SPONSORED CONTENT

Hitzetatik ekinzetara: lehen urratsa egiteko talde bultzada

Gipuzkoako herritarren eta entitateen 2030 Agendarekiko atxikimendua handituko duen konpromiso ekosoziala bultzatzeko lan ildoa du Kutxa Fundazioak. Hirugarren sektore ekosoziala indartzeko jarduerekin batera, herritarrak aktibatzea xede duen Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa aurrera darama.

Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara proiektuak konpromiso ekosoziala erraztu nahi du, ingurumenaren eta gizartearen ongizatea guztiz uztartuta daudela ulertuta.
Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara proiektuak konpromiso ekosoziala erraztu nahi du, ingurumenaren eta gizartearen ongizatea guztiz uztartuta daudela ulertuta. (KUTXA FUNDAZIOA)

Datuen arabera, gizartearen gehiengoak bat egiten du Nazio Batuen Erakundearen 2030 agenda gisa ezaguna den garapen jasangarrirako estrategiarekin. Pobrezia desagerrarazi, planeta bebestu eta mundu osoko bizitzak hobetzeko bide orria da, eta une honetan 17 Garapen Jasangarrirako Helburu (GJH) biltzen ditu eta herritarren erdia norabide horretan ekarpen txiki bat egiteko prest dago.

Asmo onak izan arren, ordea, gehiengoak ez du pausoa ematen. «Baina»k  alboratu eta inguruko kausekin engaiatzen lagundu nahi du Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara proiektuak. Konpromiso ekosoziala erraztu nahi du, planeta eta pertsonak erdigunean jarrita eta ingurumenaren eta gizartearen ongizatea guztiz uztartuta daudela ulertuta, ezin dela bata hobetu bestea hobetu gabe.

Egitasmoa Leire Olanok eta Garbiñe Etxezarretak kudeatzen dute eta herritarrengan zuzenean eragitea du helburu, aktibazio puntualerako aukerak eta bizi ohiturak eraldatzen lagunduko duten tresnak sortuz. Aisialditik abiatuta sentsibilizazioa eta konpromisoa lortzeko bide batzuk garatu dituzte, esaterako, Gipuzkoako Baratze Parkeen Sarea.

Parte hartzaileek filosofia bati jarraiki jardun behar dute: ekologikoan, kudeaketa eta tresna komunitarioekin, askotariko erabiltzaileak... 2021ean, ordea, ibilbide formalago bat pentsatzen hasi ziren Arantzazulab Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste eragile batzuekin.

Lau urratseko bidea

Abiapuntuko gogoetan jabetu ziren konpromisoa edota boluntario izatearen ulermena eraldatu egin dela, konprometitzeko aukera ez dela uneoro bera eta denak kausa guztiei atxikitzea ezinekoa dela. «Bakoitzak gertuen duen edo nolabait ukitzen duten kausak edukiko ditu eta horiekiko konprometitzeko prest egongo da. Ez dugu zertan denok dena egin», zehaztu du Etxezarretak. Hori horrela, mugitzen duten horretara joateko bidea eskaini nahi dutela azaldu du Olanok: «Ulertu behar dugu jendea prest dagoela gauzak egiteko, baina erraztasunak eman behar dizkiogula».

Gogoetaren emaitza lau faseko prozesu bat izan zen. Urtero GJH bat hautatu, eragile gako izan daitezkeenak identifikatu, eta ko-sorkuntza prozesu batean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Hiruzpalau saiotan elkartu eta bide-laguntza batzuen bitartez, ekintzak diseinatzen dituzte, ideia berriak edo elkarren artekoak nahastuta.

Paraleloki, deialdi bat abiarazten dute gaiari zuzenean begiratzen dioten ekimen edo ideiak jasotzeko. Bi bideetatik datozen jarduerak batuta, Klik agenda osatzen dute. Klik izena dute behin-behineko parte hartzerako ekimenek. Diseinatu dituzten eragileek maiatza eta ekainean aurrera eramaten dituzte Gipuzkoako zenbait txokotan. Ondoren, hilabeteetako lana erakutsi eta eragileen protagonismoa ospatzeko, Topa! Jaialdia burutzen dute. Azkenik, mugimendu horretatik zein ideia berma daitekeen aztertzen dute, diru laguntza eta bide laguntza prozesu baten bitartez, erreplikagarria den tresna bat sortzeko.


Zubi lana

Lehen urtean, 2023an, Gose eza izan zuten ardatz eta Biziola Goierriko kontsumo taldea ari da tresna gauzatzen. «Eskualdeko elikadura eskubidearekiko erronkari erantzuteko, bonu formatuko prozesu bat da elikadura eskuragarritasuna irisgarriago egiteko», argitu du Olanok.

Iaz, berriz, Hiri eta komunitate jasangarriak landu zituzten: nola sustatu hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak. Kliken artean, Eibarren mural artistikoak osatu zituzten latak berrerabilita, adibidez.

Urtarrilean hasiko duten ediziorako Kultura eta Hizkuntza aniztasuna aukeratu dute. «Izan ere, 2030 Agenda adostu zen unean, identitatearekin lotzen ditugun kultura eta hizkuntza, helburu gisa berariaz ez jartzea erabaki zen; nolabait, zeharka 17 helburuetan agertzen zirela onartuz. Baina, kultura eta hizkuntza aniztasunean indarra jarriz, munduan zehar 18. helburua txertatzea proposatzen ari da eta Euskadin ere, bat egiten dugu», nabarmendu du Etxezarretak.

Erraztu eta lagundu

GJH denek pisu bera badute ere, kontuan hartzen duten lurraldean egingarria izatea eta trakziorako aukera ematea, alegia, «benetako ekarpena» gauzatu ahal izatea. Horretarako, hainbat eragilerekin batera «erradiografia bat» egiten dute, eta, halaber, nazioarteko ereduak aztertu, zer lantzen ari diren eta zer ekar dezakeen ikusteko.  

Kutxa Fundazioak eragile aktibo izan nahi du eraldaketan, jada egiten dena balioan jarri eta erraztaile rola jokatu, baliabideak jarriz, antolatuz... Ekarpen bat egin, ez protagonista izan.

Egiteko moduari garrantzia handia ematen diote: pertsona eta elkarteen arteko lankidetza esperientziak sustatu nahi dituen moduan, proiektuak berak ere esentzia hori du, elkarlanaren emaitza da. Proiektuak bere lekua hartzeko erronka badu ere, hasia da komunitatea ehuntzen. Bestela elkarrekin ariko ez liratekeen eragileei lankidetzarako abagune bat eskaintzen die, eta sinergiez harago, beren jardunean iristen ez diren herritarrei egiten dutena ezagutarazteko modua ere bada beste elkarte edo eragileen eskutik joatea.