1512-2012
Duela 500 urte Nafarroako Erresumak independentzia galdu zuen eta Gaztelaren menpe gelditu zen. Urteurrena gogoratu eta 1512koa konkista bortitza izan zela aldarrikatzeko, Nafarroa Bizirik ekimenak ekintza eta ekitaldi ugari antolatu ditu urtean zehar. Garrantzitsuena: ekainaren 16an Iruñean egingo den martxa nazionala.
«Berdinen arteko batasuna» edo «bateratze zoriontsua» bezala deskribatu du historiografia ofizialak Gaztelako eta Aragoako armadek 1512an gauzatutako Nafarroako Erresumaren konkista. Urte hartan, Albako Dukeak gidatutako soldaduek herri nafarrak arpilatu, Iruñearen kapitulazioa lortu eta Pirinioetatik hegoaldera zihoan Erresumaren zatia Gaztelaren menpe jarri zuten, hiru mende lehenago mendebaldeko herrialdeekin egin zuten bezala.
500 urte beranduago, historiografia ofizialaren garaipena sendoa da nafar askoren gogoan. Hala islatzen da Nafarroako PPren printzipioetan. Bertan irakur daiteke 1512ko gertaerak espainiar erresumen behin betiko topaketa suposatu zuela. UPNk, bere aldetik, kutsu handirik gabeko anexio bat bezala azaltzen du konkista bortitza.
Azken mendean, aldiz, historiografia alternatiboa garatu da. Konkistaren izaera bortitza eta behartua azpimarratzen da bertan, hala nola herri nafar batzuen erresistentzia eta 1515 eta 1521eko kontraerasoak. Modu honetan, lan historiografiko sakonek kolokan jarri dute bertsio ofiziala.
Lan horiek oinarritzat hartuta, nafar Erresumaren subiranotasunaren galeratik 500 urte betetzen direla, herri mugimendu bizia piztu da Euskal Herrian, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren babespean. Plataforma horrek hamaika ekintza eta ekitaldi bultzatu ditu azken urteetan, Gaztelarena konkista bat izan zela aldarrikatzeko eta ez, inondik inora, «anexio baketsua».
Horretarako, besteak beste, mendi martxa ugari antolatu dira Euskal Herrian zehar Nafarroako Erresumaren gazteluak altxatzen ziren lekuetara. Sinbolikoenak agian Amaiurko gazteluan egindako ekitaldiak izan dira, hau izan baitzen nafarrek 1522an galdutako azken gotorlekua. Memoria hura sendotzeko, azken urteotan Aranzadi elkarteak lan arkeologiko sakonak egin ditu Baztanen, Amaiurko gazteluaren aztarnak begibistan utziz. Urteurrenaren beste ekimen bat izan da, hain zuzen ere, herri horretako gotorlekuaren maketa eraikitzea, oinarritzat lan arkeologikoak hartuta.
Nafarroa Bizirik ekimenak antolatutako ekitaldiek ekainaren 16an izanen dute egun nagusia Nafarroako hiriburuan. Larunbat horretarako Nafarroako etxe guztietara helarazi nahi duten egunkari bat prestatzen ari dira. Herri bazkaria, kontzertuak eta erakusketak ere antolatu dituzte. Baina ekitaldi garrantzitsuena Iruñeko kaleak beteko dituen martxa nazionala izanen da, euskal memoria historikoa aldarrikatzeko aukera paregabea.