«Justizia fiskalik gabe ez dagoela justizia sozialik» nabarmendu du ELAk Iruñean zein Bilbon egindako manifestazioetan. Bizkaiko hiriburuan 3.000 lagunetik gora atera dira kalera larunbat honetan, antolatzaileek jakinarazi dutenez, «kapitalarentzako zerga gehiago, iruzur fiskal gutxiago eta eskubide sozial gehiago» aldarrikatuz. Helburua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan eztabaidatzen ari diren zerga erreforma baldintzatzea zen, hau «justua» izan dadin.
Gaur egun, «langileek gero eta gehiago ordaintzen dute; enpresa eta kapitalek, ordea, gero eta gutxiago», gaitzetsi du sindikatuak.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak agertu du ogasunek zergatan biltzen duten dirua Europako batez besteko mailaren parekoa balitz EAEn 6.400 milioi euro gehiago izanen liratekeela. Langileriak zeharkako zergetan hamar eurotik zazpi ordaintzen dituela gaineratu du, eta azpimarratu du iruzur fiskala dela gaur dagoen «iruzurrik larriena».
EAJ eta PSEri eskaera
Lakuntzak kargu hartu die EAJri eta PSEri, zerga erreforma «oso mugatua» proposatu dutelako: «Kenketa zerrenda hutsa da, eta berez urriak diren sarrera publikoak areago murriztuko ditu». Horregatik, «zerga erreforma progresibo bat» galdegin die, egiturazko arazoak konpontzeko; «finka dezatela sozietateen zerga gutxienez %25ekoa izan dadin, kapital errententzako pribilegiozko tratua kentzea, ondare zergako tarifa bikoiztea eta ikuskaritza fiskalak areagotzea».
Bi alderdiei eskatu die azal dezatela «zergatik iruditzen zaien gaizki enpresek etekinen lau eurotik gutxienez bat ordaintzea edota zer dela eta ezin diren ikuskapenak gehitu».
ELAk zergati bat seinalatu du: «Gobernu honek eta ogasunak botere ekonomiko eta patronalarekiko duten menpekotasun agerikoa».
FISKALITATEA
— ELA sindikatua #AktibatuLortuZaindu (@ELASindikatua) December 14, 2024
✅ 3.000 lagun baino gehiago kalean Aldundiei zerga-erreforma justu bat eskatzeko
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundietan eztabaidan dagoen zerga-erreforma baldintzatzea zen manifestazioaren helburuahttps://t.co/sefG3vVMXv pic.twitter.com/P7UbdlTJL4
Pradalesen «baliabide mugatuez»
«Baliabideak mugatuak dira», erran zuen berriki Pradales lehendakariak, baita gaur zor publikoaz baliatzeak etorkizunerako gosea ekarriko duela ere. Lakuntzak argitu du arazoa ez dela baliabideak mugatuak izatea: «Kontua da bere zerga politikarengatik ez direla nahikoak». Kontraesan bat ere salatu du zor publikoari buruzko hitzetan, horixe izan baita 2025eko aurrekontuan gehien handitu den saila (%20).
ELAko idazkari nagusiari ulertezina iruditzen zaio, halaber, EH Bilduk «berariaz oinarrizko gaien defentsari uko egin izana, esaterako Osakidetza edota fiskalitateari dagokionez. Hau zertarako? Aurrekontuen inguruko antzezpen bat egiteko», gaitzetsi du.
Erantsi du gai hauetan uko egiteak «beste uko handiago bat» islatzen duela: «Ez dute oposiziorik egin nahi».
Iruñeko aurrekontuen aurka
Ostiralean, ELA Iruñean mobilizatu zen, «pobretzea geldiarazten ez duten eta lan aldarrikapen eta aldarrikapen feministei muzin egiten dieten fiskalitate eta aurrekontuen aurka, EH Bildurekin batera onartutakoak», azpimarratu zuenez. Lakuntzak salatu zuenez, «Maria Chivitek harro dio sei enpresatik bostek zerga gutxiago ordaintzen dituztela hemen Estatuan baino».
ELAk #ZergaPolitika errotik aldatzea planteatu du
— ELA Nafarroa (@ELANafarroa) December 13, 2024
️ Mitxel Lakuntza: “Pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopurua 96.000tik 114.000ra igaro da urtebetean Nafarroan"
"6 enpresatik 5ek zerga gutxiago ordaintzen dituzte Nafarroan Estatuko gainerako lurraldeetan baino" pic.twitter.com/xowP91YqrR
ELAk batzarra egin zuen 300 ordezkari baino gehiagorekin, Nafarroako zerga eta aurrekontu politikaren eta etxebizitzaren inguruan aritzeko. Sindikatuak zerga politika «errotik aldatzea» planteatu zuen. Horretarako, «PFEZa aldatu behar da errenta altuen zerga tasak handitzeko, Ondarearen gaineko Zerga aldatu behar da, eta enpresek irabazien gutxienez %25 ordainduko dutela bermatu behar da», zehaztu zuen.
Baina errealitatea hagitz ezberdina dela ikusten du: «Ia bere horretan jarraitzen du UPNren politika neoliberalak Nafarroako Gobernutik irten zela hamar urte pasa badira ere». Azpimarratu zuenez, Chiviteren adierazpenek «agerian uzten dute Nafarroako Gobernua zenbateraino dagoen botere ekonomiko eta patronalen menpe».
2025eko Nafarroako aurrekontuari dagokionez, iazko azaroaren 30eko Greba Feministaren aldarrikapenetako bat bera ere jaso gabe jarraitzen duela nabarmendu zuen.