Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Elordik eta Zabaletak bikote bikaina osatu behar izan dute Etxeberria eta Martija menperatzeko

Azken emaitza 22-15 izan bada ere gorrien alde, urdinak 2-8 aurretik hasi dira, batik bat Martijaren erakustaldi baten ondotik. Baina urdinen fisikoa beherantz haso delarik, Elordik Zabaletaren bikoeta baino gehiago ere badela erakutsi du aurreko koadroetan. Parttida bikaina jokatu dute laurek.

Aitor Elordik bederatzi egindakorekin bukatu du Labriteko partida.
Aitor Elordik bederatzi egindakorekin bukatu du Labriteko partida. (Iñigo URIZ | FOKU)

Elordi eta Zabaleta dira Binakako Txapelketa Nagusia irabazteko faboritoak, batez ere bikote moduan lan egiten badute. «Atano III.a pilotalekuan erakustaldia eman zuen Jose Javierrek; gaur gozakaitzago ikusi dut, baina behintzat lagundu ahal izan diot irabazteko», adierazi du Aitor Elordik Peio Etxeberria eta Julen Martija menpean hartu ostean. Mallabikoa eta Etxarrengoa 2--8 atzetik ibili dira urdinek suziriaren pare ekin diotelako partidari. Alabaina, bikotea osatuz eta urdinek fisikoki beherantz egin ahala buelta eman diote norgehiagokari.

Hori bai, gezurra dirudi hiru jardunaldiren ostean Etxeberriak eta Martijak oraindik punturik pilatu ez izana. Kosta behar zaie hain partida hasiera aparta errepikatzea, baina maila horretara hurbilduko balira, ez dira bikote asko erritmo horri eusteko gai.

Partida oso ona izan da, aurreneko tantoa aldrebes xamarra izan bada ere, Martijari ihes eginda urdinek egin dutena. Hala ere, bigarren tantorako partida gogorra zetorrela argi geratu da, Etxeberriak atzean zabalera botata aurrera atera dutena. Aurreneko jardunaldi bietan galtzaile atera ostean, Etxeberria eta Martija ez dira ipuinetarako kantxaratu, nonbait, nahiz eta jakin Zabaleta eta Elordi oso arriskutsuak direla.

Erreboteko zuloraino Etxarrengo atzelariak bota duen aurreneko kanoikadak argi laga die urdinei gorrien arriskua zenbaterainokoa den, eta hurrengoan, berriz, Elordi Zabaletaren aurrelari laguntzailea baino zeozer gehiago badela erakutsiz tanto aparta egin du txokoan.

Lentillarekin lanak

Ez dira kikildu Etxeberria eta Martija Elordi eta Zabaletaren indar erakustaldia dela-eta, eta Mallabiko aurrelariaren erremate oker bat baliatu dute markagailuan berriz ere alde egiteko. Etxeberria aspaldiko partez oso fin aritu da aurreko koadroetan, baina Martija pianista;, atzelari lehiakorra ez ezik, eskuinez fresko dagoelarik astintzen ere badakiela erakusten hasi da. Ezin esan Zabaletari bizkarra erakutsi dionik, baina Etxeberriak Elordi ezker eskuin behartu ostean, Etxeberriko atzelarik ere ondo atzeratzen dakiela erakutsi du.

Horrez gain, defentsa latza dutela erakutsi dute biek ala biek, nahiz eta Zabaletak eta Elordik berak ere galantak eman. Ondorioz, jokaldietan arriskuak hartzera behartu dituzte gorriak eta, noski, behartuz gero huts ere errazago egiten da. Bada, gorriek beraien hirugarren tantoa lortzerako Zabaletak ezustean lurretik dejada bota ondoren, urdinak 8raino iritsita zeuden, 2-8koan gorriak atseden hartzera behartu ostean.

2-8ko atsedenaldi horretan, hain zuzen, Jose Javier Zabaleta presaka joan da aldageletara, Martijaren pilotakada bikain bat airez eraman ezinik geratu ostean. Antza, lentilla batekin arazoa. Hurrengo tantoan dejadaz erakutsi duen maisutasuna ikusita, ez da gauza handia izan. Elordik, gutxiago ez izateagatik, dejadaz eta ezker gantxoz berehala egin ditu beste pare bat tanto: 5-8.

Noiz defentsan eta noiz erasora jokatzen ari diren ezberdintzea ez da beti lan erraza izan. Erreboteko zuloan sartu dio beste behin Martijak Zabaletari tantoa, aurretik Etxeberriaren bolea bikain batek, ustez tantoa bizirik mantentzeko bolea, tantoari buelta eman ostean.

Alabaina, hurrengo tanto bietan Zenotzeko aurrelariak kale egin du eta urdinen alde behar zuten tantoak gorrien aldera erori dira, Elordi eta Zabaletak laguntzarik beharko balute bezala, are gehiago hurrengo tantoan Martijari ezkerrez txapapera pilota erori ostean: 8-9 eta urdinek eskatu behar atsedenaldi taktikoa.

Baina etenaldi horrek ez du eragotzi gorriek markagailua berdindu eta are iraultzea. Ezkerrez egindako bi hormakoaz berdindu du Zabaletak aurrez pilotari urdinak dantzan erabili ostean eta sake bueltan 10-9koa ezarri du Mallabiko aurrelariak, gorriak aurrenekoz buruan jarrita. Hurrengo tantoan ere, Aitor Elordik txokoan bikain amaitu du. Urdinak, izan ere, horren maila ikaragarrian hasi direlarik, ez dira maila hori mantentzeko gauza izan.

Lana gogotik egin behar izan dute, eta gorrien pilota erabat lehortu da, baina halakoren baten Peio Etxeberriak ezker gantxoaz asmatu du, gorrien bolada eta pilota aldatu ahal izateko: 11-10. Aurreneko atsedenaldira iristerako, lau pilotariak ere nahikoa jota azaldu dira, baina lehiarako prest, Labritera gerturatu direnen gozamenerako. Elordik, kontraerasoan, 12-10ekoa ezarri du. Eta atera kontuak: 441 pilotakada ordurako.

Urdinak gainbehera

Ezkerrez bi hormako bikain batekin Peio Etxeberriak atsedenaldiak mesede egin diola kantxaratu da. Alabaina, hurrengo tantoan ez da horren egoki aritu eta defentsan erraz eraman ohi duen pilotak behera egin dio hanka. Izan ere, partidak onetik beste izan du gogorretik eta halakoetan tarteka huts egitea onargarria ere bada.

Baina Elordi eta Zabaletari irabazteko, hutsegite gutxi dira onargarriak, are gehiago aurrelari bizkaitarra bere atzelariaren konpartsa baino gehiago dela erakusten aritu delarik. Eta Etxeberriak, ahaleginak ahalegin, kontzentrazioa apur bat galdu ote duen...

Horren egoki hasi eta gero... baina supituki urdinak erori egin dira, maila fisikoa ezin berdinduta eta Elordiren inspirazioak gain hartuta. Aitaren batean, gorriek bere faboritotasuna nabarmen ezarri dute, bigarren atsedenaldi luzera 18-11 emaitzaz iritsi dira, Mallabikoak ezker gantxoaz emandako erakustaldiaren ondotik. Apustulariak ere, lasai, hasieran dirua harrika bota eta 2-8koarekin majo estutu eta gero.

Peio Etxeberriak, etsia hartuta, beste bi hormako eder bat oparitu du, bederen, eta tantoa ere amaitu du. Baina jarraipena eman behar azken orduko erreakzio horri, eta Elordik eta Zabaletak ez dute halakorik ametitu. Are gehiago, gorriei morala jatearren edo, Zabaletak txokoan dejada eginda sartu dio tantoa Etxeberriari, jotzaile ikaragarri bat baino askoz gehiago ere badela erakutsiz.

Baina urdinek, galduta ere, burua tente dela galtzea erabaki dute eta azken oldarralditxo bat izan dute. 20-15eraino hurbiltzea erdietsi dute behintzat, baina Elordik itxaropen guztiak kendu dizkie urdinei, lehenengo errestoan tantoa eginda eta azkena sakez borobilduta.

PARTIDAKO FITXA

Jokoaren iraupena: 70:04 minutu. Pilotakadak: 586. Sakez: 1 Elordik eta 2 Etxeberriak. Jokoan egindakoak: 9 Elordik eta 5 Zabaletak; 5 Etxeberriak eta 5 Martijak. Galdutakoak: 3 Elordik eta 0 Zabaletak; 6 Etxeberriak eta 1 Martijak. Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 2-3, 2-8, 3-8, 5-8, 5-9, 6-9, 11-9, 11-10, 12-10, 12-11, 13-11, 18-11, 18-12, 19-12, 19-13, 20-13, 20-15, 21-15, 22-15. Gorabeherak: Binakako Txapelketa Nagusiaren ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida Iruñeko Labrit pilotalekuan. Dirua gorri, oso garbi: 100-40ri. Aurreneko sakea, urdin.