Euskal ikerkuntza, egungo erronkei aurrez aurre begira
Eusko Ikaskuntzaren ikerketa sustatzeko eta babesteko programak hiru ikerketa beka banatu ditu aurten. Euskal Herriak hurrengo urteetan izango dituen erronkei begira jarri dira: demografia, zaintza eta euskara.

Erronka potoloak kokatzen, behatzen, arakatzen eta gizarteratzen ahaleginduko dira Eusko Ikaskuntzak emandako bekaren bidez Mihiret Elisa Zarate (Wenj, 2002), Amaia Rodriguez (Eibar, 1991) eta Elene Igoa (Zumaia, 1997). Ikerketa on bat egiteko oinarrizko bi osagai daude beraientzat: baliabide publikoak eta denbora. Pasioz bizi dute egiten dutena, hizketaldi luzea bezain mamitsua izan baitzen.
Pozik jaso zuten berria hiru ikertzaileek, lehendik ere ikerketan bazebiltzan, baina beka honi esker bultzada eta aitortza jaso dutela adierazi dute. Gizarte Langintzako gradua amaitzen ari da Zarate, eta azaldu du eztabaida eta proposamen asko lantzen dituztela ikasgelan baina «hor geratzen» direla. Unibertsitateko lau paretetatik gai horiek ateratzea bera interesgarria iruditzen zaio.
Azken urteak doktoretza egiten igaro ditu Igoak, eta ikerketa gizartearekin estuki lotuta dago beretzat: «Ikerketa aurrerapauso bat da gizartearentzat, erakunde ezberdinek bultzatzea garrantzitsua iruditzen zait, ez bakarrik ikusgarritasuna emateko, baizik eta gizartearen ongizatean eragin zuzena izango duelako».
Euskara Gainerako ikerlariekin ideiak partekatzeko denbora eta baliabide publikoak garrantzitsuak dira Rodriguezentzat. Baina kasu honetan euskaraz ikertzearen balioa nabarmendu du: «Ikerketa euskaraz egiteak ematen dio ikerket ri, ematen dio euskarari, eta jendarte bezala guri ere beste leku bat ematen digu».
Mihiret Eliza Zarate: «Gizarte politiken interesen bateraezintasunak zaintza ez bermatzea dakar»

Zaintza eta gizarte politikak harremanetan ipini nahi nituen», adierazi du Zaratek, bere ikergaiaren inguruan galdetuta, «ez zuzenean zaintza nola ematen den, baizik eta nolakoak diren zaintza bermatzeko erakundeen arteko harreman puntuak». Gradu Amaierako Lanerako egingo duen ikerketa baliatuko du; eta zaintza bermatzeko euskal gizarte zerbitzuek zein gobernantza eredu behar duten erantzuten ahaleginduko da.
Denok izan beharko dugu zainduak eta zaintzaileak, Zarateren ustez. Sarritan familian jartzen den ardura hori gizarte politiken ikuspegitik aztertu nahi du. Hala ere, kritikoa da: «Eremu pribatuan eta familiak berak dohainik egiten dituen zainketei buruzko azterketarik egiten ez denez, ezin da jakin zerbitzu publikoek benetan zer arreta eskaerari erantzuten dioten».
Orokorretik zehaztasunera jo nahi du, eta erakundeen arteko konpetentzien lehiakortasunaren eragin ezkorra azaldu: «Aldundien eta lehen mailako gizarte zerbitzuen artean konpetentziekin dauden harremanek zaintzaren bermea baldintzatzen dute». Usurbilgo zaintza ekosistema ikertuko du konkretuki.
Bere hipotesi nagusia da konpetentzien bateraezintasunen talken ondorioz zaindua izan behar duen pertsonak galtzen duela gehiena: «Hurbiltasunaren eta pertsonalizazioaren alde egiten saiatzen diren arren, dauden interesen bateraezintasunak zaintza ez bermatzea dakar». Are gehiago, Gizarte Zerbitzuetako legea EAEn indarrean egon arren, hau gauzatzeko «lidergo falta nabaria» dagoela ohartarazi du, eta alderdi politikoek arlo honetan egindako proposamenak «generikoak» direla uste du, eta haien artean desadostasunak daudela, gainera. Bere esperientzia pertsonalean ikusi duenaren arabera, sarritan zaintza duinaren bermea «egokitzen zaizun langilearen araberakoa» da, eginbeharrak, paperean, lausoak direlako.
Amaia Rodriguez: «Eskubide linguistikoak ez bermatzean bi aukera daude: frantsesera pasa edo plantoa»

Rodriguezek galdera batekin abiatuko du ikerketa Eusko Ikaskuntzak emandako bekaz: "Ahozko Handia: murgiltze ereduko ikasleen estrategia elebidunak eta herritartasun soziolinguistikoa indartzeko aukera ote?”. Irakaslea da formazioz, eta, zenbait urtez Seaskan lan egin ondoren, sekuentzia didaktiko baten esperimentazioa lantzen dabil bere doktore tesian.
Jasotako bekarekin bere ikerketaren zati bat berrikusi eta, herritartasun soziolinguistikoaren markoan kokatuz, indarkeria sinbolikoaz eta estrategia linguistikoez hausnartzeko baliatuko du. Baxoa frogan Ahozko Handia deitzen den azterketa dago; frantsesez egin beharreko ahozko azterketa da, galdera bat pausatu eta problematika horri erantzun behar diote, hautatutako berezitasunean landutako edukiarekin; edozein ikasgai hautatu dezakete berezitasun gisa, tartean, euskara. Eta horrek azterketa elebitan egitea ahalbidetzen die. «Ematen du hizkuntza eskubide bat izan daitekeela, baina ez, euskara berezitasun bezala hautatu dutelako egin dezakete elebitan», argitu du; ekonomia edo historia aukeratuz gero, esaterako, azterketa osoa frantsesez egin behar dute.
Ikertzaileak aurreratu du haien ibilbidea murgiltze ereduan egin duten ikasleek ez dutela «inolako arazorik euskara eta frantsesa tartekatzeko». Baina jokoan dagoena ez da hizkuntza maila irakasleen ustez, «azterketa ofizial bat marko ofizial frantsesean euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean egiterakoan, egoera komunikatibo bati aurre egin behar diote ikasleek, non beraien hizkuntza eta haien postura hiztun gisa gutxituak izan daitezkeen agian». Eta, beraz, ikasleen hizkuntza eskubideen ahalduntzerako bideak eta estrategia linguistikoak aztertuko dituzte.
Ikasgelan jada lantzen dituztela frogatuta du ikertzaile eta irakasle bezala, baina azterketako «estres egoeran» nola erantzuten duten frogatu nahi du.
Rodriguezen arabera, hizkuntza eskubideak arriskuan egon daitezkeenean, tresnak garatzeko aukera ekarriko luke ariketak.
Bere ustez «ispilu bat» izan daiteke azterketa hori. «Iruditzen zait euskaldun gehienoi gertatu zaigula, bereziki testuinguru formaletan, bermatuta behar luken eskubide bat ez dagoela bermatuta frogatzean, bi aukera ikustea: espainolera edo frantsesa pasatu, ezer gertatuko ez balitz bezala, edota planto egin; eta bi aukerak dira guztiz zilegi».
Indarkeria sinbolikoaren eta hizkuntz eskubideen urraketen inguruan zentratuko bada ere, ikertzailearen ustez, «indarkeria batean trebatzen bazara, bizitzan gertatu dakizkizukeen edo zuk beste batzuengan egindako indarkeriez izango duzun perspektiba ere bestelakoa izango da»
Elene Igoa: «Beherakada demografikoak eragin zuzena du lan merkatuan»

Psikologoa da formakuntzaz Igoa, eta erakundeen psikologian espezializatuta dago. Beherakada demografikoak erakundeen jakintzaren kudeaketan nola eragiten duen aztertzen dihardu bere doktoretza tesian.
«Beherakada demografiko handi bat jasaten ari gara Euskal Herrian, eta eragin zuzena du lan merkatuan», ohartarazi du. Hurrengo bost-hamar urteetan “Baby boom” belaunaldiko langileak erretiratzen hasiko direla azaldu du, «eta kontuan hartuta belaunaldi honen joera beraien bizitza laboral osoan erakunde berberean egotea izan dela, hauek erretiratzen direnean jakintza hori guztia badoa». Eta, beraz, hurrengo bost-hamar urteetan, estrategiarik garatu ezean, nolako eragina izango duen aztertu gabe dago.
Horregatik, «belaunaldien arteko oinordekotza prozesuak sustatzea» interesgarria dela ondorioztatu du, eta ikerketan zehar erakunde ezberdinak zein egoeratan dauden eta nolako estrategiak garatu ditzaketen landu nahi du. «Ikerketek esaten dute erakundeek badakitela egoera hau badatorrela eta kalte egingo diela, baina askotan ez dute astirik halako prozesuak abiatzeko», adierazi du.
Erakunde motaren arabera, prozesua asko aldatu daitekeela kontatu du: azpiegiturak, eskaintzen duten zerbitzuak edo produktuak zein tamainak eragiten du. Egokiena, hala ere, jakintzaren transmisioa egunerokotasunean txertatzea dela uste du, «eta ez itxarotea langileak erretiratu arte». Bide horretan, iruditzen zaio digitalizazioa egoki erabiltzeko bideak landu behar direla: «Prozesu batzuk lagundu ditzake».
Lan merkatuan nabarmendu eta merkatuaren lehiakortasunerako ere egokia dela esan du ikertzaileak; baita langileentzat ere: «Langileen ongizatea bermatu eta urteetan egindako lana neurtzeko balio du, jakintza ez baita batena, askorena baizik, eta zenbat eta gehiago partekatu, hobe».

Otsagabia, el pueblo de trashumantes que se ha quedado sin carnicería

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

Diputación presenta un proyecto para acabar con «el mayor foco de atascos» de Gipuzkoa

Israelen «genozidioaren aldeko hautuaren» aurka manifestazio nazionala, larunbatean Donostian
