Urkulluk ez du uste Lopezek egia dioenik EH Bildurekin itunik ez duela sinatuko esatean
Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak zalantzan jarri ditu Patxi Lopezen hitzak, honek EH Bildurekin itunik ez duela egingo esan eta gero. «Krisi ekonomikotik irteteko, normalizazio politikorako eta autogobernuan sakontzeko» lan egingo duela ere aurreratu du.
Cadena Ser irratiari eginiko deklarazioetan, zalantzan jarri ditu Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak Patxi Lopezen hitzak, honek urriaren 21eko hauteskundeen ostean EH Bildurekin ez zuela itunik sinatuko esan baitzuen, «PPrekin gauza bera esan zuen eta azkenean ituna sinatu zuten», aipatu du Urkulluk.
Hauteskundeen osteko koalizioko gobernuen inguruan ez du hitzik egin nahi izan eta, «emaitza guztien gainetik», EAJk «krisi ekonomikotik irteteko, normalizazio politikorako eta autogobernuan sakontzeko» lan egingo duela aipatu du.
Hala eta guztiz ere, ez du ukatu gai ekonomikoetan PPrekin paktuak egitea eta subiranotasun kontuetan, aldiz, EH Bildurekin elkartzea.
Patxi Lopez lehendakariarekin azkenengoz apirilean hitz egin zuela ere esan du.