INFO

Alduntzinek «alarma egoera zabaldu nahi izatea» egotzi die GHK utzi duten PSEko bi kideei

PSEko kide diren Denis Itxaso eta Arcadio Benitezek GHK-ko Administrazio Kontseilua utzi izana «errespetatzen» duela esan du bertako lehendakari den Juan Karlos Alduntzinek.

Juan Karlos Alduntzin, GHK-ko lehendakaria, Sanmarko eta Urola Erdiko mankomunitateko lehendakariekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Denis Itxaso eta Arcadio Benitez PSEko kideek Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako Administrazio Kontseiluan jarraitzeari uko egin zioten atzo. Erabaki horren harira, bertako lehendakari den Juan Karlos Alduntzinek erabakia «errespetatzen» duela adierazi du.

Alduntzinek aipatu duenez, PSEko kideak Administrazio Kontseiluan egotea bertako gehiengoa zuen Bilduren erabakia izan zen, «beste sentsibilitate politikoak ordezkatuak egon zitezen».

Kargua uztearekin «alarma soziala» zabaldu nahi dutela adierazi du, «herritarrak aztoratzeko helburua duen alarma».

Bestalde, PSEko kideak kritikatu ditu GHK-ko lehendakariak. Haren arabera, ez dute «inolako» ekarpenik egin hilabete hauetan, «oztopoak baino ez dituzte jarri, arazoak jarri eta alarma zabaldu besterik ez dute egin», Alduntzinen arabera.

GHK-ko Administrazio Kontseilua egoerari konponbidea aurkitzeko lanean ari dela aipatu du eta irtenbide egoki bat aurkitzeko ahaleginak egingo dituztela aurreratu du, «gipuzkoarrek ez dezatela inolako zalantzarik izan», berretsi du.