Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Shivlingen, hirugarrenez, kale; Baghirathin, berriz, bale

Stephan Siegrist, Kaspar Grossniklaus, Hugo Beguin eta Jonas Schildek osatutako taldeak Baghirathi III mendiaren (6.454 m) hego-mendebaldeko ertza zabaldu du. Oro har, ibilbide berriak arroka oso txarra du.

Siegrist, Grossniklaus, Beguin eta Schild, Bhagirathi IIIko hego-mendebaldeko ertza eskalatzen.
Siegrist, Grossniklaus, Beguin eta Schild, Bhagirathi IIIko hego-mendebaldeko ertza eskalatzen. (Jonas SCHILD)

Alde guztietatik begiratuta, Indiako Himalaian dagoen Shivling mendia (6.543 m) oso erakargarria da alpinista zailduenentzat. Izan ere, horma tenteak eta oso teknikoak ditu.

Bide gogorrak dauzkan arren, oraindik eskalada zailak egiteko aukera dago. Horren bila joan dira Stephan Siegrist eta Jonas Schild. Eta ez behin, baizik eta hirutan. Suitzar hauek eskarmentu handia dute, baina Shivlingera hurbildu diren bakoitzean mendiak atzera bota ditu. Duela hiru urte, lehen bidaia egin zuten. Helburua: hegoaldeko horma zorrotza. Lan bikaina egiten ari ziren, baina 6.100 metrora zirela, sokakide bat ondoezik zegoen eta jaisteko erabakia hartu zuten. Iaz, berriz, Andy Schnarf batu zitzaien. Seimilakoan jarduteko ez zuten aukera garbirik ikusi, eta beste xede batera joan ziren. Inguru hartan ia 5.000 metrora dagoen zutoin eder batean “Between two parties” (7b/A3, 350 m) sortu zuten.

Esaerak dio hirugarrenean asmatzen dela. Asmo horrekin Shivlingen aurrean jarri ziren. Aurtengo espedizioan beste bi lagun sokara lotu ziren: Kaspar Grossniklaus eta Hugo Beghin. Erritmo ederra zeramaten, baina duela bi urte bezala, taldekide batek garaierarekin arazoak izan zituen eta ekinaldia bertan behera utzi zuten.

Hirugarren saioaren “porrotarekin” motibazioa galdu zuten. Baina etxera itzuli ordez, Siegristek eta Schildek eskualde horretan dagoen Bhagirathi III mendiaren (6.454 m) hego-mendebaldeko ertza eskalatzea proposatu zuten. Igo gabe zegoenez, horrek motibazioan plus bat eman eta erronka horren bila joan ziren. Shivlingen aukeratutako horma ez bezala, Bhagirathiko ertza zailtasunean askoz ere samurragoa da. Arrokaren kalitatea, aldiz, azken mendi horrek duena askoz txarragoa zen. Bi eguneko eskaladaren ondoren, laukotea xede horrekin egin zen.

Laburbilduta, espedizio hori beste “sari” batekin itzuli zen etxera. Hurrengo lerrootan, Schildek berak Indiako Himalaiako alderdi horretan bizi izan zuten eskarmentu bikoitzaren berri emango digu.

Espedizioa

«Hirugarrenez, Shivlingeko hegoalde hormatzarrera itzuli ginen. Ohiko hurbilketa bidea egin eta gero, 4.600 metrora, kanpaleku nagusia antolatu genuen. Ez zegoen giro. Elurte batek harrapatuta, lan hori egitea ez zen batere atsegina izan: 30 zentimetroko elur freskoa bota zuen! Inolako presarik gabe, girora egokitzen hasi ginen. Hasteko eta behin, tresneriaren zati bat kanpaleku nagusi aurreratura (5.400 m) garraiatu genuen. Azken bi urteotan zintzilik utzitako jarduera ikusteko parada izan genuen. Baldintza paregabeak ziren. Aklimatazioa biribildu ondoren, prest ginen beste ekinaldi bat egiteko. Luizien arriskuengatik, antolatutako kanpalekura oso goiz edo gauez joatea zen seguruena. Lehen kanpalekua 5.700 metrora zegoen.

Hirugarrenez, Shivlingetik esku hutsik itzuli ziren etxera. (Jonas SCHILD)

«Biharamunean, egunaren lehen izpien laguntzarekin, oso tentea den zutoin bat gainditu genuen. Zazpi luze eder izan ziren, eta eguna bigarren kanpalekuan (6.000 m) amaitzeko gai izan ginen. Eskalada perfektua izan zen; gozatu ederra hartu genuen artesi bikain horiekin. Ibilbidearen giltza da, eta, duela pare bat urte ez bezala, aurten sekzio hori era askean sinatu genuen. Gozamena izan zen 6.000 metrora eskalatzea.

«Alabaina, ezusteko handia hartu genuen hormak erakutsi zigun aurpegiarekin. Horrekin esan nahi dut, duela pare bat urte egin genuen lehen saioarekin alderatuta, oso aldatuta zegoela: artesiak zabaldu ziren, zutoinaren beheko aldea oso hondartsua zegoen, lehen kanpalekuan luiziak egon ziren…

«Hori gutxi ez eta, afaltzen ari ginela, Kaspar ondoezik jarri zen. Oka egin zuen; mendiko gaitzaren lehen zantzuak ziren. Stef eta biok harri eta zur geratu ginen: duela bi urteko leku berean gaitz berak bisita egin zigun. Kasparri aholkatu genion lo egin zezala. Baina gauerdian esnatu genuenean, esan zigun gaizki zegoela. Eztabaidarako tarterik ez zegoenez, egoera horrek jaistera behartu gintuen. Aurreko gauean finkatutako 100 metroko soka jaso eta rappelatzen hasi ginen. Eraginkorra izan zen jaitsiera, eta arazorik gabe den-denok onik heldu ginen oinarrizko kanpalekura.

«Lasaitu ederra hartu genuen, baina Stef eta biok ohartu ginen egoera nekagarri bat bizitzen ari ginela; izan ere, hirugarren ekinaldiak ez zuen arrakastarik izan.

Bi eguneko eskaladaren ondoren, laukotea seimilakoaren gailurrean. (Jonas SCHILD)

«Egoera hori irauli behar genuen, eta B plan bat antolatzea otu zitzaigun. Gogoan genuen bigarren espedizioan eginiko jarduera alternatiboa. Hots, kanpaleku nagusitik gertu zegoen Kirti Nose zutoinaren eskalada. Arrakasta horrek, bederen, Shivlingeko saioaren “porrota” arindu zuen. Ez zen batere erraza izan beste xede bat aztertzea eta antolatzea. Baina une horretan oraindik buruz eta sasoiz ondo genbiltzan, eta espedizioa amaitzea ez zen gure asmoa.

«Shivlingetik jaitsi eta lau egunera, Bhagirathi III-ko hego-mendebaldeko ertzera joan ginen. Kaspar osatu zen. Oinarrizko kanpalekua atzean utzi, Gangrotiko glaziarra zeharkatu eta lehen kanpalekura (5.600 m) iritsi ginen. Biharamunean, goizeko seietan, elurrezko zelai batzuek ertzaren oinarrian jarri gintuzten.
«Bhagirathiko multzoak osatzen duen arrokazko zerrenda ilun baten aurrean geunden. Harkaitz hori ezaguna da kalitate txarrekoa delako. Eskalatzen ari ginen tarteak ez ziren zailak (laugarren eta bosgarren mailakoak), baina aipatu dudan bezala, oso hauskorra zen arroka. Egoera horrek ibilbide egokiena bilatzeko oztopoak jarri zizkigun. Erronka handiena, berriz, helduleku sendoak aurkitzea izan zen. Arreta handiz baina etenik gabe, aurrera jarraitu genuen.

«Ondoren, jaitsiera labur batzuk egin eta gero, bi erpin gainditu eta eguerdia baino lehen gailurrera iritsi ginen. Jaitsierak, berriz, ez zigun buruhausterik eman. Rappel samur batzuk egin eta gauerako oinarrizko kanpalekuan afaltzen ginen.

«Ertz osoan ez genuen tresneriarik ikusi. Eta aldez aurretik igota ote zegoen galdetu genuenean, esan ziguten gu izan ginela lehenak. Bederen, laurok ala laurok argi genuen Bhagirathi IIIn lortutako arrakastak espedizioari amaiera ederra eman ziola. Shivlingen beste porrot bat jaso dugu, baina etxera pozik itzuli ginen. Oro har, espedizio osoan zehar eguraldi ona izan dugu. Argi dugu ere talde bikaina osatu dugula. Bhagirathi IIIko eskaladarekin ginga jarri genion espedizioari. Estilo alpinoan eginiko 1.900 metroko jarduera izan zen».