Nagore Belastegi
DONOSTIA
Interview
Aitziber Otegi
Furgobaratzako arduraduna

«Baratzea dutenak lehen jaten ez zituzten barazkiak jaten hasten dira»

Baratze parkeak sortu zirenetik Ekogunea eta Kimubatekin elkarlanean aritu dira udaletxeak. Kimubatek duela hamar urte inguru jarri zuen martxan Furgobaratza ekimena, herriz herri landare eta hazi ekologikoez josita dabilen furgoneta, baratze parkeko erabiltzaileei barazkiak nola landu irakasteko.

Aitziber Otegi, erdian, baratze parkeko erabiltzaileei azalpenak ematen.
Aitziber Otegi, erdian, baratze parkeko erabiltzaileei azalpenak ematen. (NAIZ)

Apirilean abiatuko du Kimubaten Furgobaratzak bere urteroko bira, eta urrira arte herriz herri ibiliko da, baratze parkeetako kideei doako laguntza eskaintzen. Aitziber Otegi da naturarekin harreman zuzena duen ekimen honen arduraduna.

Zein zerbitzu eskaintzen du Furgobaratzak?

Baratze parkeetara joaten gara, eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu. Edozein zalantza dutela, guregana gerturatu daitezke, bai baratze parkeko kideak bai kanpokoak. Bertan badago, bere baratzea ikustera joan gaitezke eta dituen arazoak konpontzen lagundu. Batzuetan tailerrak eskaintzen ditugu, baratzeetan bertan. Tailer horietara edonor etor daiteke, irekiak dira, ez da zertan izena eman. Era berean, landare sorta ekologikoa eramaten dugu, nahi duenak erosi ahal izateko.

Tomateen zaintza ez omen da erraza gurean. Zer egin dezakegu hezetasun handiko lurralde batean ondo hazteko?

Araban eta Nafarroan errazagoa da, baina kantauriar isurialdeko klima dagoen lekuetan irtenbidea kontzientzia izatea eta asko zaintzea da. Bereziki, landareei distantzia eman behar zaie, ondo aireratuta egon behar dute, txupoiak kendu behar dira... Landareak oso pilatuta badaude, hezetasuna sortzen da eta gaitza harrapatzeko arriskua dago. Tratamenduak ere behar dira, ahalik gutxienak eta ondo pentsatuta noiz emango ditugun. Bestela oso zaila da lortzea. Kontuan izan behar dugu kantauriar isurialdean tomateak beti egongo direla erdi kili-kolo.

Berotegien erabilerak prozesua erraztuko luke?

Baratze parkeetan ez dute aukerarik berotegia jartzeko (ingurumen eta estetika arrazoiengatik). Berotegiekin landareak ez direnez bustitzen, gaitza harrapatzeko arrisku gutxiago dago. Berotegirik ez badugu, estalpe bat jar dezakegu. Kanpoan hazitakoak hobeak dira, baina ez nuke esango alde handirik dagoenik.

Norberak landatutakoa goxoagoa dagoela iruditzen al zaigu?

Baratzeko tomateak, dendakoen aldean, oso goxoak egoten dira, baina gainera zuk sortzen dituzun unetik gogo askoz gehiagorekin jaten dituzu. Esango nuke baratzeetan hasten den jendea, lehen jaten ez zituen barazkiak jaten hasten dela. Berdura gehiago eta gogo gehiagoz jaten hasten da.

Ekologikoki ekoitzitako barazkiek, objektiboki, zapore askoz indartsuagoa izaten dute. Gure baratzetik jateko momentuan hartzen ditugu. Gainera, produktu gutxi eta ekologikoak erabiltzen dira, eta horrek gure osasunean duen inpaktua desberdina da. Ez gara kontziente zenbat produktu botatzen zaizkion erosten dugun barazki askori.

Zein modutan kontrolatu daiteke izurrite bat modu ekologikoan?

Naturan, zomorro batzuek beste batzuk jaten dituzte. Hori bultzatzeko asmoz, zomorro onuragarriak eros daitezke -amona mantangorriak zorria jaten du, bereziki bere larbak-, baina metodo hori ekoizpen handietan erabiltzen da gehiago. Baratze txikietarako ez ditugu zomorroak erosiko, baina bai saiatuko gara naturatik gertu egoten, zomorro onuragarriak modu naturalean erakartzeko. Hortaz aparte, badaude produktuak izurriteei aurre egiteko. Baratze ekologikoa dugunean izurriteak izaten baditugu ere, baratze konbentzionaletan baino suabeagoak izaten dira, eta horregatik erabiltzen ditugun produktuak ere suabeagoak izaten dira. Gurean zorria, tomatearen gorrina, euli zuria, harrak... egoten dira. Ez dira hainbeste eta gainera erraz kontrolatzen dira.

Landare aromatikoak eta loreak ere erabil daitezke. Loreek erleak erakartzen dituzte, eta landare aromatikoek duten usainagatik laguntzen digute izurriteak sortzen dituzten zomorroak uxatzen. Ez du sekulako efektibitatea, baina laguntzen du. Gainera, landare aromatikoak erabili ditzakegu jateko, ukenduak egiteko eta beste zenbait gauzetarako.

Eta neguan zer?

Badaude manta termikoak neguan landareak goxoago egoteko erabiltzen direnak, baina oinarrizkoa da garaian garaikoa landatzea. Letxuga edo kalabazina neguan jartzen baduzu, ez zaizu haziko. Neguan porruak izan nahi baditugu, ez ditugu abenduan landatuko, irailean edo urrian baizik. Hori dela eta, neguko baratzearen tailerra egin ohi dugu, jendeak ikasteko neguan baratzea beteta izateko lanak lehenago egin behar direla.

Eguraldia aldatzen ari da, baina uste dut jendeak ere presa izaten duela gauzak jartzeko. Lehen tomatea jartzen hasten zen apiril amaieran edo maiatz hasieran. Eta orain, apiril hasieran astebete eguraldi ona egiten badu, jende guztia landatzen hasten da askotan. Baina astebete ona egin arren, litekeena da gero hotza eta euria etortzea, eta landareak sufritu egiten du. Pazientzia handiagoz landatu beharko genuke.

Letxugak eta zerbak, edonon hazteko aproposak

Ez dugu zertan baratze bat izan guk geuk ekoitzitako barazki ekologikoez gozatzeko. Izan ere, badaude landare batzuk etxean bertan landatu ditzakegunak. «Loreontzi luze horietako batean zerbak eta letxugak jar ditzakegu. Barazki batzuek ez dute sakonera handiko loreontzirik behar, baina beste batzuek bai: tomateak, kalabazinak... bolumen gehiagoko loreontzia behar du. Loreontzi handiak eta txikiak konbinatu ditzakegu. Piperrak tamaina erdiko batean landatu daitezke. Orokorrean, hostoko landareek leku gutxiago behar dute fruitua dutenek baino», argitu digu Aitziber Otegik.

Hain justu, aipatu dituen barazki horiek dira baratzean hasiberrientzat errazenak. Hala ere, bere iritziz landareak ez dira zailak, baina baratzeari denbora eskaini behar zaio. «Askotan pentsatzen dugu landatu, ura bota eta listo izaten dela, eta aholku bezala hasiberriei esango nieke garrantzitsuena dela landareak ondo hazteko lurra ondo egotea. Lurra gogorra eta konpaktatua badugu, landareak ez dira ondo hazten. Horregatik, landatu aurretik lurra ondo harrotu eta landatu ostean ere baratzean egin behar den lan gehiena da astero lur guztia ondo aitzurtzea, lurra harrotuta mantentzeko. Jendeari ahaztu egiten zaio hori egitea, eta ura botatzen dio, ongarriak botatzen dizkio, baina landareak ez dira ondo hazten, eta arrazoia lurra gogortuta dagoela da».

Ongarririk onenak organikoak dira, dendan erositakoa edo simaurra edo konposta. Ongarri kimikoak, kontrara, ez ditu batere gomendatzen.