Euskal Herriko Unibertsitateko NOR ikerketa-taldeko Samara Veltek 2016ko sanferminetako talde bortxaketa gertutik jarraitu zuen. 2019an kasuari buruzko liburu bat argitaratu zuen (‘Nik Sinesten dizut’), komunikabideen jardunari errepaso kritiko bat eginez. Lehengaia bazegoela eta, ikertzen jarraitu eta orain talde bortxaketaren harira sortu ziren diskurtso sozial, mediatiko eta juridikoak ikertu ditu; analisi diskurtsiboa gatazka sozialak eta gizarte mugimenduak aztertzeko metodologia gisa proposatuz. Lanak sexu-erasoa gertatu zenetik ‘Soilik bai da bai’ legea onartu osterainoko diskurtsoak eta haien arteko harremanak erakusten ditu, eta identitate eta ekintza sozialen bitarteko direla azaleratu.
«2019an kasuari buruzko liburu bat argitaratu nuen, baina kazetaritza lan bat zen. Komunikabideen jardunaren eta epaiaren errepaso kritiko bat egin nuen eta ohartu nintzen oinarri zientifikoa zuen azterketa bat egin zitekeela. Hala, bertsio akademikoago bat osatu dut erakusteko diskurtsoak aztertuz posible dela gizarte mugimenduetan esanahi sozialak nola eraikitzen diren ulertzea, frogatzeko diskurtsoak askotan identitateen eta ekintza sozialen bitarteko direla», azaldu du Samara Veltek.
Ikerketa egiteko hedabideetako 110 eduki aztertu ditu, lau une jakinetakoak: erasoa gertatu eta berehala jasotakoak (2016ko uztaila), epaiketa garaikoak (2017ko azaroa), epaia ezagutu ostekoak (2018ko apirila) eta ‘Soilik bai da bai’ legearen ondorengoak (2023ko apirila). Bestelako testuen azterketa ere egin du: aipatutako lege organikoarena, epaiarena eta hari lotutako boto partikularrarena, eta protestetan eta kalean jasotako diskurtsoena.
EHUrentzat egindako azterlanak epealdi horretan guztian diskurtsoek identitate sozialen artikulazioan izan zuten eraginaren ebidentziak topatu ditu; hau da, nola bideratu zuten jendea talde jakin bateko kide sentitzera edo esanahi batzuk partekatzera: «Esaterako, erasoa gertatu eta berehala material diskurtsibo pila bat sortu zen. Askotariko mezuak sortu ziren eta biolentzia sexualaren inguruko ezagutza soziala azaleratu zen. Negoziazio bat abiatu zen gizartean eta komunikabideetan, bortxaketa bat, sexu-indarkeria eta abar zer diren definitzeko. Orduan gertatu zen aldeen arteko lehenbiziko lehia eta artikulatu ziren identitate kolektiboak, gatazka sozialean posizio bat edo beste hartuz».
Negoziazio bat abiatu zen gizartean eta komunikabideetan, bortxaketa bat, sexu-indarkeria eta abar zer diren definitzeko.
Diskurtsoen arteko elkarreginak medio, hainbat ekintza ere aztertu ditu Veltek. Adibidez, lanean jasotzen du epaiketaren garaian mugimendu feministak aldarrikatzen zituen diskurtsoei balioa kentzen ahalegin berezia egin zela, eta horri errakzionatuz hainbat protesta handi egin zirela: «Aktore sozialak etengabe elkarri erantzuten ari ziren, eta batzuek sinesgarritasuna kentzeko zabaldutako diskurtsoek mugimendu feministari talde identitate oso indartsu bat artikulatzea ahalbidetu zion».
«Memoria sozialak» ere zerikusi handia duela diskurtsoen, identitateen eta ekintza sozialen garapenean azpimarratu du ikertzaileak. Beste modu batera azalduta, garaian kolektibo feministak izan zuen indarra eta mobilizatzeko gaitasuna ez zela 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren erreakzio hutsa izan, baizik eta aurreko urteetan bizitakoak eragin handia izan zuela. «Protesta haiek sortu ziren biolentziazko historia guztiaren erantzun modura. Ez da kasualitatea Iruñean izatea. Hirian aurrez esperientzia traumatikoak bizi izan zituzten, sozialki oso markatuta geratu zirenak. Horrek ezagutza partekatzeko lanketa bat eragin zuen eta erraztu zuen ahots kolektibo horrek kalea hartzea».
‘Soilik bai da bai’ legea
Bestalde, testu juridikoak landu ostean, Veltek beste ondorio bat ere aurkezten du: ‘Soilik bai da bai’ legea, diskurtsoen arteko harremanen eta memoria sozialaren eraginaren ondorio ere bada. «Ahots feministak iritsi ziren lehenago iritsi ez ziren tokietara: mundu juridikora. Ordura arte oso hertsia zen eta une horretan ireki egin zen, onartuz hainbat akats zeudela eta bidea emanez lege berriari. Horrek barnean hartu zituen ahots feministak aldarrikatutako hainbat printzipio», dio Veltek.
Eta aldi berean, legeak kontrako erreakzio bat ere sortu zuela aipatzen du ikertzaileak. Lanak jasotzen du gaur gaurko ahots asko daudela eta «askok lehenagoko logika zigortzailea» izaten jarraitzen dutela. Eta hala, legeak zekartzan hainbat berrikuntza bertan behera geratu zirela.
Velteren ustez, horrek erakusten du «gatazka sozialak ez direla inoiz erabat ebazten. Beti dago interesen eta botere harremanen arteko tentsio bat. Dena etengabe negoziatzen da, baina aldi berean denak egiten dio erreferentzia aurrez esan den zerbaiti. Gauzak horrela, diskurtsoaren analisiak, hain zuzen ere, ahalbidetzen digu ibilbide horiek ondo identifikatzen».