Gorabeheren gainetik, Lointek Gernika Bizkaia Emakumeen Kopan urruti iristeko prest dago
Inor baino arinago lehiatuko dira bizkaitarrak, ostegun arratsaldean, Emakumeen Endesa Ligako liderra den Gironaren aurka. Duela bi urte bizkaitarrek talde katalana gainditu bazuten, zergatik ezin da berriz gertatu? Gernikak bere akatsak zuzenten asmatzen badu, izango ditu amets egiteko aukerak.

Ez daude Emakumeen Endesa Saskibaloi Ligako euskal taldeak kukurruku askorik jotzeko moduan, baina liga txapelketak atseden hartuko duen asteburu luze honi begira, ostegunetik igandera Emakumeen Kopa jokatuko da Zaragozan eta Lointek Gernika Bizkaia izango da beetan parte hartuko duen euskal talde bakarra.
Ondo kostata, aurreneko itzuliko azken partidara arte borrokan, baina lortu zuten azkenean Lucas Fernandezek zuzentzen dituen emakumeek Ligako Top 8 horretan muturra sartzea. Ez da gutxi taldearen gaztetasuna, eskarmentu falta eta aurreneko itzulian jasandako gorabeherak –Mikesell eta Soltau jokalariek azaroan «ihes» egin izana, batik bat– tarteko.
«Denbora asko pasa da aurreneko itzulia amaitu zenetik Kopara iritsi garen arte, baina, behintzat, ilusioz kargatuta joateko aukera ematen digu horrek», dio Lucas Fernandezek Maloste kiroldegian Zaragozara abiatu bezperetan –asteazkenean joango dira Aragoi aldera– eskainitako «Media Day» delakoan.
Kopako aurreneko partida jokatzea dagokie bizkaitarrei: ostegunean 18.30etan egun Emakumeen Ligako lider den Girona talde katalanaren aurka. «Talde gogorra da eta edonolako partida izanda ere, begietara begira jokatu behar diegu. Oraindik goiz da zer-nolako partida jokatzea komeni zaigun zehatz esateko, baina bai da egia partida bizia zein gogorra planteatu, 40 minutuetan topera jokatu beharko dugula. Esateko modu bat da, baina aurkarien gainetik pasatzera joan behar dugu egiaz aukerarik izango badugu», dio Elena Buenavida eskolta kanariarrak, Lointek Gernika Bizkaiak aukerarik izango badu giltzarri izango den jokalarietako batek.
Emakumeen Ligako azken norgehiagokan ez zuen lan onik egin talde gernikarrak. Ezustean Emakumeen Eurocupeko finalera sailkatu den Ferrolen etxean 80-56 galdu zuten Lucas Fernandezenek; hain zuzen, Kopara begira, Zaragozako hitzordutik kanpo laga zituzten aurreneko itzulian bizkaitarrek galiziarrak. Alegia, Kopara sailkatu ez den talde baten kontra egurra jasotzetik datorren taldeak Kopa irabazteko faborito bati irabazi behar al dio?
Zergatik ez? «Kopan denetarik pasa liteke», dio Itziar Ariztimuño antolatzaile eta kapitainak. «Ferrolen ez ziren gauzak nahi bezala atera, baina Kopa beti da berezia eta edonork edonori irabaztea posible bihurtzen da», gogorarazten du antolatzaile bilbotarrak.
Ez da urrunegi joan behar Ariztimuñok dioena hala dela ziurtatzeko. Duela bi urte Lointek Gernika Bizkaiak Girona mendean hartu zuen Zaragozan jokatu zen Kopa hartako final-laurdenetan. Egia da talde katalanak lesioen erruz hutsune asko izan zituela 2023ko hitzordu hartan, baina egia da, halaber, bizkaitarrek partida beti kontrolpean izan zutela, talde lan bikain bati esker 65-79 nagusituz.
Aurtengo ligan bizkaitarrek berdin Malosten nola Fontajau pabiloian, bietan galdu dute Gironaren aurka. Alabaina, bietan izan dituzte irabazteko aukerak. «Ez gara urruti ibili, etxean bereziki. Talde bikaina eta sendoa dute, Vivi Pierre Louis, Ygueravide, eta abarrekin, baina guk neurketa bietan erakutsi genuen lehiatzeko gaitasuna badugula, beti ere gaitasun hori 40 minutuetara luzatuz gero», azpimarratzen du Buenavidak.
«Talde gaztea gara, baina lehiakorra, era berean», dio Lucas Fernandez entrenatzaileak. «Agian neu gero eta zaharragoa naizelako, gero eta jaramon gutxiago egiten diot zentzu horretan taldearen nortasun agiriari. Denboraldia hasi denetik hona ikusten ari gara taldea egoera zail ezberdinei aurre egiteko kapaz dela, are gehiago mailaz igotzen ari den liga txapelketa honetan. Nire kezka eta betebehar nagusiena, beraz, ez da Gironaren kalitatea azpimarratzea edo taldea lasaitu edo mentalizatzea, gure jokalariek partidarako plana 40 minutuetara luzatzea baino. Honek zera esan nahi du: jakina da partida bakoitzean momentu onak eta estuasunez beterikoak daudela. Bada, taldeak une on zein txar horietan beti erabaki onak eta zuzenak hartzeaz arduratu behar dut, partidaren amaierara iristean aukerak izan ditzagun», gaineratu du.
Jaurtiketa eta buru argitasuna
«Ferrolen aurkako partida ikasgaia izan behar da guretzat», dio Ane Olaeta antolatzaileak. «Zonakako defentsa egin ziguten eta ez ginen eroso aritu sekula ere. Ez da bakarrik kanpotik ez genuela asmatu–19tik 5 baino ez zuten asmatu, ia denak 22 puntu saskiratu zituen Laura Westerik Herbeheeretako jokalariaren eskutik–, baizik eta baloia bera ez genuela behar zen moduan mugitu eta, beraz, asko kosta zitzaigula jaurtiketa egokiak bilatzea», gogoratu du Gernikan jaiotako antolatzaileak.
Duela bi urte Elena Buenavida oso ezagun egin zen 19 urtez azpiko Munduko Txapelketako finalaren bezperan. Espainiako selekzioak Amerikako EstatuBatuetako selekzio boteretsuaren aurka jokatu behar zuen, eta bere taldekide gehienak zilarrezko domina erdiestearekin konforme bazeuden, Tenerifeko eskoltak bazuen beste pentsamendurik. «Garaipenean sinisten ez duen hori, doala harmailetara!», zioen. Final hura amerikarrek irabazi zuten azkenean, baina 69-66 izan zen azken emaitza eta azken segundora arte espainiarrek sekulako buruko minak sortu zizkieten, neurri handi baten Buenavidak egindako lan bikaina zela-eta.
Kopara begira, Valentzia Basketek utzita Gernikan ari den jokalariak –Awa Fam pibota ere hala ariko da– garbi dauka, beldurrik ez dela izan behar aurkariek kanpotik jaurtitzeko "gonbita" eginda ere. «Egia da tarteka denak sartzen ditugula eta tarteka denak kale egin, baina kontua ez da hori: kontua da borrokarako prest egon behar dela eta kanpotik jaurtitzea tokatzen denean, ez zaiola muzinik egin behar. Horrela ulertu behar dugu lehiakor izango bagara», azpimarratu du.
Ane Olaeta da, Laura Westerik eta Kendra Chery hegalekoekin batera, gernikarren kanpoko jaurtiketaren erreferente nagusienetako bat. Antolatzailea izanik, jokalari bizkaitarrak aurretik egiten den lanari damaio garrantzia eskerga. «Ez nuke esango jaurtitzaile txarrak garenik, baina gakoa ez dago hainbeste sartzean edo ez sartzean, baizik eta baloia behar bezala mugitzean baino. Hori lortzen dugularik jaurtitzaileak bakarrik eta eroso botatzeko moduan aurki ditzakegu eta eroso jaurti badezakegu, kasu horretan nik uste kapaz garela portzentaje altuarekin saskiratzeko», adierazi du.
Horregatik, Olaetaren hitzetan «norbere buruari» begiratzea da taldearen lehentasuna. «Girona aintzat hartu behar da, jakina, ez da alperrik Emakumeen Ligako liderra, baina lehenik gure buruan jarri behar dugu fokua, gure eskuan dauden gauzak ahalik eta ondoen eginaz», dio.
Zentzu horretan lehiaketako lehenengo partida jokatzea mesedegarri izan liteke? Alegia, Gironak izanik final-laurden hori irabazteko faboritoa, katalanak «hotzean» harrapatzea –eta Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarra ez dagoela, zazpi partidako zigorraren azken eguna hain zuzen Gernikaren aurka beteko duelako– posible ote da? Buru adina aburu hemen ere. «Hori ez dago gure eskuan, eta beraz, kontrolatu ezin dugunari nahiago dut jaramon handiegirik ez egin», dio Elena Buenavidak.
Ane Olaetak beste iritzi bat du. «Ona bezain txarra izan liteke. Txarra, guk nahiko genukeen adina zale ez ditugulako animatzen izango –100 abonutik gora saldu ei dizkie talde bizkaitarrak bere zaleei, baina gehiago ere izateko itxaropena azaldu du Gerardo Candina presidenteak–, baina gure jokoarentzat ez da zertan txarra izan. Gainera, finalerdietara sailkatuz gero —Valentzia Basket eta Jairisen arteko garailean izango luke aurkari, larunbat eguerdian– gure zangoentzat mesede baino ez, ostiralean atseden hartzerik izango genukeelako».
Itziar Ariztimuño da guztietan eskarmentu handiena duen jokalaria. «Kopan edozer gerta liteke beti. Berdin dio Girona denboraldi ona egiten ari bada ere; Kopa lehiaketa ezberdina da eta guk gure aukeretan baino ezin dugu pentsatu, aurkariaren ibilbideari tokatzen dena baino atentzio gehiago jarri gabe», dio jokalari bilbotarrak.
Nerea Hermosari begira
Emakumeen Kopan ariko diren euskal jokalari ia guztiak Lointek Gernika Bizkaiarekin ariko dira. Ia guztiak, Nerea Hermosa gasteiztarrak Zaragoza etxeko taldearekin jokatuko baitu. Eta urrutira iristeko abagune aparta dauka.
Hasteko, final-laurdenetan azken aldian gainbeheran doan Kanaria Handia izango du aurkari Aragoiko taldeak. Gauzak ondo, Hermosa eta bere kideek aurrera egin beharko lukete eta finalerdietan Perfumerias Avenida izango lukete aurkari, Salamancako taldeak Joventuten aurka pronostikoak beteko balitu, behintzat.
Eta finalerdietan Nerea Hermosaren taldeak Perfumerias Avenidari irabazteko aukera aparta izango luke. Hasteko, duela bi urte, Zaragozan hain justu, Aragoikoek Kopako finala irabazi zieten Salamancakoei, Gracia Alonso de Armiño bilbotarraren partida bikainari esker, besteak beste. Bestalde, urtarrilaren amaieran Zaragozan 72-64 irabazi zion Perfumerias Avenidari, Mawuli japoniarraren 20 puntuei esker eta baita Nerea Hermosak hartu zituen 8 erreboteei eta defentsako lanari esker ere. Nondik edo handik, euskal saskibaloiak zeresanik eman nahi du Emakumeen Kopan.

Otsagabia, el pueblo de trashumantes que se ha quedado sin carnicería

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

BEC erromeria plaza bihurtu du En Tol Sarmientok

Diputación presenta un proyecto para acabar con «el mayor foco de atascos» de Gipuzkoa
