NAIZ

Azagrako mural bat, Street Art Citiesen munduko grafiti onenen zerrendan

Doa Oa artistak Azagran margotutako mural bat hautatu du Street Art Citiesek mundu mailako 2024ko mural onenen zerrendarako. Emakumeen lanak nabarmentzeko Graffitaras proiektuaren baitan margotutako mitxoleta bat du oinarri muralak.

Doa Oa galizarrak Azagran margotutako mitxoleta.
Doa Oa galizarrak Azagran margotutako mitxoleta. (STREET ART CITIES)

Urtero legez, Street Art Cities plataformak mundu mailako urteko grafiti onenen zerrenda argitaratu du eta hautatutako lanen artean dago Azagrako mural bat. Doa Oa kaleko artista galizarrak margotutako mitxoleta bat du oinarri lanak.

Street Art Citiesetik nabarmendu dutenez, Doa Oa bere horma-irudi biziengatik eta hiri-arteagatik da ezaguna. «Bere lanak naturaren, feminitatearen eta giza eta ingurumenaren elementuen arteko elkargunearen gaiak aztertzen ditu askotan, forma abstraktuak kolore paleta deigarriekin nahastuz», azaldu dute.

Nafarroako Azagra herrian egindako lanaz, azaldu dute zehazki ‘papaver dubium’ edo mitxoleta luzanga hautatu zuela muralerako: ‘papaver rhoeas’ edo mitxoleta arruntaren oso antzekoa da, baina petalo zurbil eta motzagoak ditu, batzuetan orban ilun batekin oinarrian. Kapsula zabalera bikoitza, 1,5 eta 2 cm arteko luzera eta 7 eta 9 izpi artean diskoan. Udaberrian eta udan loratzen da. Itsas mailatik 1500 metroko altuera arte laboreetan, ingurune nahasietan, baso soilguneetan, sastrakadietan eta larreetan hazten den belar txarra edo landare zakarra da.

Street Art Citiesek bere web orrialdean jasotzen duenez, galizarrak margotutako mitxoleta horiek Azagrako «erdialdeko lursail batean hazten ari dira orain», Grafitarras topaketen bitartez aldi baterako lagapen kontratua eskuratu baita erabili gabeko espazio pribatu batean, erabilera komunitarioa izan dezan.

Graffitarras kaleko arteen topaketak emakumezko artisten lanak sustatzea eta ezagutaraztea du helburu eta 6. edizioan hainbat artista batu ditu Azagrako espazio publikoak euren horma-irudiekin eraldatzeko. «Graffitaras-ek sormen adierazpenerako plataforma bat sortu eta estereotipoak zalantzan jarri nahi ditu bai grafitiaren eszenan, bai gizartean, oro har», zehaztu dute.

Doa Oaren hitzak ere bildu dituzte: «Margotzen ari nintzela, Azagrako bizilagunak sarri etorri dira prozesua ikustera, mitxoletekin bizitzeari buruzko gauzak kontatu dizkidate eta batzuetan urrutitik ere entzuten zen nola talde txikitan landare honekin izandako esperientziaz hitz egiten ari ziren».