Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bera Berak partida exijentea gainditu du Granollersen aurka Europara begira jartzeko (31-29)

Donostiarrek baloi ugari galdu dituzte lehen zatian, baina Kosticen bederatzi geldiketek arnasa eman diete atsedenaldira aurretik joan (13-11) eta bigarren zatian, beste martxa bat sartuta, garaipen garrantzitsua lortzeko. Zuazok, bestalde, Elxen galdu egin du (33-24).

Esther Arrojeria, garaipenaren keinua egiten, aurreko partida batean.
Esther Arrojeria, garaipenaren keinua egiten, aurreko partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Granollersek Super Amara Bera Berari asko exijituko ziola aitortu zuen Imanol Alvarez asteazken honetako Ligako partidaren atarikoan. Eta Ermuako entrenatzaileak asmatu egin zuen bete-betean, larunbatean EHF European Leagueko multzo fasean Paris 92ren aurka debuta egin aurretik. Pentsa, lehenengo 14 minutuetan bederatzi aldiz galdu dute baloia donostiarrek eta Kosticen 9 geldiketei esker neurketan bizirik mantentzea lortu dute.

Lehenengo zatiak utzitako markagailuak ez du zehazki gertaturikoa laburbiltzen, baina pixka bat gerturatzen zaio: 13-11. Izan ere, bi goleko abantaila hori izan da Bera Berak lorturiko handiena lehen zatian. Huts askorekin aritu dira gipuzkoarrak, hein handi batean Granollersek ezarritako defentsa gogorrarengatik, eta markagailuan atzetik joatea egokitu zaie.

Lehen zatian Micaela Rodriguesen debuta ikusi ahal izan da eta Bera Berak, kanpokoen jokalari bat bi munutu kaleratu dutela aprobetxatuta, bi goleko errenta lortu du Arrojeria eta Karstenek penaltiz sartutako golei esker.

Beste martxa batekin

Bigarren zatian Bera Bera sendo hasi da eta 2-0eko partzial bati esker aldea handitu du (15-11). Baina katalanek ez dute burua makurtu eta 16na berdintzea lortu dute. Aurrerago 21-20 ipini dira, baina hortxe amaitu zaie itxaropena. Azken minutuetan donostiarrek beste martxa bat jarri diote partidari eta lasaitasun puntu batekin jolastu ahal izan dituzte azken minutuak.

Orain, Imanol Alvarezen jokalariek ondo deskantsatu beharko dute txipa aldatzeko eta Europara begiratzeko. Hitzordua, larunbatean, Gascan, Paris 92ren aurka multzo fasea hasteko.

PARTIDAKO FITXA:

31 - Super Amara Bera Bera: Kostic; Elba Alvarez (3), Arrojeria (3), Ogonovszky (3), Marie Louis, Alba Menendez, Laura Hernandez (1), Maitane Etxeberria (6), Karsten (6), Tchaptchet (3), Erauskin, Micaela Rodrigues (1), Gavilan (1), Arroyo (4).

29 - Granollers: Mera; Guarieiro (4), Tort (1), Somaza (3), Belen Todriguez (3), Montserrat (2), Jallow (1), Polonio (6), Nuez, Capdevila (9).

Epaileak: Alejandro Hoz eta Axel Riloba. Bi minutu kaleratu dituzte Maitane Etxeberria, Tchapchet (2) eta Arroyo Bera Beran; eta Guareiro, Tort, Jallow eta Nuez Granollersen.

Partzialak bost minuturo: 1-1, 3-2, 4-4, 5-7, 10-9, 13-11 (atsedenaldia), 15-13, 18-16, 21-18, 23-20, 28-26 eta 31-29 (amaiera).

Zuazoren porrota Elxen

Ezin izan du ezer positibo atera Zuazok Elxen. Irteera zaila baina garrantzitsua zuen gaur gauean Barakaldoko taldeak, baina ezin izan du ezustekoa eman. Bizkaitarrek 33-24 galdu dute eta, ondorioz, bi punturekin mantenduko dira azken-aurreko postuan.

0-1 eta 1-2 ipini dira aurretik zuazotarrak, eta seina berdinduta ere joan dira lehen zatian, baina etxekoek aldeak handitu dituzte atsedenaldira iritsi aurretik (11-8).

Bigarren zatian, Zuazok Elxen urratsa jarraitu du (14-12), baina hortxe amaitu dira itxaropenak. Etxeko taldeak ez du kupidarik izan eta pixkanaka aldeak handitzen joan da bi puntu garrantzitsu lortu arte.