NAIZ

EiTBk euskara sustatzea xede duen atal baten buru erdaldun bat hautatu duela salatu du LABek

LABek jakinarazi duenez, EiTBk langile erdaldun bat izendatu du eitb.eus-en eta sare sozialen zuzendari. «Badu logikarik belaunaldi berrien eskaintza euskara hutsean diseinatu eta gero arlo digitala gidatuko duen pertsonak euskaraz ez jakiteak?», galdetu du. Eta berehalako zuzenketa eskatu du.

Makusi aurkeztu zuen EITBk iragan udaberrian, haurrentzako euskara hutsezko plataforma.
Makusi aurkeztu zuen EITBk iragan udaberrian, haurrentzako euskara hutsezko plataforma. (Idoia ZABALETA | FOKU)

LABek salatu du EITBk pertsona erdaldun bat izendatu duela euskara sustatzea xede duen hedabide baten gidari. Zehaztu duenez, Euskal Irrati eta Telebista Publikoaren zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu du, webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.

Era berean, sare sozialetarako estrategiaren ardura ere hartuko du, webgunera zein EITBren plataformetara (Primeran, Makusi, Guau, Nahieran eta beste) audientzia erakartzeko ildoak diseinatuz eta entretenimendu programen webgune eta sare sozialak koordinatuz.

«Euskararen aurkako eraso larri baten aurrean gaude», azpimarratu du sindikatu abertzaleak. «EITB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira. Eta hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubideak dira, Giza Eskubideen Gutunak jasotzen duen bezala», oroitarazi du.

«Euskara eta euskal hiztunak gutxietsi dira, eta hedabide publiko honetako langileon ardura da eraso hauek gelditzeko lan egitea. Osterantzean, konplizeak ginateke», erantsi du.

Berehalako zuzenketa

Hautaketa prozeduratik hasita, «urraketak bata bestearen atzetik» eman direla azaldu du LABek, eta berehalako zuzenketa eskatu du. Esplikatu duenez, EITBk berak hautaketa prozesuan ezarritako baldintzak ez dira errespetatu. «Ingelesa eta euskara jakitea, ulermenerako eta ahozko eta idatzizko adierazpenerako trebetasunak erakustea» zioen lan deialdiak. Are gehiago, «idatzizko eta hitzezko komunikaziorako aparteko trebetasunak» ere kontuan hartuko zirela aipatzen zuen.

Titulazioari dagokionez, berriz, gradua eskatu dute. EITBko sarrera eskakizun irizpide gisa, gradua eskatzen den kasu guztietan, gutxienez, C1 hizkuntza eskakizuna ziurtatzea derrigorrezkoa da. «Zer dela egin da salbuespen hau?», jakin nahi du sindikatuak.

 

 



2023-2027 Euskara Plan Estrategikoa ere «bete-betean urratu da», LABen arabera. Bertan, EiTB Euskara Batzordeak (langileen bost ordezkarik eta zuzendaritzaren beste bostek osatzen dute) ezarritako helburuak jasota daude, eta hitzez hitz hau dio lehenbiziko atalean: «Euskararen erabileraren sustapena erakundearen barruan maila guztietan. Bikain ebaluazioak agerian jarri duenez, EiTBn euskararen erabilera da alderdi ahula. Hobekuntza tarte handia dago bai laneko harremanetan, bai langileen arteko harreman informaletan, bai testu sorkuntzan. Oso garrantzitsua da hobekuntzarako lehen bultzada zuzendaritzaren aldetik etortzea».

Euskara Planaren kontra

EiTBren 2023-2027ko Euskara Arloko Ekintza Planaren kontra ere egin da izendapena, LABek gaitzetsi duenez. Hedabide publikoak Euskara Plana ere badu 2013tik, lau urtero Euskara Batzordean berritzen dena, hiru helburu nagusi hauekin: euskaraz funtzionatu ahal izatea; langileak euskara enpresan normalizatzeko prozesuan inplikatzea; eta euskaldunen irudia zabaltzea kanpoan.
   
Horregatik, sindikatuaren arabera, Eitb.eus-en zuzendari berria erdalduna izatea planaren kontrakoa da errotik. Hain zuzen ere, zehaztapen hauxe dago jasota testu batean: «Urteetako esperientziak erakusten digu nahikoa dela euskara ez dakien pertsona bakar bat sartzea euskaldun talde batean, hizkuntza aldatu eta den-denak erdaraz mintzatzen hasteko». Horrenbestez, eransten du, «EiTBk bereziki zainduko du entitatera sartzen diren pertsona berriek lanpostuari dagokion euskara-maila betetzen dutela, eta, hortaz, ez direla eragozpen euren lantaldeak euskaraz funtziona dezan».

LABek gogoratu du Emun Kooperatibaren zerbitzua kontratatua duela EiTBk, erakundearen barnean euskara sustatzeko.

Foro guztietara joko du LABek

Gaineratu duenez, 5/1982 Euskal-Irrati Telebista Herri-Erakundea sortzezko legea ere urratzen du izendapenak, arauaren atarikoak argi eta garbi diolako euskararen sustapena eta zabalkundea dela erakundearen misioetako bat eta «nekez sustatuko delako hizkuntza, egitasmoaren gidaritzan euskara ez dakitenak egonda».

Horrenbestez, LABek nabarmendu du oso larria dela gertatua eta eskura dituen gune eta foro guztietara joko duela, EiTBk «euskara sustatzeko bereak dituen konpromisoak bete ditzan, kanpoan zein barnean».