SPONSORED CONTENT

Garena: iraganaren aztarnak, orainaren eta geroaren ulergarri

Ondarea memoriaren iturria izanik, kontserbatzeak berebiziko garrantzia du. Garena egitasmoak Kutxa Fundazioaren ondarea barnebiltzen du, haren zaintzaz arduratuz, ikerketa sustatuz eta gizarteratzea landuz.

Camino Doktorea liburutegia, Donostiari eta Gipuzkoari buruzko gaiak kontserbatzeko sortua.
Camino Doktorea liburutegia, Donostiari eta Gipuzkoari buruzko gaiak kontserbatzeko sortua. (KUTXA FUNDAZIOA)

Zer izan garen jakin, non gauden ulertu eta zer izan nahi dugun pentsatzeko balio du ondareak. Ikaskuntza interaktiboaren bidez jakintza humanistikoa, artistikoa, teknologikoa eta zientifikoa ezagutu, ulertu eta zabaltzea xede du Kutxa Fundazioaren Ezagutza Biziz lan lerroak. Askotariko ahotsetik eta askotariko materiatik abiatuta, jakintzak bertaratzen ditu, erabiltzaileei edo publikoari laguntzeko norberak bere buruari galderak egiten, kontzientzia kritikoa sustatuz.

Ildo horretan aurrera daramatzan egitasmoetako bat da Garena, Kutxa Fundazioaren ondareaz arduratzen den programa, hura kontserbatu, ikertu eta herritarrei gerturatuz. "Iraganak etorkizun handia du" leloak adierazten du ikuspegi kritiko bat izateko jakitea funtsezkoa dela eta iraganeko iturri horiek, egin izan direnez gain, bestelako irakurketak egiteko aukera ematen dutela bai egun bai etorkizunean.

Kutxa Fundazioak lau artxibo garrantzitsu ditu, Gipuzkoari buruzko funtsak dituztenak: Arte Ederretako bilduma, 5.500 bat piezak osatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua biltegian jasoa; Donostiari eta Gipuzkoari buruzko gaiak kontserbatzeko sortutako Camino Doktorea liburutegia; fundazioaren jatorri diren bi kutxen artxibo historikoa, alde ekonomikoa eta sozialak egindakoaz eratua; eta 50 urte baino gehiago eta ia 2 milioi argazkilaritza objektu dituen Fototeka. Azken horietan, tartean, argazkilari profesionalen artxiboak eta XIX mendeko familia bildumak daude, eta "Gipuzkoaren memoria bisuala" bihurtu nahi dutela zehaztu du Garenaren arduradun Ane Abaldek.

 


Egitasmoak lotura estua du Artebidea lan lerroarekin, Fundazioak kulturan egiten duen lana biltzen duena: Kubo eta Artegunea erakusketa aretoak, Klubako eszenetako programazioa, literatur sariak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen Katapultatu programa... «Artistentzako plataforma bat da eta publikoari horrelako artefaktu kulturalak helarazten dizkie», laburbildu du Abaldek.

Gorde, aztertu eta plazaratu
Kontserbazioaren garrantziaz jakitun, kontserbatzaile-zaharberritzaileen formakuntzan ere dihardute. Gordailuarekin batera, Kutxa Fundazioa-Gordailua beka dute. Heziketa eta ikerketa lotuz, hemezortzi hilabetetan, Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroan zaharberritze metodo eta teknika berritzaileak ikasi eta horren jasangarritasunari buruz ikertu behar du bekadunak. «Materialen erabilpena, zeintzuk diren iraunkorrago eta jasangarriago, teknikak, zaharberritzeko behar den energia... Gure lanak zer inpaktu duen ikusi. Hori guztia ere zalantzan jartzen ari gara eta etorkizunerako balioko digute hausnarketa horiek», argitu du arduradunak.

Argazkilaritzan, berriz, bilduma garrantzitsua ere baduen San Telmo Museoarekin batera, 2021etik jardunaldiak antolatzen dituzte urtero. Izan ere, nahiz eta askotan argazkia papera edo malguan dela pentsatu, diziplinaren lehen urteetan askotariko teknikak baliatu zituzten eta haiek kontserbatzeko jakintza oso berezitua behar da. Adibidez, iaz, beira landu zuten.

 


Ikerketan ere elkarlanean dihardute. Balentziaga Museoarekin Cristobal Balentziaga Donostian egon zen garaiko lanekin ari dira, ez delako Parisekoa bezainbeste aztertu. Getxophotorekin lankidetzan, berriz, artista bat gonbidatzen dute funtsak landu eta praktika bat ateratzera. Halako ikerketekin gogoeta sustatu nahi dute, Abaldek ohartarazi moduan, «irudia gehienok darabilgun lengoaia bada ere, haren irakurketan zailtasunak ditugu, pentsatzen dugulako errealitatea dela eta ez da horrela».

Azterketa formalaz harago ikertzeko moduak daudela sinetsita, irekita daude jendea etorri eta edozein lanetarako funtsak kontsulta ditzan. Zentzu horretan, haien gainean egin diren irakurketez gain, memoriaren iturriak eskuragarri izateak garaian garaiko ikuspegitik irakurketa berriak egiteko aukera ematen duela sinetsita daude.

Garrantzia ulertarazi
Ondarea plazaratzeko argitalpenak egiten dituzte, erakusketak antolatu edo beste erakunde batzuenetan parte hartu, esaterako, artista gipuzkoar batena bada. Gizarteratzeko tresna garrantzitsuenetako bat Kutxateka da. Egun, Fototekako 600.000 argazki kontsulta daitezke, guztiak herri jabarikoak dira edo Kutxa Fundazioak ditu eskubideak, hortaz, edonork har ditzake eta erabili. Asmoa beste funtsetara ere zabaltzea da.

Elementu horiek kontserbatu, testuinguruan jarri eta edonoren eskura jartzeak duen garrantziaz jabetzeko beharra nabarmendu du Abaldek, eta artelanen moduan, besteak beste, argazkilaritza ere ondare dela ulertarazteko «didaktika eta pedagogia asko» egiten dutela uste du, «argazki batek kode edo informazio asko ematen baitu iraganari buruz».