INFO

Gipuzkoak 50.000 euro emango ditu Saharako elikadura krisia leuntzen laguntzeko

Gipuzkoako Aldundiak 50.000 euro emango ditu Mendebaldeko Saharako kanpamentu eta lurralde askatuetako elikadura krisi larria leuntzeko. Krisi ekonomikoak nazioarteko elkartasunean duen eragina dela-eta, elikagaien eskaera hazi egin da.


«Urtarrilaz geroztik, Saharar Ilargi-Erdi Gorriak ohartarazi du elikadura krisi larria pairatzen ari direla Mendebaldeko Saharako kanpamentu eta lurralde askatuetan: batetik, nazioarteko erakundeen ekarpenak murriztu egin direlako eta ez dutelako biztanleen oinarrizko elikadura beharren %50 ere betetzen; bestetik, lehorteak kanpamentuetan bizi diren familia nomaden abere asko hil dituelako», azaldu du Arantzazu Santos Kooperazio zuzendariak.

Adierazi dutenez, krisialdi ekonomikoak Sahararekiko nazioarteko elkartasunean duen eraginaren ondorioz, elikagaien eskaera hazi egin da. Izan ere, udaldia kanpamentuetatik kanpo igarotzen duten haurren kopurua gutxitu egin da eta baita atzerrian ikasten duten ikasleen kopurua edo kanpamentuetako eta familien eta komunitateen baratzeetarako diru laguntzak ere.

largi-Erdi Gorriak Gipuzkoako Foru Aldundiari esker eskainiko duen larrialdiko laguntza kanpamentuak arroz eta ekilore olioz hornitzeko izango da, horiek baitira saharar biztanle errefuxiatuen dietaren oinarrizko elikagaietako bi. Saharar Ilargi-Erdi Gorria arduratuko da elikagai horiek biztanleen artean banatzeaz. Foru erakundearen laguntza hori gehituko zaie euskal gizarteak aurtengo euskal karabanaren bidez egingo dituen ekarpenei.

Alabaina, Santosek gogorarazi du «laguntza humanitarioa beti izango dela eskasa, behin betiko konpondu arte sahararren erbestea eragin zuen gatazka politikoa, hau da, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu izana, Espainiako Erresumaren oniritziarekin».