NAIZ

Eragile publiko eta pribatuekin etxebizitza politikak koordinatzeko foroa iragarri du Itxasok

Lakuak dekretu bidez onartu berri du Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea. Kontsultarako eta parte hartzeko gune bat izango da, eta eragile publiko, pribatu eta sozialak bilduko ditu etxebizitza-politikak diseinatu eta inplementatzeko.

Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren berri eman du Denis Itxaso sailburuak prentsaurreko batean.
Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren berri eman du Denis Itxaso sailburuak prentsaurreko batean. (IREKIA)

Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortu du, eragile publiko, pribatu eta sozialek parte hartuko duten kontsulta-erakundea, etxebizitza-politikak diseinatu eta koordinatzeko.

Lakuako Kontseiluak astearte honetan onartu du foro hori sortzea, eta 54 kide izango ditu Lakuaren, udalen, sektore pribatuaren eta herritarren hainbat elkarte eta kolektiboren izenean.

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, foroa Bilbon bilduko da lehen aldiz urtarrilaren 22an eta bertan jorratuko den lehenengo ekimenetako bat babestutako etxebizitzetarako lurzoruen kudeaketa bizkortzeko eta dinamizatzeko neurriekin lotuta dago.

Horrekin lotuta, Itxasok esan du 2006ko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen eraginkortasunaren azterketak egungo arau-esparrua berrikustea planteatuko duela, babestutako etxebizitza bultzatzeko, prozeduretan malgutasun eta arintasun handiagoa emanez.

Foroak proposatuko du, halaber, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan lurzorua lagatzeko ekimenak aztertzea eta «etxebizitza babestuetarako sailkatutako lurzoru publiko eta pribatuen mapaketa zehatza egitea, lursail holrien egoera eta ezaugarri zehatzak identifikatuz».

«Etxebizitza duina bermatzeko erronkak eskaintza aktibatzea eta eskura dauden baliabideak, hala nola lurzorua, hobeto kudeatzea konbinatu behar ditu nahitaez», azpimarratu du sailburuak.

Lankidetza publiko-pribatua aztertuko da, akordioak lortzeko hainbat mekanismo bilatzeko, adibidez, Europako Inbertsio Bankuarekin.

Azken batean, azterketarako, kontrasterako eta eztabaidarako gunea izango da, etxebizitza-politika publikoak indartzeko.

Egoerari aurre egiteko konpromisoa

Joan den larunbatean Bilbon etxebizitzarako eskubidea berma dadila eskatzeko egindako manifestazioari dagokionez, Itxasok proposamen hori errespetatzen eta ulertzen duela adierazi du, baina egoerari aurre egiteko eta sektore guztiekin lan egiteko Lakuaren konpromisoa gogorarazi du.

2025ean, EAEko hiru hiriburuetan eta Barakaldo eta Irun bezalako udalerrietan etxebizitzak alokatzeko tenkatutako guneen figura aplikatuko dela uste da, «maizterrak babestuko baitituzte».