Xabi Fernandez eta Iker Martinez izango dira lehiatzen lehenak euskal kirolarien artean
Xabi Fernandez eta Iker Martinez izango dira gaurko egunean lehenak lehiatzen euskal kirolarien artean. Samuel Hernanz eta Jonathan Castroviejok dominaren bat irabazteko lehiatuko dute, nahiz eta oso zaila izango duten.
Atzetik aurrera egiten ari diren Xabi Fernandez eta Iker Martinezek Olinpiar Jokoetako hirugarren jardunaldia lehiatuko dute gaur eguerdiko 13.00etatik aurrera. Lehenengo jardunaldian eskas hasi baziren ere, atzokoan egoerari buelta eman eta zortzigarren postuan kokatu ziren sailkapen nagusian.
Bestalde, Samuel Hernanz piraguistak final erdiak lehiatuko ditu eta finalera helduko balitz gaur bertan izango luke.
Jonathan Castroviejo txirrindulariak bere espezialitatea den bakarkako erlojupekoa lehiatuko du. Postu on bat egitekotan izango da, baina zaila izango du dominak lortzeko denboretara gerturatzea. Tourreko garailea izan zen Bradley Wiggins da erlojupekoa irabazteko hautagaietako bat.
Futbol eta eskubaloi partidak ere izango dira gaurkoan. Espainiako futbol selekzioa txapelketatik kanpo da jada eta gaur jokatuko du bere azken partida Marokoren aurka. Eskubaloiko nesken taldea, berriz, partidarik irabazi gabe da oraingoz eta hurrengo faserako sailkapena lortzeko irabazi beharra dauka gaurko partida.
Olinpiar Jokoen nondik norako guztiak jarraitzeko sartu NAIZen webgune berezian.