Uribetxebarriak kalean egon behar duela azpimarratu du Garitanok
Euskal gizarteak Iosu Uribetxebarria aske uzteko eskakizunarekin bat egin duela nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta dagoeneko kalean egon behar zuela adierazi du.
Iosu Uribetxebarria eta gainontzeko preso gaixoak aske uzteko eskatuz Donostiako ospitalearen aurrean burutzen ari diren ekimenarekin bat egin du Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok.
Arrasateko preso politikoak dagoeneko aske egon beharko lukeela adierazi du. Ildo horretan, euskal gizarteak Uribetxebarria aske uzteko eskakizuna babestu duela nabarmendu du eta eskubide guztiak errespetatuak izan daitezela eskatzen duela ere azpimarratu du.
Asteburu osoan zehar hainbat ekimen antolatu ditu Herrirak hainbat herritan Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko. Donostian esaterako, 32 orduko baraualdia egin dute ospitale aurrean eta arratsaldean bukatuko dute.
Uribetxebarriaren kasua ohiartzuna izaten ari da nazioartean ere. Askapenak ezagutzera eman duenez, hainbat herrialdetan ekimen ezberdinak egin dituzte bere kasua salatzeko. Argentina, Londres, Sahara, Bolibia eta Dublinen Arrasateko presoa askatzea eskatu dute.
Zaintza epaitegiak datorren astean erabaki beharko du Arrasateko presoaren egoeraren inguruan Auzitegi Nazionaleko medikuaren txostena jaso ondoren. Uribetxebarriak minbizia dauka eta ekimen andana burutu dira azken hilabetean beren askatasuna eskatuz.