INFO

EPPKren adierazpenean «ez dago ezer berririk», Fernandez Diazen ustez

Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolaren iritziz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) asteburuan plazaratu duen adierazpenean «ez dago ezer berririk». ETArekin ez duela negoziatuko nabarmendu du.


Jorge Fernandez Diazi EPPKren eztabaidaren ondorioen berri galdetu diote gaur. «Betikoa da. Ez dago ezer berririk», erantzun du.

Barne ministro espainolak esan du PPren Gobernuak ez duela ETArekin negoziatu eta ez duela negoziatuko, ezta presoekin ere.

Euskal presoen kolektiboan zatiketarik dagoen galdetuta, ez dela horretan sartuko eta ez duela baloraziorik egingo adierazi du. «Ezagutzen ditugu [zatiketak] informazio ona dugulako eta badakigu nola dagoen, baina ez naiz eztabaida horretan sartuko», esan du.