SPONSORED CONTENT

Santa Lutzi azokan, zuzeneko salmenta bizirik

Abenduaren 13ko Santa Lutzi feriak lehen sektoreko ekoizleak eta erosleak harremanetan jartzeko aukera eskainiko du, beste urte batez, Zumarragan jarriko diren 216 postuetan eta Urretxuko beste 125etan. Horrez gain, kirol, kultur eta gastronomia arloko ekitaldiak ere izango dira, bezperatik hasita.

Zaldiekin  batera, fruta eta berdurak nagusi izango dira aurten ere Santa Lutzi azokan.
Zaldiekin batera, fruta eta berdurak nagusi izango dira aurten ere Santa Lutzi azokan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Abenduaren 13ko azoka Erdi Aroan egiten hasi zen Ezkioko Santa Lutzi ermitaren ondoan, eta 1727an Urretxun egitera pasa zen. XIX. mendearen erditik aurrera, Zumarragara zabaldu zen eta 1994 urtetik bi herriek lankidetzan antolatzen dute Euskal Herrian garrantzitsuenetarikoa den nekazaritza eta ganadu azoka hau. Horrela, feriak bertako produktu eta erosleez gain, kanpokoak ere erakartzen ditu Urretxu eta Zumarragara, beren mugetatik haratago zabalduz eta aukera berriak sortuz.

Bide batez, internet bidezko erosketak nagusitzen ari diren aro berri honetan, Santa Lutzi bezalako feriek ekoizlea eta eroslea harremanetan jartzeko ahalmenari eusten diote. «Produktua sortu eta egin duenak zuzenean eskaintzen dio bezeroari, aurrez aurreko topaketan, bitartekaririk gabe, baina aro eta ohitura berriei bizkarra eman gabe, tradizioa eta aro digitala uztartuz», azaldu dute antolatzaileek.

Ohikoa den bezala, goiz guztian zehar pottoka eta Euskal Herriko mendiko zaldien erakusketa egingo da Zumarragako Urdaneta hiribidean. Antolatzaileen hitzetan, urtetik urtera gehitzen doaz bai sariketara aurkezten diren buruak –aurten 149 izango dira–, baita salmentarako ekartzen dituztenak ere. Horrekin batera, nekazaritzako tresneriak bere gunea izango du La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan, eta Zumarragako Euskadi plazan zein Urretxuko Areizaga plazan jarriko diren 341 postuetan baserriko produktuek eta artisautzak ere toki berezia izango dute.

Azokaren inguruan, baita ere, kultur, kirol eta gastronomia arloko ekintzak antolatu dira aurten, hala nola ardo azoka, txekor jana, musikarien kalejirak, herri kirolak, pilota partidak edo argazki rallya.

Ardo azoka Urretxuko Iparragirre plazan izango da, ostegunean (abenduak 12, arratsaldeko 18.00etan hasita) eta bertan Arabako Errioxako urteko ardoen dastaketa egingo da, Manuel Ruiz eta Mikel Garaizabal enologoen laguntzarekin eta zortzi upategitako ardoekin. Horrekin batera, ostegunetik ostiralerako gauean Eusko Label txekor bat erreko da, hamasei orduz, Urretxuko Labeaga kalean, jarraian, goizeko 11etatik aurrera, txekor horren pintxoak dastatzera emateko. Jasotako dirua, inklusioaren alde lan egiten duen "Marea urdina" elkartearentzat izango da. Ardo azokak ostiral egun guztian jarraituko du toki berean.

Aurten 149 zaldi eta pottoka eramango dituzte Zumarragako sariketara. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Kirol ekitaldiei dagokionez, eguerdiko 12.30ean herri kirol saioa izango da Ederrena pilotalekuan (aizkolariak eta harrijasotzaileak) eta artzain txakur eta ardien erakustaldi komentatua Zubimusu plazan. Arratsaldeko 17.00etan, profesionalen arteko pilota partidak izango dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Lehen partidan, Bakaikoa-Lizeaga eta Murua-Erostarbe izango dira, eta bigarrenean, Jaka-Imaz eta Artola-Mariezkurrena. Ohikoa den bezala, arratsaldeko 18.00etan idi probak izango dira Zumarragako Euskadi plazan, honako parte hartzaileekin: Asier Izagirre "Ipiña", Patxi Aranberri eta Rafa Alegria. Kirol egitarauak igandean izango du jarraipena eguerdirako iragarrita dagoen erremontarien partidarekin (12.00etan Beloki pilotalekuan).

Musikari dagokionean, egun guztian zehar Urretxuko Lizarriturri Txistulari Elkartea, Iratzarri Dultzainari taldea, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariak, Zumarragako Musika Banda eta Antxiñako Ama Txistulari taldeak arituko dira kalez kale. Eguna amaitzeko, Zatekeen taldearekin erromeria izango da Areizaga Kalebarren plazan, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.

Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi feriako establezimendu laguntzaileak: Prest lan bertikalak, Eitza consulting, Iraeta tabakoak, Lanbroa Belardenda.