Aiztondo bailarako Aduna, Asteasu, Alkiza, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek agerraldia egin dute ostegun honetan Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, datorren abenduaren 31rako deitu duten manifestazioa aurkezteko. Bertan izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Kirstina Rodiguez Adunako alkatea eta Larraitz Alkorta Asteasuko zinegotzia. Larraulgo Udalak ez du bat egin ekimenarekin.
Manifestazioa Villabonako Errebote plazatik abiatuko da 18.30ean eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatu. «Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera» leloa izango du.
Gogoratu dutenez, urtearen amaierarekin batera iritsi dira gabonak, eta lagun eta familiarekin jai giroan ospatzeko egunak izan arren, «badira hala ere momentu tristeak, ondoan falta ditugunak gogoratzeko eta biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak, edo espetxean lau hormaren artean edo erbestean daudenak gogoratzeko egunak».
ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urte igaro diren arren, oroitu dute oraindik 124 euskal preso daudela espetxean eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean.
«Hamahiru urteren ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena», nabarmendu dute.
Aiztondoko alkate eta zinegotzi hauek «premiazko» jo dute gatazka politikoak utzitako ondorioekin amaitzea; «behar bat da sufrimenduak gehiago ez luzatzea». «Salbuespen lege batekin amaitzea lortu badugu ere, oraindik indarrean jarraitzen du salbuespen auzitegi den Entzutegi Nazionalak, edo bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen 07/2003 legeak», adierazi dute.
Beraien ustez, «euskal gizarte osoarea ardura da etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea».
Horregatik, Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten «aterabide integral bat beharrezkoa dela» aldarrikatuko dute urteko azken egunean. Horrekin batera, indarkeria ezberdinen biktimak «aitortuak izateko eta egia jakiteko eskubide osoa» dutela adierazi dute.
«Aiztondoko udaletako alkate eta zinegotziok Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzeko garaia dela aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu dute.