2025a ospakizun-urtea izango da Kutxa Fundazioarentzat eta Tabakalerarentzat; izan ere, 25 urte beteko dira Kutxa Fundazioak Kubo erakusketa-aretoa inauguratu zuenetik, Donostiako Kursaalen, eta 10 urte Tabakalera ireki zenetik. Urteurren bikoitz hori ospatzeko, bi erakundeek euren arteko ohiko lankidetza indartu dute, erakusketa-eskaintza «handinahia» aurkezteko, asteazken honetan iragarri dutenez: 2025ean zehar 12 erakusketa izango dira, Kutxa Fundazioaren Kubo eta Artegunea aretoetan eta Tabakalerako erakusketa-aretoetan.
Azaldu dutenez, ospakizunaren mugarri nagusia Maider Lopez artista donostiarrari eskainita egingo duten erakusketa bateratua izango da. Erakusketa bikoitza Kutxa Fundazioa Kubo aretoan eta Tabakalerako erakusketa-areto nagusian egongo da ikusgai urritik aurrera. Artistak azken hamar urteetan egindako lanaren atzera begirakoa izango da, epealdi horretan sortutako obrak bilduko ditu, baita Tabakaleran erakutsiko diren ekoizpen propio batzuk ere.
Tabakalerak arte garaikidea, eta artean zinema eta zientzia zein teknologiarekin duen harremana ikertzen jarraituko du. Otsailean ‘Visiones cuánticas’, Monica Bellok komisariatutako erakusketa hartuko du: fisika kuantikoan barneratzen da kuantikaren hainbat ikuspegi partekatzeko 11 artistak baino gehiagok ekoitzitako instalazio artistikoen bidez.
Ekainean Hlynur Palmason zinema zuzendari eta gidoilari islandiarraren bakarkako lehen erakusketa hartuko du eta, urrian, Marlene McCartyren bakarkako erakusketa: abiapuntua tamaina monumentaleko marrazkiak eta motibo botanikoak izango dira, eta terrarioak eta landareak dituzten instalazioak izango ditu. McCartyren egungo lanak gizakien eta landareen arteko harremana aztertzen du ikuspegi feministatik, baita historian zehar esparru horretan galdu diren ezagutzei buruzkoa ere.
Kubo aretoak «Gipuzkoako sorkuntzari laguntza eta emakume artisten lanaren erreibindikazioa» izango du ardatz. Hala, 2025eko programazioa hiru emakumeri eskainiko zaie: Maria Paz Jimenez, Maria Cueto eta Maider Lopez.
Artegunea aretoak, aldiz, irudiaren eta argazkigintzaren aldeko apustua sendotuko du bi sortzaile handiren erakusketen bitartez: Joan Fontcuberta eta Tina Barney. Gainera, urtea egungo Gipuzkoaren erretratuak atera eta gogoeta egiteko lau argazkilariri egindako enkarguaren emaitza erakutsiko duen proposamenarekin itxiko du.