erantzuteko, ingurua goxatzeko eta fintzen segitzeko. Azken egunera arte norbere bertsokerari, norbere barne bilaketari edo zizelkatze horretan intuizioari adi egoteko gogoa dut.

Martxan zegoen tren batera igo zinen txapelketan. Nola igo zinen tren horretara?

Bertigo pixka bat banuen sartzeko, eta baita ilusio handia ere. Urri hasierarako sartzeko gogoz nengoen eta txapelketako gorputzaldian sartzeko gogoa nuen, plazan banenbilen, baina badakigu txapelketa beste kode bat izaten dela. Gipuzkoakoa zehazki duela bost urtetik berritu gabeko kode bat zen nire buruan eta gorputzean, irrikaz nengoen hasteko.

Urte osoan oso presente izan nuen gauza ezberdinengatik txapelketaren etorrera hori, gero Eibarko astea lasai eta gogoz pasa nuen, eta gorputzaldi onarekin iritsi nintzen, pozik; nahikoa gozatu nuen kantuan. Nahiz eta beti geratzen zaigun bertso edo posizio batzuei ukituren bat emateko nahia, orokorrean sentsazio onak izan nituen.

Eta finalerdietan?

Zarautzera begira ere saiatu nintzen jabetzen pasabide bat baino gehiago dela finalaurreko bat, finalarekin egiten dugu denok amets, plaza handi horrekin, baina finalerdi bat ere izugarrizko plaza da, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu hori. Ahalegina egin nuen kontziente izaten eta saio hori bizitzeko gogoz joaten. Ariketak oso-oso bereziak edo oso bihurriak ziren finalerdietan, batetik besterako jauziak oso bortitzak ziren eta kontzentrazio maila handia eskatzen zuen saioak, horretan zentratu nintzen.

Oso saio ezberdinak egin nituen, baina Zarauzkoarekin gauza batzuetan gusturago geratu nintzen, urduritasunaren aldetik askoz urduriago sumatu nuen nire burua, baina esango nuke bide polita izan dela, eta Zarautzen taldearekin ere asko gozatu nuela. Elkarrizketa horiek eraikitzen sentitu nintzen gustura, entzuten ari nintzelako, eta konturatu naiz horren ondoren niretzat oraintxe bertsotan oso garrantzitsua den gauza bat entzutea dela.

Izan ofizioetan edo bakarka, etengabe zehaztasuna sumatu dugu zure bertsoetan: Crocsak, Twingoa, haurraren jostailuak, hanketako babak…

Niretzat zehaztasuna garrantzitsua da, zehaztasunak eta zorroztasunak ematen dute antzekoak direla, baina ez dira gauza bera. Gustatzen zait pertsonaia edota egoera marraztea, niri laguntzen dit sortzen, eta beste sortzaileengan asko estimatzen dudan gauza bat da, ikustea, bisualizatzea edo lurrera ekartzea gauzak. Eta niretzat gauzak lurrera ekartzeko modu bat da zehaztasuna, eta hori interesatzen zait, agian nire egunerokoa ere oso lurrekoa delako, oso momentukoa, oso egunerokoa eta oinezkoa, interesatzen zait horra ekartzea. Agian bizitzako momentu horretan nagoelako izango da, egunerokoaren arrunkerian ez, baina soiltasun eta sinpletasun horretan bai, eta aldi berean gauza ederra da hori ere. Denok konpartitzen ditugun kode, gertaera, usain edota kolore asko daude hor, zehatzean eta egunerokoan.  Agian bilaketa bat badaukat horrekiko, eta interes bat; besteek sortzen dutenean ere horrek harrapatzen nau askotan, horrek egiten dit erresonantzia bat.

Illunbeko plaza zapalduko duzu berriro, zein gorputzaldi edota asmorekin joan nahiko zenuke plaza horretara?

Zaila da asmatzen gero egunak nola harrapatuko zaituen, askotan sorpresa handienak egunean bertan etortzen dira, beldur eta ilusio handienak momentuan bertan etortzen zaizkizu, orduan zaila da asmatzen. Nahiko nukeena garbi dut: zer plaza puska den kontziente izan, zer luxua den, zenbat jendek lan egiten duen saio hori aurrera ateratzeko, zenbat jendek hartzen duen bere bizitzako arratsalde bat horretarako.

Gauza asko gerta daitezke. Zortea izan dugu han egoteko berriz, eta hori gozatzeko kontzientzia eta kontzentrazioa nahi ditut. Eta gero, jolaserako askatasuna ematea nire buruari, ilusioa daukat saio bete-bete bat, oso-oso bat, eta on bat egiteko; baina jolastu egin nahi dut, nahi dut bertso barruan esperimentatu eta entzun, ondokoa entzun eta ea zer eraikitzen den. Finaletan beti izaten da, baina uste dut elkarrizketarako oso talde ona dela, unibertso, konbertsazio, pertsonaia berriak sortzeko oso aukera polita izango dugu abenduaren 14an, eta hori aprobetxatu nahi dut. Puntu guztiak aprobetxatu nahi ditut, hitzak aukeratu senetik, eta askatasunetik ere bai, ahal bada.

Zer iradokitzen dizu osatu duzuen zortzikoteak?

Pozik nago tokatu den taldearekin, prestaketa jende ezberdinarekin egin dut, tartean, adibidez, Oihana Arana eta Maider Arregirekin; bi bertsolari puska dira, eta Maiderren kasuan, adibidez, hor geratu izanak pena eman dit, izan zitekeelako beste zortzikote bat eta beste zortzikote bat ere bikaina izango litzatekeelako.

Taldearen osaerarekin pozik nago, gure saiotik ere hiru sailkatu izanarekin poz-pozik, Aner sailkatu izanarekin ere bai, uste dut oso saio ona egin zuela Zarautzen. Esango nuke lehen aldiz sailkatu diren hiru bertsolariek asko emango diotela finalari, eta beste guztiengan ere konfiantza osoa daukat, gogoa daukat denak elkartu eta ikusteko zer egin dezakegun. Elkar hartu eta saio handi bat egiteko, eta asmatzeko zerbait sortzen eta denontzat egun berezi bat izan dadin eragiten.

Bestetik, ni lehenengo aldiz 2011n sailkatu nintzen finalera eta emakume bakarra nintzen final hartan, ordutik hona nola aldatu diren gauzak... 2015ean Oihana Iguaran pasa zen eta 2019an erdi eta erdi izan ginen. Gerora iritsi gara eszenatoki honetara, niretzat izugarrizko aldaketa da lehenengo final hartatik datorkigun honetarako jauzi hori, eta ilusio horrekin ere bizi dut.

Zure ustez bertsoaren ekosisteman zein garrantzi dute bertso eskolek?

Nire ustez oinarrizkoak dira. Nire kasuan abiapuntua da, 12 urterekin hasi nintzen bertsotan bertso eskola bati esker, amu hori jarri zigutelako, egin zigutelako hurbilketa lan hori, goxotasun lan hori, eraman gintuztelako bertso saioetara, Arkaitz Goikoetxeak, esaterako. Sare bat izan genuen, Oiartzunen bazegoen bertso aste bat eta bertso mugimendu bat, eta horri esker zaletu ginen, Oiartzungo bertso eskola handi horri esker, edo bertso eskola txiki askotariko horiei esker.

Ezinbesteko balioa dute. Niretzat, behintzat, sarea egiteko, garatzeko eta hobetzeko, plaza bezain garrantzitsua izan da bertso eskola. Plazak asko ematen du, eta asko eman dit eta asko ematen dit, uste dut plaza oro ikasten dudala zerbait nire buruaz, inguruaz, bertsoaz edo testuinguruaz. Baina garapena askotan bertso eskolan gertatzen da, eta hor, nik gogoan dauzkat bai Oiartzungo bertso eskola, bai Bilboko bertso eskola, baita Añorgan egin izan duguna ere; baita txapelketa honetarako Oiartzunera etorri zaizkidan lagunak ere, niri logistikak errazteko, hori ere asko estimatzen dut. Donostian ere elkartu gara esandakoekin, nik uste dut garapen espazio bat dela, eta eusteko espazio bat ere bai, norbere argi-itzal horietan, indartzeko espazio bat dira bertso eskolak eta ezinbestekoak, bertsogintzak aurrerapausoak eman ditzan eta mantendu dadin dagoen espazio horretan.