INFO

Sakabanaketa politikari bere gaitzespena adierazi dio Zizurkilek

Mikel Egibar eta haren senideei elkartasuna adierazteko asmotan, presoen eskubideen alde eta egun aplikatzen den sakabanaketa politikaren aurkako mozioa onartu du Zizurkilgo Udalak. Ondoren, elkarretaratzea ere egin dute.

 

Zizurkilen burututako ezohiko udalbatza. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Aste honetan, bisita batetik bueltan istripu larria izan zuten Mikel Egibarren senideei elkartasuna adierazteko ezohiko udalbatza egin dute Zizurkilgo Udalean, bertakoa baita Egibar.

Bertaratu diren zazpi udal ordezkariek –Bilduko 6 eta EAJ-ko 1– aho batez onartu duten mozioan, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko eskatu dute. Hala nola, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea.

Era berean, herritarrei dei egin diete aipatu gaiaren inguruan egiten diren mobilizazioetan parte har dezaten eta «ezberdintasun politiko guztien gainetik, giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek hain beharrezko duen euskal preso eta iheslarien eskubideen alde beraien ahalegina egin dezaten».

Ondoren, sakabanaketa politika arbuiatzeko eta Egibarren senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute.