Lau eta Erdikoak txapeldun berri bat dauka: Goiuri Zabaleta leitzarra. Nafarrak lehendabizikoz irabazi du Lau eta Erdiko txapela, azken hiru urteetako txapeldun Amaia Aldai mendean hartuta. Modu honetan, iazko arantza kendu eta Dimakoaren inperioa eten du Zabaletak.
Historia egin du Goiuri Zabaletak, 15 urte besterik ez dituela Lau eta Erdiko txapelketa irabazita. Leitzarrak zeresan handia emango zuela agerikoa zen, iazko finaletik urtebete igaro eta hazkuntza nabarmena eman baitu. Nolanahi ere, aurreikustean zaila zen finalean hainbesteko nagusitasuna erakustea, batez ere Amaia Aldai bezalako txapeldun baten aurka. Dimakoari kosta zaio partidan sartzea –inoz sartzea lortu bazuen– eta, hasi eta buka, Leitzakoak agindu du, kaiolan bere lehendabiziko txapela irabazteko.
«Ametsa» bete du leitzarrak. Bederatzi urterekin hasi zen pilotan eta sei urte beranduago, txapelik preziatuena irabazi du, 15 urte besterik ez duela. Historia egin du, Lau eta Erdiko txapelketa irabazten duen pilotaririk gazteena bilakatuta. «Mugarik ez dago», erantzun du Zabaletak finala bukatu berritan, oraindik ere hazteko tarte asko daukala berretsi asmoz.
Igande honetako finalean ere mugarik gabe jokatu du, «presiorik gabe», partidaren atariko elkarrizketetan aipatu legez. Askatasun horrek baimendu dio kantxaren erdialdean nagusi izatera, Aldai alde batera eta bestera mugiaraztera eta errematean ere ausarta izatera. Ausardia horrek, tarteka, aurkaria biziberritzea ekarri zion (4-0eko partziala eginda, 9-15era gerturatu da Aldai) baina, burua hotz izan eta tantoa lantzen hasi orduko, balantza Goiuri Zabaletaren aldera erori izan da.
Hasiera indartsua
Hasiera potentearekin ekin du partida nafarrak, 0-2 eta 1-4 aurreratuta, sakez indargunea erakutsita. Esnatu da nolabait Amaia Aldai, Zabaletak egindako huts bakana tarteko eta berdintzea lortu du (4-4). Dimakoaren ezaugarriak kontuan hartuta, bere berzpizkundea izan zitekeela zirudien baina ez du lortu kantxan presentzia gehiago izatea. Dantzan erabili du Zabaletak, zeinak pazientzia gehiago baliatu duen tantoak egiterako garaian; akaso, presioaren motxila hutsik zeukalako. «Estrategia bera mugiaraztea zen, luze jokatzea eta aurrean bukatzea», onartu dio NAIZ Irratiari Zabaletak. Buruan zeukan plana bikain islatu du Sestaoko Las Llanas pilotalekuan eta horri esker iritsi da 22 tantora arte.
Takada batean, hamar tanto egin ditu leitzarrak (4-14) eta Aldaik ezin izan du bere frustrazioa ezkutatu. Hormaren aurka, lurrean... haserre somatzen zitzaion dimoztarrari. Berak ere onartu du «uneoro deseroso sentitu» dela. «Ez dut ezer erabaki, inongo helbururik gabe atera naiz jokatzera. Berak demostratu du bere mailarik onena eta ni nire mailatik oso urrun ibili naiz», azaldu du Aldaik. Urte zaila izan da bizkaitarrarena, pilota uztekotan ere egon zen baina psikologoaren laguntzaz, lortu zuen egoerari buelta ematea. Urte zaila izanagatik ere, finalean lehiatu da eta hori balioan jartzen saiatu da, nahiz eta momentuan penatuta sentitu.
Sasoi gogoangarria
«Lan asko egin beharra dago», esan dio Kristobal Zabaletak bere alabari; Mikel Atutxak, aldiz,«zerbait aldatu beharra dago, ahaztu markagailuaz», aholkatu dio Aldairi, zalantzen zurrunbilo horretatik atera eta erreakzio bat bilatzeko. Eduki du bulkada txiki bat dimoztarrak, 4-0eko partziala lortu eta Zabaleta apur bat urduritzeko (9-15).
Nolanahi ere, kirola maiz norberaren momentuaren islada da. Amaia Aldaik urte traketsa izan badu, Zabaletak sasoi gogoangarria burutu du, Hiru Hiriburuak eta San Mateo torneoak bereganatuta. Kaiolako txapelketa bereganatuta –partidarik galdu gabe–, ginga jarri dio urteari. Final bikaina jokatuta, urduri jarri denean ere burua hotz mantenduta, «ametsa betetzea» lortu du. 2-7 azken partzialarekin, 22 tantora iritsi eta garaipen preziatua lortu du Zabaletak, iazko arantza askatu eta Dimakoaren inperioa etenda. Zortzi urteren ostean, Leitzak badauka beste kaiolako txapeldun bat, Oinatz Bengoetxearen ondotik (2016an irabazle).
FITXA TEKNIKOA
AMAIA ALDAI 11
GOIURI ZABALETA 22
Jokoaren iraupena: 41:51 minutu. Pilotakadak: 286. Sakez: 2 Amaia Aldaik eta 4 Goiuri Zabaletak. Jokoan egindakoak: 4 Aldaik eta 12 Zabaletak. Galdutakoak: 6 Aldaik eta 5 Zabaletak. Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 2-4, 4-4, 4-5, 4-14, 5-14, 9-14, 9-15, 9-17, 10-17, 10-18, 11-18, 11-19, 11-22. Gorabeherak: Sestaoko Las Llanas pilotalekuan jokatu zen Emakume Master Cup txapelketako finala. Sakea, urdin. Xabier Sainz de la Mazak, 40 urtez Sestaoko pilota eskolan era guztietako lan eskerga egin duen pilotari eta pilotazaleak, Sestaoko herriaren esker ona jaso zuen.