EZKURDIA-REZUSTA 22
ARTOLA-MARIEZKURRENA II 15
Gaizki hasi eta irabazten amaitzea oso ariketa zaila da, soka mehe baten gainean orekari eusten aritzen diren funanbulisten antzekoa. Arrasateko Uarkapen Santamasetako jardunaldian halaxe egin zuten Artolak eta Mariezkurrenak, 17-4 galtzen zihoazen Altuna eta Arangurenen aurka eta 19-22 gailendu ziren. Eguberri eguneko jaialdian ere hala egiten saiatu dira Alegikoa eta Berriozarkoa, baina Ezkurdia eta Rezusta Binakako Txapelketa Nagusiko liderren aurka amildegian behera amaitu dute. Ez dituzte alperrik gorriek bere bost neurketak irabazi orain arte.
7-2 eta 11-4 izan da markagailua Ezkurdia eta Rezustaren alde, eta aurreneko atsedenaldi luzearen aurreko tantoetan nahi gabe Mariezkurrenak sekulako pilotakada eman dio bere aurrelariari buruan. Zorionez, Artolak amaieraraino jarraitu ahal izan du eta tarte batean maila bikaina ere eman du gipuzkoarrak. Ondorioz, 13-11 hurbildu dira urdinak. Baina ez dira berdintzeko gai izan eta partidak aurrera egin ahala nekea antzeman dute, Mariezkurrenak bereziki.
Orotara 12 pilota galdu dituzte urdinek, horietatik 9 atzelari nafarrak. Egia da Ezkurdiak berak ere 8 pilota galdu dituela, baina Rezusta oso sendo baten laguntzarekin gorriek beren abantaila eutsi ez ezik, partidaren azken aldean nahikoa eroso irabazteko parada ere izan dute.
Izan ere, hotz ekin dio Astelenako demari Jon Mariezkurrenak, piloteoan Rezusta baino gehiago izanagatik. Askorik egin gabe, Ezkurdia eta Rezusta 5-2 aurreratu dira, jokoan sendotasuna baino askoz gehiago erakutsi gabe, nahiz eta 5-2koa ezkerrez zabalean bikain amaitu duen Arbizuko aurrelariak.
Profesionaletan debuta egin zuenetik hona ezkerrez askoz hobeto moldatzen da Mariezkurrena II.a, baina oraindik ere ezker horman hiltzen diren pilota horietan latz sufritzen du Berriozarrekoak; are gehiago Rezusta bezalako ezkerti huts baten aurka. Bergarakoak kantxa erditik txokorantz sekulako zehaztasunez sartu dizkio pilotak atzelari nafarrari eta Mariezkurrenaren gabeziak bistan geratu dira. Aldiz, Rezustak garai bateko jorik ez badu ere, errebotera tarteka pilotarik bidaltzen badakiela erakutsi du. Urdinek atsedenaldia eskatu badute ere, ez dute Ezkurdia eta Rezustaren tanto ilara geratu: 7-2.
Kontraerasoan Artolak egindako bi hormako dotore batekin eten dute urdinek gorrien bolada. Alegikoak ezker gantxoz txokoan egindako tanto batekin jarraitu du urdinen erreakzioak, baina ez du askorik behar izan hurrengo tantoan ezkerrez gaizki jo eta pilotak kanpora egin diezaion. Eta Ezkurdiak 9-4koa sakez egin ostean, Mariezkurrenari ihes egindako pilotak buruan bete-betean eman dio Iñaki Artolari. Zorionez, aldageletan sartu-irten luze xamarra egin badu ere, Alegiako aurrelariak jarraitzeko ez du zailtasun handiegirik izan, itxura baten ondo «irentsi» baitu bere atzelariaren pilotakadak.
Baina Artolak eta Mariezkurrenak ez dute hobekuntzarik erakutsi, eta aurreneko atsedenaldi luzea erdietsi aurretik Ezkurdiari erremate bat kanpora joan bazaio ere, urdinek ez dute inolaz ere baliatu Arbizukoaren oparia, Mariezkurrenak berak ere errazegi bota baititu txapapera bere ohiko mailan sekula ere hutsik egingo ez lituzkeen pilotak. Hala, aurreneko atsedenaldi luzea 12-5 aurretik iritsi dira Ezkurdia eta Rezusta.
Kaskarrekoaren ukendua
Baina kaskarrekoak mesede egin dio, nonbait Artolari, eta kalte Ezkurdiari. Erasoan errazegi galdu du Arbizukoak mozten hasi den pilota bat eta Alegikoa pizteko nahikoa izan da. Ezkerrez bi tanto kateatu ditu aurrelari gipuzkoarrak eta gorriek ere hutsartea eskatu behar izan dute, Ezkurdiaren bolea ustel bat kontrakantxara ihesi joan ostean: 12-9.
Tantorik bizienak orduan hasi dira jokatzen. Oso hotz eta gaizki hasi ondoren, berotu dira halakoren baten urdinak eta Ezkurdiak nozitu du kalterik handiena, ezker gantxoz zabalean tanto bat amaitzeko gai izan bada ere. Mariezkurrena bera ere galantak ematen hasi zaio pilotari eta Artolak defentsan lan bikaina egin du eta, nola ez, Mariezkurrenaren bi hormakoa ere ez da falta izan: 13-11 gorrien alde Berriozarko atzelariak jokaldiarekin Astelena zutik jarri eta gero.
Funanbulismo ariketak, baina, arrisku handia dauka eta kale behin egitea nahikoa da goitik behera amiltzeko. Artolari txapapera ihes egin dion pilota baten ostean materiala aldatu du bikote gorriak eta Ezkurdiak berak ere jokatzeko dagoela erakutsi du; bereziki txokoan Artolak airez laga duen pilota ezkerrez zabalean tanto egitea lortu duenean: 16-11.
Nekearen lanak
Alabaina, handik aurrera Ezkurdiak eta Mariezkurrenak, nafar biek, zeinek aldrebesago lehiaketa estua jokatu dute. Hutsegitez hutsegite, partida berdintzeko saioak eta behin betiko ihes egitekoak ustel atera dira lau pilotarientzat, baina ekimena gorriena zenez markagailuan, azken atsedenaldi luzera ere aurretik iritsi dira, alde politarekin iritsi ere, 18-14, Ezkurdiaren ezker gantxoa Artola eraman ezinik geratu denean.
Beñat Rezustak izan ezik, beste hiru pilotariak pilotakadak eta esfortzu fisikoa geroz eta gehiago nozitu dute. Sakez ere Ezkurdiak min eman du eta Urkapen egindako lanak faktura pasa die Artolari eta bereziki Mariezkurrenari.
Ondorioz, 18-15 hurbildu badira ere urdinak, handik 22ra zuzenean joan dira gorriak. Arbizukoak ez du bere egunik onena izan eta nekez irabaziko du askotan zortzi pilota galduz gero. Baina atzean pilota bakar bat galdu ez duen Beñat Rezustaren bermea lagun, Arbizukoak eta Bergarakoak beren lidergoa sendotu dute, bost jardunaldi pasa berritan bost garaipen eskuratu ostean. Eibarko Astelenan, behintzat, Artola eta Mariezkurrena funanbulistak ere amildu dituzte azkenean.
PARTIDAKO FITXA
Partidaren iraupena: 72.39 minutu. Pilotakadak: 605. Sakez: 3 Ezkurdiak eta 0 Artolak. Jokoan egindakoak: 4 Ezkurdiak eta 3 Rezustak; 6 Artolak eta 1 Mariezkurrenak. Jokoan galdutakoak: 8 Ezkurdiak eta 0 Rezustak; 3 Artolak eta 9 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 7-2, 7-4, 8-4, 11-4, 11-5, 12-5, 12-9, 13-9, 13-11, 14-11, 16-11, 16-13, 17-13, 17-14, 18-14, 18-15, 19-15, 22-15. Gorabeherak: Eguberri eguneko jaialdia Eibarko Astelena pilotalekuan. Sarrera ona. Dirua parean. Sakea, gorri.Pilotakada buruan jaso ondoren, aldageletatik pasa behar izan du Artolak, baina arazorik gabe jarraitu du.