INFO

Murrizketen aurka kalera ateratzeko deia egin du Amaiurrek

Amaiurrek dei egin die Hego Euskal Herriko herritarrei Gobernu espainolak onartu dituen murrizketen aurka kalera atera daitezen eta beste eredu sozioekonomiko bat posible dela aldarrika dezaten. Lakuako Gobernuak «herri bezala» erantzuteko gaitasunik ez duela nabarmendu du.

Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo, gaur Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi Amaiurko diputatuek gehiengo sindikalak antolatu dituen mobilizazioetan eta EH Bilduk larunbatearko Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, Donostian eskaini duten agerraldian.

Amaiurren ustez, «kalera ateratzeko eta beste eredu sozioekonomiko bat posible dela aldarrikatzeko garaia da; euskal  herritarron hitza era erabakia errespetatua izan dadila eskatzeko; Euskal Herriak eskubidea duela bere kabuz krisi honetatik ateratzeko; argi eta ozen adierazteko burujabetza politiko, ekonomiko, finantziero eta soziala ezinbestekoak direla politika solidario eta zuzenak aurrera eramateko».

Bihar Kongresu espainolean onartuko diren dekretuak «guztiz onartezinak» dira Amaiurren iritziz, izan ere, «nor da Estatu espainiarra euskal herritarrei agintzeko zer nolako aurrekontuak onartu behar ditugun? Nor da Espainia esateko euskal jendarteari zer egin behar dugun gai ekonomiko eta sozialetan?», galdetu dute Aristegik eta Errekondok.

Koalizio abertzalearen irudiko, «porrot egin duen Estatu baten aurrean gaude, bai sozialki, pollitikoki zein ekonomikoki», eta egoera horren aurrean dei egin die Hego Euskal Herriko herritarrei Gobernu espainolak onartutako murrizketen aurka ager daitezen.

«Bada garaia Euskal Herriak bere burujabetza osoa agertu eta bere bideari ekin diezaion», esan dute.

Murrizketen aurrean Patxi Lopezen Gobernuak «herri gisa» erantzuteko «nahikoa gaitasunik» eta «legitimitaterik» ez duela dio Amaiurrek, «are gutxiago azken sententzien ondotik», eta horregatik udazkenean hauteskundeak izango direla uste du.